Lehenengo egunak indarrez hasi baziren ere, Deustuko jaietako bi egun falta dira oraindik ere auzoa koloreztatzeko. Lehengo ostiraleko txupina eta bajadarekin batera, kuadrila zein konpartsak kalera irten ziren jaiei hasiera eman zien luntxaren ostean, Zopilotes Txirriaos eta Joxe Replayren musikarekin gozatzeko. Arin bete zen karpa, euri ezean, beste hainbat jende erreka ertz eta bestelako txosnetan bildu zirela.
Larunbatean, arroz lehiaketaren txanda izan zen, Jai Batzordea osatzen zuten taldeez gainera, beste zenbait kuadrila animatu ziren euren paella egitera. Aurten, Jimenotarrak kuadrila berria izan da irabazle, arrozarekin postre bat prestatzea erabaki zutela. Eta geldi ezinik, bazkariaren ostean olinpiadei eman zitzaien pauso, kuadrilen artekoak. Odola berotu, gorputza luzatu eta pixka bat nekatu ostean, gaueko 21:30ean hasi ziren karpetako kontzertuak. Oraingo honetan, Akerbeltz erromeriarekin. Eguraldiak, giroak eta musikak jendea animatu zuen denbora luzean txosnagunean gelditzera.
Igandean aldiz, Deustuibarrako Artiach lantegian Open Espazioak antolatu ohi duen bigarren eskuko merkatua jaietara hurbilduko zen. Euskalduna Zubi azpiko hockey pistara mugitu zen azoka. Igande honetan ere, lehengoan merkatuan agertu ez zirenentzako (eta errepikatu nahi dutenentzako) aukera egongo da goizeko 10:00etatik 15:00ak arte.
Atzo, osteguna, bertso-saioa ospatu zen urtero legez karpa azpian Berbaizuk eta AEK-Matxintxuk antolaturiko mintzodromoaren ostean. Sorpresa modura, Arranopola konpartsa berrian parte hartzen duten bost kide oholtza gainera igo ziren saioa hasi aurretik, ikusleen harridurarako, bertso bat eskaintzen. Arin bete zen karpagunea, antolatzaileek jarritako eserleku bat bera erez hutsik utzita. Inguruan ere pilo bat jende bildu zen, jai batzordeak jarritako "eurokaña" eta "eurokalimotxo" eskaintza aprobetxatuz.
Kontzertuak
Ohi bezala, asteburu honetan ere, bertako eta kanpoko musika taldeak entzuteko aukera eskainiko dute Deustuko eszenatokiak. Gaur, ostirala, kontzertu hirukoitza izango da: Kataluniatik datozen Lagrimas de Sangre, Bilboko Madmuasel eta azkenik, gaua luzatzeko doinu indartsuz, Glamity Sound. Larunbatean aldiz, martxoaren 19an, kontzertuen egitaraua borobiltzeko Las Tea Party DJ´sak dira hautatuak, jaietako kontzertuei amaiera egingo dietenak.
Deustuko Gazte Lokala ere ez da atzean geratzen, eurek ere izugarrizko kartela egin baitute jaietarako. Norbait kontzertuen alternatiba bila egotekotan, gaur bertan emakumeak izango dira protagonista gazte lokalean, Puro Luego eta Mis Ovarios 33 taldeek joko baitute kontzertuan. Larunbatean aldiz, Colapso kolektiboak urtero antolatzen duen bertsio-gauarentzako unea izango da, 15 taldeek bi kanta jotzeko aukera izango dutelarik. Bi egun hauetan kontzertuak 20:30ean hasiko dira.
Andreen aurreskua
Herriko plazan elkartzen ziren deustoarrak aspaldi herriko jaiak ospatzeko. Hor, egunik garrantzitsuenean, eguerdian, neskak ziren euren aurreskuarekin jaiaren protagonista nagusiak. Eta hori bera gertatuko da berriro hurrengo martxoaren 19an, Deustuko alkatearen kalejiraren ondoren, plazara heltzean.
Deustuko andreek dantzatuko dutelako euren soka-dantza, eguerdian, San Pedro plazan, eta hor egongo da herria eurekin jaiak ospatzeko.
Umeentzako programa
Aurtengo egitarauan ekintza berriak prestatu dituzte gazte, ume eta ez hain gazteentzako. Ostiralean, martxoak 18, 19:30ean Diskofesta DJ Xaiboren eskutik izango da karpagunean. Larunbatean aldiz, goizeko 12:00etatik 15:00ak arte txikigunea egongo da Done Petri plazan, tomate txapelketaren aurretik. Eta programarekin bukatzeko, egunean bertan, 19:30ean suzko zezena antolatu du jai batzordeak.