Deustuarrek harrera egingo diote Jabier Salutregiri

uriola.eus 2015ko aza. 9a, 09:36

18/98 sumarioaren baitan zigortu zuten Jabier Salutregi Egin egunkariko zuzendaria. Zazpi urte eta erdi espetxean eman ondoren, urriaren 29an geratu zen aske. Ea herrian, bere amaren herrian, egin zioten harrera orduan. Gaur, Deustun, bere jaioterrian, egingo diote.

Astelehenero euskal preso politikoen etxeratzea eskatzeko Done Petri plazan auzotarrek egin ohi duten elkarretaratzean parte hartuko du Jabier Salutregik gaur. Elkarretaratzearen ostean, 20:00ak aldera, espero da Salutregik hitza hartzea. Gazte Lokaletik eta Herriko Tabernatik bere argazkiak kentzeko baliatuko du gaurko hitzordua Salutregik. 

1998ko uztailaren 15ean Baltasar Garzon epaileak Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua eman zuen, ETAk gidatutako erakunde-sare baten parte zirela leporatuta. 2005ean, zazpi urte geroago, abiatu zen Auzitegi Nazionalean 18/98 makrosumarioa, Euskal Herriko hainbat erakunde eta hedabideren aurka bideratutako prozesu judiziala. Horren baitan bildu ziren bost urtetan Baltasar Garzon epaile instruktoreak aurrera eramandako instrukzioak. Makrosumarioaren barruan, Orain SA azpisumarioan, Egin egunkariaren argitaratze enpresa eta haren arduradunak epaitu zituzten.

2009an emandako epaian, 38 lagun zigortu zituen Auzitegi Gorenak; haien artean Orain SA azpisumarioko Xabier Alegria (12 urte eta 9 hilabete), Jose Luis Elkoro (8), Carlos Trenor (10,6), Jabier Salutregi (7,6), Teresa Toda (6), Manuel Intxauspe (7,8), Isidro Murga (8), Patxi Murga (8), Jexux Mari Zalakain (8), Pablo Gorostiaga (7,8), Xabi Otero (1,10), eta Iñaki Zapiain (1,10). Gaur, Salutregi kartzelatik irtetean, Trenor da espetxean jarraitzen duen bakarra.

 

[2015-10-29] Zazpi urte eta erdi espetxean egon ondoren, aske geratu da Jabi Salutregi

[2015-10-28] Martin Garitano: "Jabi Salutregik sekulan galdu behar ez zukeen askatasuna berreskuratuko du bihar"