Zergatik idatzi duzu Titanici buruz? Nondik dator Pasajeros del Titanic. El último viaje de Ramón Artagaveytia (Ediciones Beta, 2010) liburua?
Txikitan gure aitak La gaceta del norte egunkaria irakurtzen zuen eta bertan agertu zen orrialde osoko Titanici buruzko albistea. Ziur aski hondoraketaren 60. urteurrena izango zen. Nik orduan 12-13 urte izango nituen. Artikulu hark aho zabalik utzi ninduen. Itsasontzi berri bat, milioidunez beteta, Ingalaterrako noblezia zeramana, hondoraezina zirudiena, lehen bidaian hondoratu zen iceberg baten aurka talka egitean. Hori nire buruko txoko baten gordeta geratu zen.
Noiz atera zenuen burutik?
Ordenagailuak iritsi zirenean. Ciber batean nengoela, Titaniceko bidaiarien zerrenda eta eskifaiarena eskuratu nituen. Aurkitutako informazioan aipatzen zen: “Alguien de Bilbao estuvo en la pastelería Arrese y compró un montón de dulces tofees antes de embarcar en el Titanic”. Zerrendan euskal abizena zuenik ote zegoen begiratzea bururatu zitzaidan. Bi aurkitu nituen lehen klaseko bidaiarien artean. Bata Artagaveytia uruguiarra, bestea Urutxurtu mexikarra. Deustun bizi den emakume uruguiar batek Artagaveytia ezagutzen zuela esan zidan. Oso familia ezaguna delako oraindik orain.
Orduan erabaki zenuen Uruguai bisitatzea. Zertarako zehazki?
Nire asmoa liburu-dendetara joan eta Artagaveytiaren biografiaren bat erostea zen. Baina Montevideoko liburu-dendarik ezagunenetan ere ez zegoen. Orduan erabaki nuen ikerketa egin eta Artagaveytiaren biografia nik neuk idatziko nuela. Nire bizitzan horrela atera zaizkit sarritan proiektuak. Sekula ez dakizu nora iritsiko zaren.
Artagaveytia sendiko kide batekin elkarrizketatu zinen?
Jorge Artagaveytiarekin. Agurea izan arren oso buru onekoa da, eta argibide asko eta argazki bat eman zizkidan, Ramon Artagaveytiaren gordetzen den argazki bakarra.
Ikerketari ekin zenion gero. Non ibili zara informazio bila? Southamptonen dagoen Titanici buruzko museoan eta Frantziako armadak Cherburgon duen artxiboan, besteak beste. Titanic Inglaterrako Southamptonetik irten zen eta bisitatu zuen lehen portua Cherburgo izan zen, Normandian. Bertan itsasoratu ziren Artagaveytia eta beste asko. Adibidez, Astor koronela, 1912an munduko pertsona aberatsena.
Biografia, eleberria, saiakera... zein motako liburua da?
Saiakera da. Nik ez baitut asmatu bidaiari berri bat; ikerketa lana da hau. Ez da eleberria, baina saiatu naiz kontaketari bizia ematen. Irakurleari ez zaio astuna gertatuko. Batik bat, Titanicek icebergaren aurka talka egiten duenean, ni ontzi barruan sartu naiz eta imajinatu dut barruan gertatutakoa. Dokumentu asko irakurri dudanez erraza izan da.
Ramon Artagaveytiak, bai aitak bai semeak, kontatua izateko moduko bizitza izan zuten. Ramonen aita santurtziarra zen. Hamazazpi urterekin umezurtz geratu zenean itsasmutil moduan hasi zen lanean itsasontzi batean. Garai hartan emigrazio handia zegoen Uruguai eta Argentinara. Montevideoko kaian lana lortu zuen, lan gogorra. Ezkontza ona egin zuen eta, azkenean, familiak dirua egin zuen. Hamar seme-alaba izan zituen, eta bosgarrena izan zen Ramon Fermin Artagaveytia, Titaniceko bidaiaria.
Ramon Fermin Artagaveytia, Titanicen baino lehen, beste ontzi batean hiltzeko zorian egon zen.
30 urte zituenean Rio de la Platan egurrezko itsasontzi batean zihoala galdara batek eztanda egin zuen. Ramonek salto egin zuen uretara eta Montevideoko kaira igerian heldu zen lehen pertsona izan zen.
Titanicen, baina, ez zuen bizitza salbatzerik izan.
1912an agurea zen, 71 urte zituen.
Baina ia-ia bizirautea lortu zuen, eta bere erlojua da horren lekuko.
Beste bidaiarien erlojuak ordu bietan gelditu ziren. Zentzua du, Titanic goizaldeko 02:20 inguruan hondoratu baitzen, eta orduan geratu ziren erloju gehienak. Artagaveytiaren erlojuak bostak arte jarraitu zuen. Erlojugileekin hitz egin nuen hori ikertzeko. Esan zidaten bostak arte bizirik arte iraungo zuela Ramonek. Horrek esan nahi du, zaharra izan arren, lortu zuela ordu batzuk gehiago bizirautea, uretan ez baitzen busti. Hamaka bat uretara bota zuen eta hamaka gainean egon zen Carpathia salbamendu-ontzia iritsi arte, 04:30 aldera. Carpathiaren argiak eta Carpathiatik jaurtitako bengalak ikusi zituen Ramonek. Orduantxe hil zen. Horregatik da berezia erlojua, eta horregatik agertzen da liburuaren azalean.
Zergatik jarraitzen du Titanicek jendearen arreta erakartzen 100 urte baino gehiago pasa direnean?
Ikur bat izan zelako. Garai hartan agertu ziren zinea, hegazkinak, autoak... Teknologia aldetik oso aurrerapen handiko garaia zen XX. mendeko bigarren hamarkada. Pentsa zelako arrakasta izan zuen James Cameronen Titanic filmak ere. Zelan da posible? Bada, ez zelako itsasontzi huts bat. Itsasontzi asko hondoratu dira giza-historian, baina bereziena Titanic da, zalantzarik gabe. Milioidunez eta Inglaterrako nobleziaz beteta zegoen. Nola da posible lehen bidaian Atlantiko erdian hondoratzea? Gaurdaino iraun du ikur bat bezala, nahiz jendea ez konturatu ikurra dela. Eta hantxe jarraitzen du, ia lau kilometroko sakoneran.
Pasajeros del Titanic. El último viaje de Ramón Artagaveytia zure liburuak (Ediciones Beta, 2010) hirugarren argitaraldia izan du. Espero zenuen horrelakorik?
Ezta pentsatu ere. Idazle berria naiz. Honen aurretik liburu bakarra argitaratuta nuen, Cinco calles de Bilbao (Ediciones Beta, 2006). Liburua idatzi eta argitaletxearen baiezkoarekin konformatzen nintzen.
Ezusteko ere eman dizu liburuak. Hegoameriketako hainbat herrialdetara iritsi da.
Bai, Panaman nengoela oporretan Carmen Posadas ezagutu nuen txiripaz, eta berak jarri ninduen kontaktuan Planeta Uruguay argitaletxearekin. Liburuaren ale bat bidaltzeko eskatu zidaten. Liburuaren azala, kontrazala eta izenburua aldatuz gero argitaratuko zidatela esan zidaten. Ni konforme nengoen, eta azkenean Uruguain, Argentinan eta Txilen kaleratu dute.
Zein izan da gainditu behar izan duzun zailtasun handiena?
Liburuaren aurkezpenak egitea, zalantzarik gabe. Une hori heldu arte gozatu egin dut liburua egiten. Ikerketak gitea oso gustuko dut, idaztea ere bai, nire erara, horretan ere autodidakta naiz. Sufritu aurkezpenetan egiten dut, ez zaizkit batere gustatzen. Baina derrigorrez aurkezpenak egin behar ditut argitaletxeak eskatuta.
Luis Power kale ondoan bizi zara eta kalearen izenak arreta deituta idatzi zenuen 2006an Cinco calles de Bilbao liburua.
Kale-izendegian irakurri nuen militarra izan zela Luis Power, heroia, Bilbo hiria defendatzen hil zela Napoleonen armadaren aurka, San Antonon elizaren ondoan. Frantziarrek esan zioten hiria ondo defendatu zuela, eta amore emanez gero errespetatuko zituztela bere bizitza eta kargua. Ezetz erantzun zien Powerrek, eta bere gizonekin eta kanoiaren ondoan azken uneraino eutsi zion. Ikerketa egin nuen eta argibide guztiekin artikulua idazi nuen. Bilbao egunkarian argitaratu zidaten. Hori izan zen nire bataioa. Bilboko kale-izendegian esploratzaile edota heroi gehiago egongo zirela ziur nengoen, eta banekien kale horietan bizi zirenek ez zituztela ezagutzen. Orduan kale-izendegiko beste lau pertsona aukeratu nituen, eta ikerketa hasi nuen. Bidaiak ere egin nituen Hego Ameriketara eta, azkenean, emaitza nire opera prima izan zen.
Jarraituko duzu bidaitzen eta idazten?
Iaz Mississippi aldean egon nintzen. Chicagotik autobusean San Louisera (Missouri) eta handik Tennesseera eta New Orleansera joan nintzen. Musikaren ibilbidea egin dut. Bertako musika oso gustuko dut.
Zertarako baliatu duzu bidaia?
Corsarios vascos nire hirugarren liburua izango dena dokumentatzeko. Hiru zati izango ditu liburuak. Hirugarrenak eta azkenak Jean Lafitte kortsarioa izango du ardatz. Baionan jaio zela pentsatzen da, baina oso pertsona misteriotsua izan zen; inork ez daki ziur non jaio zen eta noiz. Ez non eta noiz hil zen ere. Amerietako Estatu Batuetako historian oso inportantea izan zen. Jackson generalarekin batera borrokatu zen inglesen aurka New Orleanseko batailan. Bidaia baliatu dut San Louiseko eta New Orleanseko liburutegietan liburuak irakurtzeko eta itzultzeko. Sekulako informazioa lortu dut Jean Lafitteri buruz. Informazio asko emango dut pertsonaia misteriotsu horri buruz.