Gauza txundigarriak egiten dituen jendea toki berean eta egun berean

uriola.eus 2015ko aza. 19a, 12:10

Artiach gaileta lantegi zaharrean, Deustuko erriberan, azaroaren 20tik 22ra, 200 jarduera baino gehiago antolatu dituzte hirugarren 'Maker Faire Bio' azokan. Bertan nork bere asmakizunak erakutsiko ditu "inor ez dadin erreboluzio honetatik kanpo geratu".

Joan den urteetako edizioekin "ez ginen asetu", diote 'Maker Faire Bio' azokako antolatzaileek, Open espazioko kideek. Horregatik, aurten, "mini" aurrizkia kendu diote azokaren izenari, eta espainiar estatuko "lehenengo Maker Faire handia" antolatzea erabaki dute. Deustuibarran izango da, Artiach gaileta lantegi zaharrean, azaroaren 20tik 22ra.

Deustuibarra eta Zorrotzaurre aldea ez dute apropos hautatu 'Maker Faire Bio' azoka kokatzeko. Izan ere, Euskal Herriko industrian "toki berezia izan duen gune hau industria pisutsua alde batera utzi eta Bilboko sormen industriaren gune garrantzitsuenetariko bihurtu da", adierazi dute. Aurten, gainera, Gure Txoko Skate eskola, Zirkozaurre zirku eskola, PiuGaz Bilbao rokodromoa eta Pabellón 6 aretoko artistek parte hartuko dute azokan.

Makerren zerrenda “Meet the makers”-en ikus daiteke eta jardueren programa “Programación”-en.

Guztira, 200 jarduera baino gehiago programatu dira azokak iraungo duen hiru egunetan. Erakustaldi, tailer eta hitzaldiak dira nagusi eta umeentzako ekimen ugari tartean.

Sarrera doakoa eta librea da. 

bilbaomakerfaire.com