Javiera Mendicute: “Etorkinek ‘beltzean’ lan egitea normaltzat jotzen da hemen”

prestaldizkaria 2016ko urt. 11a, 10:19
Argazkiak: Iñigo Azkona

Javieraren aitite eta amama Eibartik joan ziren Txilera babes bila. Javieraren gurasoak eta Javiera bere semearekin Euskal Herrira, Deustura etorri dira Txiletik bizitza hobe baten bila.

Nongoa sentitzen zara? Txiletarra? Deustuarra?

Batik bat txiletarra sentitzen naiz. Erosoen Txilen sentitu naizelako. Aldaketan sinesten dudan txiletarra naiz, eta horregatik utzi nuen nire herria, eta hona etorri nintzen.

Zenbat denbora daramazu Deustun bizitzen?

Hiru urte. Tarte horretan hiru auzotan bizi izan naiz. Hasieran Deustun eta Arangoitin eta egun Erriberan.

Zer dela eta etorri zinen Euskal Herrira? Zergatik Deustura?

Nire familia etorri zen lehenik. Nire aitite eta amama eibartarrak ziren eta aspaldian emigratu zuten Txilera. Nire gurasoek Euskal Herrira itzultzeko gogoa zuten, hemen bizitza berri bat hasteko, eta ni beranduago iritsi nintzen nire semearekin eta senar ohiarekin. Gurasoek oso gogoko dute bidaiatzea. Ni txikia nintzela Ipar Amerikan bizi izan ginen, baina han ez genuen paperik. Rodriguez Zapaterok gerrako exiliatuen senideei espainiar nazionalitatea eskuratzeko aukera eman zienean etortzea erabaki genuen. Espainian Txilen baino egoera hobea zegoen eta jatorria, Euskal Herria, ezagutzea zen gurasoen helburua. Gipuzkoa ez zitzaien gustatu. Irun herri itxia iruditu zitzaien, agian kultura arteko talkagatik, eta hiri handiago eta irekiago batera aldatu ziren, Bilbora, hain zuzen, Deustura.

Zure amama eta aitite gerrako exiliatuak izan ziren. Nola hartu zituen Txilek?

Franco heldu baino lehen alde egin zuten Eibartik Txilera. Nire aitite oso abertzalea eta errepublikazalea zen. Nahiko ondo hartu zituzten Txilen. Klase ertaineko familia arrunta izan ziren. Lau seme izan zituzten eta nire aita, txikiena, izan da itzuli den bakarra.

Nola hartu zaitu Deustuk? Zelakoa da Deustu? Zelakoak dira deustuarrak?

Hasieran zoragarria iruditu zitzaidan, oso atsegina dena, Txilen baino hobea. Denborarekin gauza onak eta txarrak aurkitu ditut. Orokorrean, oso leku lasaia da, oso ziurra, oso familiartekoa, oso ohiturazalea. Auzotarrek elkar ezagutzen dute, lotura estua dute, nolabait familia handia osatzen dute, eta behin barruan babestuta sentitzen zara. Gustuko dut hori. Bestalde, lehenengotan, euskaldunak nahiko itxiak zarete. Ez duzue gauza berririk probatzen, kostata ez bada. Nik uste nuen Espainiako edozein lekutan jendeak jarrera ireki eta zabala izango zuela, baina ez da horrela.

Zure semea zelan egokitu da?

Nahiko ondo. Ia aldi berean ikasi zituen euskara eta gaztelania, euskaraz hitz egiteko zailtasun gehiago duen arren, nik ez baitut euskaraz hitz egiten. Txiletarretik gutxi du semeak, bertokoagoa da hangoa baino. Bere aitak txiletarra izatearekin ardura gehiago du nik baino. Bertakoa sentitzea atsegin dut nik.

Gabon garaia berezia al da zuretzat? Zer duzu faltan?

Ahizpa bat daukat Txilen eta berarekin hizketan jardun dut gabonetan egingo dugunari buruz. Oso desberdina da Txileko eta Euskal Herriko eguberria, batez ere klimagatik eta ohiturengatik. Han uda bete-betean daude. Familian eta lagun artean kalean edota hondartzan egoten gara. Hemen, berriz, sei baino ez gara elkartzen. Jende asko ezagutzen dudan arren, hemen senideekin ematen dut eguberri garaia.

Olentzero ezagutzen duzu?

Noski, eta Olentzerotako arratsaldetako poteoa. Txilen antzeko pertsonaia daukagu, Viejito Pascuero izenekoa.

Kosta zaizu lana aurkitzea?

Zaila izan da. Egia esan, nire hasierako helburua ikastea izan da. Ikasteko ere zailtasunak izan ditut. Paper kontuagatik batik bat, tituluak homologatzea buruhauste handia da, eta dena egin behar da berriro hemen; konplexua da. Prozesua gehiegi lutzean, ni neu izan nintzen aukerak baliatu ez nituena. Lanbideko ikastaroak egin nituen eta Pilates irakasle titulua atera nuen. Irakasle bezala jardun dut klase partikularretan, kongresu txikietan eta gimansio batean. Segurantza Sozialik ez zidaten ordaintzen gimnasioan. Esango nuke hori dela zailena. Ez dakit euskaldunek 'beltzean' lanik egingo duten, baina etorkinek ‘beltzean’ lan egitea normaltzat jotzen da. Zerbitzari moduan ere lan egin dut, ‘beltzean’.

Aurkitu duzu ezer onik?

Bila nenbilela, kasualitatez, antzerki ikastaro batean bukatu nuen Getxo Utopian, eta zoragarria izan da. Hiru urte hauetako gauzarik onena izan da. Gustuko izan dut antzerkia betidanik, eta nire lekua aurkitu dut bertan. Antzerkia ikastera etorri naizela sentitu dut. Antzerkiaren bidez ateak zabal daitezkela eta lana aurki dezakedala konturatu naiz.

Zein da zure ametsa?

Arte Eszenikoak ikastea, antzerki konpainiekin elkarlana egitea eta, ametsik handiena, nire konpainia propioa izatea.

Bizirauteko migratzen dute batzuk, ametsak egi bihurtzeko beste batzuk.

Batek baino gehiagok galdetu dit, 'zergatik etorri zinen Espainiara dagoen krisiarekin'. Migratzea gizaki eta animalien arteko jokabide naturala da. Migratzen dugu bizirauteko edota erosotasuna aurkitzeko. Nik nire herrian aurrera egin ezin dudalako utzi dut nire herria, eta hori nonahi gertatzen da, Marokon, Egipton... Hain txarto egonik, beste herri batera etortzeak dakartzan ondorioak pairatzeko prest zaude. Zaila dela jakitun, familiarengandik urruti egongo zarela jakitun. Traba ugari aurkitzen dira, edonon, baina traba horien ondorioak zure jatorrian dauzkazunak baino txikiagoak dira.

Zerk iraintzen zaitu?

Egoera deserosoak bizi izan ditut. Sudaca, sudamericano esateko modua, 'telenobeletan bezala hitz egiten dute hauek' eta antzekoak entzutea iraingarria da. Nire herrian unibertsitatea existitzen den galdetu didate edota oihanean bizi garen. Horrelakoek iraintzen naute. Eta ez, Txilek ez du oihanik.

Emakumea izateak eraginik al du?

Ez dakit gizonei gertatzen zaien, baina emakumeok aurreiritziak gainditu behar ditugu. Senar bila eta haurdun geratzera datorren Hego Ameriketako emakumearen sinesmena zabalduta dago hemen. Ezagutu nuen mutil batek horrela esan zidan: 'Asko gustatzen zatzaizkit, baina haurdun geratuko zaren beldur naiz'. Horrelakoetan hemendik alde egiteko gogoa izaten dut.

Arrazistak gara euskaldunok? Faltsuak?

Ez nuke orokortu nahi, euskaldunak nahiko zatituta zaudelatela uste dut. Asko dira nik diru-laguntzak jasotzeari txarto irizten diotenak. Horrela pentsatzeak ez dit eragiten. Bai, egia da, geroz eta nabariagoa da jendartean 'zergatik zuri laguntza bai, eta niri ez' erresumina. Nik ez dut hainbeste igarri ez baitut kanpotar itxurarik nire azalaren koloreagatik, hitz egiten entzuten ez banaute, baina oso nabarmena da kanpotarrekiko erresumina autobusean edota egunkarietan entzun eta irakurtzen diren iritzietan.

Hambost urte barru non egongo zara?

Ez dut uste Euskal Herrian egongo naizenik. Bidaiatzen jarraitu nahi dut, Europan zehar, erabat egokituko naizen lekua aurkitu arte. Agian, inoiz ez naiz inon egokituko.

 

 

Zein da Txileko egoera egun?

Jende askok dio ondo dagoela. Baina jende arruntarentzat bizimodua ikaragarria da. Herritarren arteko desberdintasuna itzela da, segurtasun falta handia da, osasuna eskasa... Ni hemen goizaldeko ordubatean lasai irten naiteke kalean ibiltzera, han arratsaldeko lauetan lapurretan egiten dizute. Txilek aldaketa handia behar du. Arrazoi asko daude. Besteak beste, aspalditik agintean dauden gobernariengatik edota garatutako herriek bidea ez errazteagatik. Ez dakit utziko dioten gurea bezalako gutxi garatutako herrialde bati Europako edo Ameriketako herrien mailara iristen, ez baitzaie komeni.

Zenbat aldiz galdetu dizute zure hitz egiteko doinuagatik argentinarra zaren? Amorratzen al zaitu?

Askotan, gehiegitan. Ez, ez nau amorratzen. Nik hasieran ez nituen galiziar bat eta euskaldun bat bereizten gaztelaniaz hitz egiten entzuten nituenean. Egun, erraz bereizten ditut galiziarrak, euskaldunak edota andaluziarrak. Horrek ez nau iraintzen. 

Testua: Lur Mallea

Argazkia: Iñigo Azkona