Yolanda Gonzalez ofizialki sartuko du Udalak Bilboko kale-izendegian

uriola.eus 2016ko urt. 21a, 12:29
Argazkia: Gara
Yolanda Gonzalezen bahiketaren eta hilketaren 36. urteurrena ospatzeko zorian, azkenik, Deustuibarrako auzotarrek lortu dute Bilboko Udalbatzak Yolanda Gonzalez izena plaza bati emateko eskaerari erantzutea, Naiz agerkariak jakitera eman duenez.

Erriberako auzotarren gehiengoak -duela bi urte- eskatu zion Ibon Areso alkatea ohiari Deustuibarrako plazatxoari Yolanda Gonzalezen izena jartzea. Horregatik, joan den urteko omenaldian auzotarrek eurek, izen ofiziala ez lortzean Gonzalezen izena zeraman plaka jarri zuten plazan, bere omenez margoztutako horma-irudiaren ondoan. 

Baina ez dute etsi eta plazatxoari izen ofiziala jartzeko eskaerekin aurrera jarraitu zuten aurten, Udalbatzak urteetan zehar auzotarrek egin duten eskaerari erantzun eta Deustuibarrako plazatxoari Yolanda Gonzalez izena esleitu dio.

1980ko otsailaren 1ean Madrilen hil zuten Yolanda, ikasle zela, 19 urte zituela. Batallón Vasco Españolek erail zuen bi tiroz ETAko kidea zelakoan. Yolanda ez zen ETAkidea, PST alderdiko militante gaztea zen. Hilketa harengatik Emilio Hellin ultraeskuindarrari 43 urteko espetxe zigorra ezarri zioten arren, 14 baino ez zituen kartzelan igaro.