Haur Hezkuntzako ikasketak burutzeko asmoz joan zinen La Platara. Zer dela eta Argentina?
Betidanik ezagutu nahi izan dut Hego Amerika eta jakin banekien Argentinan euskal mugimendua zegoela. Berau ezagutzeko gogoak ekarri nau hona.
Dagoeneko bertako hezkuntza sistema ezagutuko duzu. Ba al du antzekotasunik euskal sistemarekin?
Unibertsitatea denen eskura dago hemen. Doakoa da eta ez da azterketarik egin behar bertan ikasteko. Ordutegi malgutasuna izugarria da; ikasle bakoitzak erabakitzen du nola antolatu bere denbora.
Hilabete honetan hauteskundeak izan dira unibertsitatean. Nola antolatzen dira ikasleak bertan? Zeintzuk dira, orokorrean, aldarri nagusiak?
La Platako unibertsitatean ikasle mugimenduak kristoren indarra dauka. Fakultate bakoitzak bere antolakunde propioak ditu: Utopía, Las Rojas, Franja Morada… Hauteskundeetako talde irabazlea fakultateko antolakuntzaz arduratzen da. Kopia-denda eta kafetegiko langileak kudeatu eta prezioak ezartzen ditu.
Abuztuan ekin zenion bideari, uda atzean utzi eta neguan murgilduz. Nolakoa izan zen hasiera hura? Zer nolako harrera izan zenuen La Platan?
Urtaro aldaketa ez zen traba izan gozatzen hasteko. Beste bi euskaldunekin batera etorri nintzen, eta hemengoek asko lagundu gaituzte egunerokotasunean murgiltzen.
Egun, erabat murgilduta zaude.
Argentinako ohiturak barneratzen noa gutxinaka. Matea eta ferneta kalimotxoagatik ordezkatu ditut. La Platan ikasle giroa nagusi da eta egunero dago planen bat. Bidaiatzeko aukera ere izan dut. Iguazu, Andeak eta Patagonia ezagutu ditut orain arte.
Euskal diaspora ezagutzeko ere tartea izan duzu. Euskal Etxean ibiltzen zara eta dantza taldeko partaidea zara. Zerk eraman zintuen hauek ezagutzera? Zein da Euskal Herriari buruz duten iritzia?
Euskal Etxeko gazteekin batera, ‘Denak bat’ dantza taldean parte hartzen dut. Argentinarrak dira denak, baina arbasoak dituzte Euskal Herrian. Gure herriarekiko miresmen eta maitasun handia dute. Askorentzat, ametsa da Euskal Herrira joatea.
Eta ba al daukazu euskaraz hitz egiteko aukerarik?
Euskal Etxeko lagun gehienek euskara klaseak jasotzen dituzte unibertsitatean. ‘Kaixo’, ‘agur’ eta ‘eskerrik asko’ eguneroko hitzak dira gure artean.
Argentinako Euskal Astean izan zara hilabete honetan.
Aurten Macachin herrian ospatu dute. Euskal Herriko herritxo bat zirudien eta nire buruari gogorarazi behar nion 10.000 kilometrora nengoela. Harrigarria. Etxean bezala sentitu naiz.
Gabonetarako bueltan izango zara. Inoiz Argentinara itzultzeko asmorik?
Necochea herriko lagunak egin ditut hemen, eta hurrengo urteko Euskal Astea bertan izango da, beraz, baliteke itzulera laster izatea. Nork daki!