Iaz egindako jardunaldi arrakastatsuen ondoren, gaur hasiko da hezkuntzaren inguruko jardunaldien bigarren edizioa. Hezkuntza sistema propiorantz urratsak emateko helburuarekin, antolatzaileek hainbat gai jorratuko dituztela iragarri dute.
Lau tailer egongo dira aukeran, batetik 'Deustuko historia eta geografiara hurbildu nahi?' Borja Sarrionandia-Ibarra eta Pedro Zuberogoitiaren eskutik. Bigarrena, 'Zein ekarpen egiten dio arte-hizkuntzak gure garapenari?' Leire Saezen hitzetan. Hirugarrena, 'Haurraren autonomiarako bidea: nondik hasi?' Irati Ugalde eta Hegoa Ugaldek emango dutena. Eta azkenik, Garazi Perea eta Aritz Lilik 'Zer egin dezakegu ikasleok indarkeria sexistari aurre egiteko?' hitzaldia eskainiko dute.
Deustuko Hezkuntza Sarea
Hezkuntza sarea lan taldeak hezkuntza munduarekin lotura duten kideen bilgunea izateko jaio zen. Ikasle, familiak, hezitzaile, langile zein herritar ororen parte hartzea bultzatu nahi dute, denon artean, elkarlanean, gure hezkuntza eraiki dezagun. Lego piezak hartu dituzte taldearen iruditzat. Sarean dauden partaideen ustez, oso ondo definitzen dute taldearen izaera. “Forma eta kolore askotakoak dira eta elkartuz gero oso gauza interesgarriak sortu ahal dira”. Horixe da hain zuzen ere sare honen erronketako bat: sakabanatuta dauden ikastetxeetako hezkuntza komunitatea harremanetan jartzea eta elkarlanean aritzea. Horretarako, norberak nahi eta ahal duen mailan parte hartzeko guneak dituzte: talde egonkorra, asanblada, dinamika puntualak... Deustuko errealitatetik abiatu nahi dute eta horretarako oso garrantzitsutzat jotzen dute ikastetxeekin harreman zuzena izatea.