Alejandra Leon Ramos: “Nire seme-alabekin kezkatuta, nire burua ahaztu nuen”

prestaldizkaria 2015ko aza. 4a, 08:45

Txileko Talca hiritik etorri zen duela ia 14 urte, bere senarra eta hiru seme-alabekin. Deustuko Erriberan bizi da ordutik eta hemen bizitakoak eta sentitutakoak kontatu dizkigu bere hizkera goxoarekin.

Zenbat denbora daramazu hemen?
Laster 14 urte beteko dira etorri ginenetik. Otsailean izan zen, kristoren hotza egiten zuen, Txilen uda utzi genuen. Aldaketa handia izan zen.

Zerk ekarri zintuzten hona?
Kasualitate hutsa izan zen. Nire senarrak herentzia bat jaso eta Italia ezagutzera joateko asmoa zuen, bertan familia zuelako. Deustun bizi zen lagun batekin elkartu zen hara joateko, baina hemen zegoela bi astetan lana topatu zuen eta hona etortzea proposatu zidan gure hiru seme-alabekin. Erabakia hartu baino lehen hilabetez etorri nintzen oporretan tokia ezagutzeko. Handik gutxira hemen geunden bostok. Erriberan gaur egun dugun pisua alokatu genuen.

Umeentzat gogorra izan zen aldaketa?
Bai, alaba nagusiarentzat batez ere. Aititea asko botatzen zuen faltan, lehenengo hilabetea negarrez eman zuen. Heldu eta hilabetera eskolaratzea erabaki genuen. Txarto pasatu zuten hasieran. Batek botaka egiten zuen egunero eskolara joan baino lehen. Bestea bazter batean geratzen zen eta ez zen komunera joaten euskaraz eskatzen ez zekielako. Nire senarrak argi zuen umeak integratu behar genituela lehen bailehen eta horretarako euskara ikasi behar zutela. Hartu gaituen herria errespetatzea eta bere errealitatera egokitzea oso garrantzitsua da guretzat. Hasieran ez nuen ulertzen zergatik hau ez zen Espainia. Gaur egun nire seme-alabek badakite Euskal Herrian bizi garela eta herri hau errespetatu eta babesten dugu jaten ematen digulako.

Eta zuk, nola bizi izan zenuen hasiera?
Umeekin hain kezkatuta nengoen nire burua ahaztu nuela. Egun batean ezin izan nintzen ohetik altxatu, min handia sentitzen nuen eta anbulantzia etorri zen etxera. Urgentzietako medikuak galdetu zidan ea zenbat denbora neraman nire herritik kanpo eta ea negar egin nuen. Galdera entzun eta malkotan hasi nintzen gelditu gabe. Bai, gogorra izan zen. Plazako kabinan ematen nituen orduak nire etxekoekin hitz egiten. Bakarrik sentitzen nintzen.

Erriberan bizitzeak lagundu dizue?
Zalantzarik gabe. Auzo txikia eta familiarra da hau. Behin umeekin anbulategian nengoela auzokide bat hurbildu zitzaidan eta nire etxeko bigarren pisuan bizi zela eta behar nuenerako hantxe zegoela esan zidan. Asko hunkitu nintzen. Etxe zaharra da gurea eta ez du berogailurik baina Erriberatik alde egitea kostatuko zaigu.

Txilera itzuli zarete?
Bai, handik joan eta lau urtera itzuli ginen bisitan. Ordurako umeak arrotzak sentitzen ziren han. Hemengoak sentitzen dira gaur egun, nahiz eta nik urteak eman hango kontu eta kantuekin. Hala ere, etxean hango esentzia mantentzen saiatzen naiz, txokotxo bat dut Txileko gauzekin. Aurreko urtean ni joan behar izan nintzen nire ama agurtzera, gaixorik dagoelako.

Etorkizuna han ala hemen?
Egia esateko, gaur egun hemen dagoen egoera ikusita, itzultzearena birplanteatu egin dugu baina seme-alabek ez dute hemetik mugitzeko asmorik.

Lanean zaudete biak?
Bai, nik hortz klinika bat garbitzen dut eta nire senarrak Sagutxu taberna du. Bertan ere Txileko esentzia dago.

 

Testua: Nerea Olaziregi