Primateen proiektu "paraleloa" da, "lasaiagoa". Taldeari eustiko diote "oso gustuko dugulako". Barrioren esanetan, zaila da kide guztiak biltzea eta elkarrekin jotzea. "Horregatik sortu dugu Los Cosmeticos eta aurrerantzean bertan jarriko dugu gure arreta".
Joan den apirilean abestiak sortzen hasi ziren. Zortzi bat abesti eginda dauzkate jada, eta "zirriborro batzuk". Primateekin alderatuz, erritmoa apur bat "moteldu" dute, nahiz Cosmeticoen musikak rokeroa izaten jarrraitzen duen "melodia gehiago gehitu diegu abestiei". Hortaz, emaitza dantzagarria eta dibertigarria, garage estiloaren baitan.
Bi "aurkezpen abesti" argitaratu dituzte Toledoko Monasterio de Cultura kolektibo/ziguluarekin laguntzarekin: Mr Beautiful eta Love Dealer. Udan grabatu eta nahastatu zituzten Deustuko El Tigre EstudiosenXabier Eguia eta Jon Aguirrezabalak (We Are Standard) eta Victor Garciak masterizatu zituen Costa Ultramarinosen. Abestiak joan den azarotik entzungai daude, eta kritikak "nahiko onak izan dira".
Erreferentzia batzuk aipatzearren, Ivanek azken boladan "asko" entzun dituzten batzuk bota ditu. The Hives, The International (Noise) Conspiracy eta Lost Sounds, besteak beste.
Ivan bera da Cosmeticosen ahotsa. "Betidanik" izan du gustuko abestea, baina inoiz "ez naiz benetan ausartu". Inserta taldean abesten zuen "hasieran", eta Cosmeticosen mikrofonoaren jabe egin da. "Melodiak sortzea eta letrak egitea atsegin dut, eta zentzua zun nik abestea", nabarmentzen du.
Abendurako kontzertuak lotuta dauzkate. Barakaldon, Bilboko La Riberan eta Bermeon. Otsailetik aurrera ere lotu dituzte batzuk. Baionan, Zaragozan eta Oviedon, kasu. Deustun epe laburrean lotuko dute bateren bat.
Ez du zerikusirik Los Cosmeticosen zuzenekoak La Hora del Primateren kontzertuekin. Izan ere, talde handia da Primateena (hiru ahots, teklatuak, saxoa...). Cosmeticoena, berriz, rockeko formakuntza "klasikoa" (gitarra, baxua eta bateria). Ivanen arabera, "etenik gabe ikasten" ari dira . "Hiruron artean moldatzea soinua ateratzeko eta konfidantza hartzea, ez da gutxi".
Orain arte, "nahiko erantzun ona" izan dute. La Ribera taberna, esaterako, jendez gainezka egon zen. Ez dira erabat pozik geratu kontzertu horrekin. "Guk badakigu hobeto egin dezakegula", diote taldekideek. Urtebetera nabarituko dute abestiak "konturatu gabe jotzen ditugula". Bitartean, Cosmeticoak "rock and roll azterketa azkarra" egiten ari dira.
Aurrera begira, helburuak garbi dituzte. "Ondo pasatzea, zuzenekoak edukitzea eta jendea ezagutzea". Bide hori "batez ere" aretoa eta taberna txikietan egingo dute. Udarara arte abesti berriak egingo dituzte eta, dirua aurreztean, grabatzeari ekingo diote.
Bideoklip bat ere egitekoak dira. "Ideiak jasotzen" ibili dira Deustuko lagun batekin, eta "denbora izatean", Mr Beautiful abestiari irudiak jarriko dizkiote. "Edertasunaren muturreko gorespenari barre egiten dio abestiak", eta bideoklipa ere "barregarria" izango da. Komun baten kokatuko dute eta lokalizazio bila ari dira. "Abestian koroak egin zituzten lagun askok eta bideoklipean ere parte hartzea nahi dugu; egun on bat pasatzea lagunen artean".
Hona hemen taldearen web orrialdea: www.loscosmeticos.bandcamp.com