Inauteriak 2016

Inauteri alaiak, koloretsuak eta anitzak Deustun

uriola.eus 2016ko ots. 1a, 09:17

Argazkiak: @goikodeustu

Behin asteburua pasata, deustuarrei astelehena heldu zaie; inauteriak gogora ekartzeko eta hurrengo urtekoekin amesteko momentua. Kolore gaua, umeentzako tailerrak, herri bazkaria, talentu lehiaketa, erromeria, kontzertuak eta igandeko inauterietako desfile nagusia izan ziren asteburuko protagonistak. 

Ostiralean bertan kolore gauarekin hasi zen gorputzak mugitzen bai Deustuko zein beste auzoetatik hurbildutako jendea. Asteburua aurrera joan zen heinean, larunbatean umeek eurentzat prestatutako tailerrez, puzgarriez eta abarrez osatutako goizaz disfrutatzeko aukera izan zuten. Bazkaria eta talentu lehiaketa ere ospatu zen, eta jaizaleentzako gaua erromeriarekin hasi eta Ezten Giro taldearen kontzertuarekin bukatu zen. 

Igandean berriz, Deustuko konpartsak, taldeak eta auzotarrak kalera irten eta egunetan landutako mozorroak auzoan zehar aurkezteko aukera izan zuten urtero ospatzen den inauterietako desfilean. Bertan, Jai Alai Dantza Taldeak, Deustuko Herriko Tabernak, Berbaizu Euskara Elkarteak eta beste hainbatek hartu zuten parte. Lorez, Pipiez, 'Star Wars' filmeko pertsonaiez, 'Nor da nor?' jolasaz eta beste hainbat mozorroz busti ziren Deustuko kaleak. Horretaz gain, desfileak iraun bitartean dantza eta festa ez zen faltan izan.

Gure Esku Dago ekimeneko Deustuko taldekideek ere parte hartu zuten inauteri auzotar hauetan. Goizeko 10:30ean, musikaz, txapliguz eta bestelakoetaz lagunduta ibili ziren San Felizisimon pegatindun petoak eta banderatxoak banatu eta prestatzen. Hala, Erabakiaren herensuge koloretsua prestatu eta Deustutik barrena paseatu zuten.