Indusketa-plan berrian, hustu beharreko eremuan ahalik eta ur-sarrera gutxien egon dadin proposatu da. Horretarako, lurrean 8 metroko sakoneraino sartutako hesolez blindatuta utziko dute lan-eremua, ahalik eta ur gutxien sar dadin. Horren bitartez, obra banatuta dagoen 180 egikaritza-unitateetako bakoitzaren aparteko tratamendua egin ahal izango da, 3 fasetan antolatuta.
Deustuko kanala irekitzeko induskatuko diren lurrak mota bikoak dira: arrisku bako hondakinak eta bizigabeak. Lehenengoak, 90.000 metro kubikoz osatutakoak, kamioiz bidaliko dituzte baimendutako isurtegietara, ehoketa eta kontrol berriak jasotakoan. Bigarrenak, 365.000 metro kubikoz osatutakoak, itsasadarrean zehar eramango dituzte gangilez Bilboko Portuaren sarreraraino, bertan Erdiko Espigoia betetzeko lanetan erabiltzeko. Hondeatzeko plan berriaren bidez, metro kubiko gehiago eraman ahal izango dira Portura itsasadarrarean zehar, kaletik joan beharreko kamioi-kopurua murriztuta, hasieran aurreikusitakoa baino 45.000 gutxiago.
Indusketa-lana dragen bitartez egingo da itsasadarretik eta 2016ko martxoan hasiko da.
Indusketa-lanetan ahalik eta ur gutxienarekin
Zubiko horma-bularrak eraiki zirenean sartzen zen ura espero baino gehiago zela egiaztatu zen; urak jarduera-eremuan lan egitea zailtzen zuelarik.
Horregatik, obraren perimetro osoa hesolen moduko plakez blindatuta geratuko da, lurrean tinkatuta, 6 eta 8 metro arteko sakoneran, makina baten laguntzaz. Jarduera-eremuan sartzen diren uretarako araztegia ere ipiniko da.
Hondakinak kentzeko prozesua amaituko denean, hesolak kenduko dituzte, dragekin hondeatzen hasiko dira eta lurrak itsasadarrean zehar gangilez Portura eramango dituzte. Indusketa Euskalduna zubiko biribilgunearen parean hasiko da eta zubirantz abiatuko da.
Horretarako, Zorrotzaurreranzko trafikoa eten behar izango da, eta zirkulazioa Gehry zubiaren bidez baino ezin izango da ibili. Urtarrilean egingo dute hori eta piloteak ipintzeko aukera emango du.
Lanen une honetan
Piloteak ipintzeko Morgan kalearen parean betetzeko lanak egiten dabiltza, eta astebeteko epean amaitu ondoren, piloteak ipintzen dituen makina lanean hasi ahalko da. Betetzeko lurra ekartzen duten kamioiek ez dute Gehry zubia zeharkatzen. Zubiaren parean eraiki den arrapala batetik ibiltzen dira. Kamioiak ez dira hutsik bueltatzen. Etorrerako bidaian Portura eramaten dituzte piloteak ipintzeko metatutako lurrak.
Kanala irekitzea
Azterketa hidrauliko ugari egin ondoren Bilboko Udalak ondorioztatu zuenez, Deustuko ubidea ireki behar zen, ezinbestean, Bilbon Itsasadarreko uholdeen arriskuari aurrea hartzeko. Obra honetan urbazterreko kai bi eraikiko dira, modu paraleloan lerrokatuta eta haien artean 75 metroko distantziaz banatuta. Hala, ubidean urbazter bikoitza egongo da: iparraldekoak 533 metroko luzera izango du eta mendebaldeko muturrean, salbamenduko ontziak uretara sartzeko arrapala batean amaituko da. Bestalde, hegoaldeko urbazterraren luzera 369 metrokoa izango da.
Obraren aurrekontua 20,9 milioi euro da.