Ikasle alemaniar bat hil da Deustun, bostgarren pisu batetik erorita. Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ustez istripu bat izan da. Festa batean zegoela, Sarrikoko balkoi batetik behera erori zen gaztea Txakolin kalean aparkatuta zegoen auto baten gainera. Ezbeharra igande goizaldean gertatu zen, 01:30 aldera.
Deustuko Unibertsitatean ikasten ari zen gazte alemaniarra, Erasmus programaren bitartez. Istripua eta gero Gurutzetako ospitalera eraman zuten kontziente, baina bertan zendu zen ordu batzuk beranduago.
Ertzaintza gertatua ikertzen ari bada ere, gazte alemaniarrarekin batera zeuden lagunek adierazi dute eskuetatik zerbaitek ihes egin zionean, harrapatu nahian, erori zela balkoitik.
Deustuko Unibertsitateak, gertatuaren aurrean, "atsekabea" eta "dolumina" agertu zuen atzo publiko egin zuen oharrean. "Une zail hauetan errespetu eta intimitaterik handiena" eskatu du hildakoaren senide, lagun eta unibertsitateko komunitatearentzat.