Zuzeneko musika duen euskal zirku garaikide ikuskizun gisa prestatuko da, eta Adrian Schavarztein clown eta zirku eta antzerki zuzendari ospetsuak zuzenduko du. Lurrak datorren udaberrian estreinatuko da kaleko bertsioan Kaldearte barruan, eta Bilboko Kalealdiko hurrengo edizioaren programazioaren barruan ere egongo da. 2016ko udazkenean antzokietara helduko da.
Joan den otsailean, zirkuko diziplina anitzeko artistak, zirkuko teknika bat baino gehiago menderatzen dituztenak, eta euskal soinuetan espezialista diren, musika tresna tradizionalak eta modernoak jotzen dituzten, eta ikuskizunaren beharrak kontuan izanda musika konposatzeko eta idazteko gai diren musikariak behar dituen ikuskizunerako castinga egin zen Bilbon eta Gasteizen. Horren emaitza, bost antzezlek eta lau musikarik osatutako taldea da.
Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatzen duten bikotea dira. Ortzi Akosta gasteiztarra Uztaietako Espainiako txapeldun izan zen lau aldiz, eta 1.500 ikuskizun baino gehiago egin ditu Cirque du Soleil ezagunarekin. Izaskun Agirresarobe mundakarrari dagokionez, 2004an hasi zuen prestakuntza zirkuaren, antzerkiaren, clownaren eta gorputz adierazpenaren eremuetan, eta alor horietan aritzen da batez ere bere lan artistikoan.
Gaizka Chamizori dagokionez, antzerkiko antzezle, pailazo eta clowna ere bada, baina bere espezialitate nagusia akrobazia da. Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatutako bikote katalanak, baskulan espezializatutako bikote akrobatikoa osatzen dute, eskutik-eskurako orekak eginez. Horrez gain, musika trebeziak ere badituzte, klarinetea, saxofoia, kontzertina eta zerrotea jotzen dituzte, eta euren ikuskizunetan erabiltzen dituzte.
Musikariei dagokienez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castro, hori ere santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak jotzen dituenak, osatzen dute taldea.
Ikuskizunaren zuzendariari dagokionez, Adrian Schvarzstein clowna, antzezlea, zirkuko eta antzerkiko zuzendaria, pailazo-showman energetikoa da, eta 1989tik ari da antzerki munduan. Commedia Dell'Arten ikasi zuen Italian Antonio Favarekin, baina Europa osoan prestatu zen antzerkiaren alorrean. Kaleko hainbat antzerki konpainiatan egin du lan, eta ikus-antzerkitik, operatik, musika barrokotik eta publizitatetik ere igaro da.
Oraindik biran jarraitzen duen Klezmer zirku ikuskizunaren bultzatzaile nagusia da, eta Belgikako Ronaldo zirkuan aritu da 'Fili'-rekin eta 'Brick a Barack'-ekin. Bakarka egin zuen lehenengo sorkuntza lana Greenman izan zen, eta haren ondoren The bed, antzezle hoberenaren saria Haifako jaialdian 1998an eta Dans, protagonista nagusiak ikus-entzuleak diren kaleko ikuskizuna, etorri ziren. Kamchatka taldea sortu eta zuzentzen du.