Kurtso hasieran Gazte Asanbladak eginiko aurkezpena arrakastatsua izan zen oso eta geroztik poliki bada ere, lanean aritu gara, zenbait arlo jorratuz eta hainbat ekintza gauzatuz. Esaterako, Euskararen Egunean izandako tailerra eta beranduagoko trikipoteoa eta, bestalde, asteazkenetan egiten dugun zinemaldia.
Gazte Asanbladaren eraberritze prozesua bideratzeko bileran 20 bat pertsona elkartu ginen. Asanblada orokorrean, berriz, 35 bat lagun, gutxi gorabehera. Deustuarren harrera oso ona izan zen. Pentsa, Gazte Lokalean ez zegoen denontzako lekurik. Jendea, gainera, gogotsu agertu zen informazioa jasotzeko eta proiektuan parte hartzeko.
Bilerak edota asanbladak astero egitea erabaki dugu, oraingoz, ostiraletan edota larunbatetan. Behin betiko eguna eta ordua finkatzea da gure helburua, asanbladak guztiz irekiak izan daitezen eta nahi duen orok parte har nahi duenean ateak zabalik izan ditzan.
Lau lan ildo nagusi eta berezi bat
Asanbladan aurrera begirako lau lan ildo garrantzitsu adostu dira: sozioekonomia, bere osotasunean; feminismoa; euskara eta internazionalismoa. Ildo bakoitza lantzeko lantalde bana osatu da.
2016an Deustuko Gazte Lokalak 25 urte beteko dituela eta (1991-2016), aparteko lantalde bat sortu da dokumental bat prestatzeko. Ondo bidean, mende laurdeneko ibilbidea 2016ko irailean edo urrian ospatuko dugu. Horrela, urteurrena ganoraz antolatzeko beta izango dugu.
Filmak
Asteazkenero iluntzeko 21:00ak aldera Deustuko Gazte Lokalean antolatzen dugu zinemaldia. Film ugari ipini ditugu jada, Lasa eta Zabala, V de Vendetta, Ladybird Ladybird... Gainera, ordua aitzakia hartuta afaldu eta guzti egiten dugu. Hor doaz urtarrilean proposatzen dizkizuegun filmak: Las tres rosas (urtarrilak 6), Loreak (urtarrilak 13), Michael Collins (urtarrilak 20) eta El viento que agita la cebada (urtarrilak 27).
DGAdeustua@gmail.com