1975. urtean jaiotako lagun biren komeriak dakartza antzezlan berriak. 40 urte betetzeak dakarren krisialdi sakona. Ume zirela, 80ko hamarkada Euskal Herrian bete-betean pairatu zuten. 90eko hamarkadan gaztetu ziren eta 2000 efektuari aurre egitea lortu zuten. Jogurt potoak hariari lotuta berba egiten zuten aspaldi eta, gaur egun, sare sozialetan galdu egiten dira. 40 urte bete berri duten pertsonaia bi krisian bizi dira. Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez... Ereduarentzat alferrikako berrogei urte dira Galder eta Anerenak. “Bizitza parodia dela pentsatzea nahiago dugu. Horregatik, lehenengoz Anek eta biok elkarrekin idatzi dugu taula gainera eramateko testua, elkarrekin egindako bidea zein izan den interpretatu eta parodiatzeko edo, beharbada, inoiz baino gehiago elkarrekin bidaiatzen jarraitzeko gogoa dugulako”, kontatu digu Galderrek.
Abiapuntua euren bizitza bada ere, edozein ikuslerentzat ezagun izan daitezke antzezlanean aipatzen diren kontuak: “Nork ez du gogoratzen ET filma, Ipurbeltz, Gerra Hotza, Margaret Tatcher, Felipe Gonzalez, ‘Lemoiz apurtu’ edota Nocillaren kanpainak”, gaineratu du Anek.
Umetatik dira lagun Ane Zabala eta Galder Perez. Hamaika urte zituztela irratian hasi ziren elkarrekin jolasean. Urteak pasata antzerkiarekin jolasean hasi ziren. Ondoren teatro lan asko antzeztu izan dituzte elkarrekin. Besteak beste, Elevator, Honolulu, leku bat, Mirande Kabareta, 8 begi eta Urak ttiki dire. Lehenengoz arituko dira taula gainean komedia nostalgikoa eta autobiografikoa antzezten. Beti gogoko izan duten bezala, publikoarengandik gertu izango dira, laugarren paretarik gabe. Baina oraingoan inoiz baino biluziago. Gogora ekarri digute hala ere, Adarretatik zintzilik fikzioa dela, hau da, ikusleak taula gainean Ane eta Galder pertsonaiak ikusiko ditu eta, horrela, teatroaren bidaian kontatzen direnak ere fikzio izan daitezke, edo ez. “Hor dago antzerkiaren jolasa”.
Berrogei urte hauetan zerbait ikasi duela aitortu digu Anek: “Irribarrea jarri eta ken daitekeela, malkoak jarri eta kentzekoak izan daitezkeen bezala. Koloretako betaurrekoekin mundua ezberdin ikusten ikasi dugu, gauza guztiak ez direlako ikusten diren modukoak, ez baita berdina bizitza arrosa kolorekoa edo beltza ikustea. Aspaldi bota genion maite dugunari begia: taula gainean istorioak konpartitzeari. Ikasi dugu sekretua sekretu izateko norbaiti kontatu beharra dagoela, bestela ez dela sekretu”.
Estreinaldia Beran egin zuten azaroaren 13an, etxetik urrun, baina pozik agertu dira jasotako erantzunarekin, “estreinaldi baten aurrean beti izaten da beldurra eta etxetik hain urrun egiteak ere urduritasun puntua ematen zigun, baina emaitzarekin pozik geratu gara. Tira, Bortziriak gure etxea ere bada, antzezlan guzti-guztiak egitera gonbidatu gaituzte, eta herri ezberdinetan, gainera”.
Orain, euren bidaia Euskal Herriko txoko guztietara heltzea gustatuko litzaieke.