Argentinarra eta paraguaiarra zara?
Bai, nazionalitate bikoitza daukat. Zortzi urte bete arte Argentinan bizi nintzen eta Paraguaira amama eta aitite bisitatzera joaten nintzen oporretan. Asko gustatzen zitzaidan Paraguai, eta bertan geratu nintzen. Zoriontsu hazi naiz aitite-amamarekin. Nire gurasoak eta bi nebak berriz argentinar peto-petoak dira.
Amaren abizena erabiltzen duzu. Zergatik?
Nire ama paraguaiarra da eta nire aita argentinarra. Argentinan aukera dago lehen abizena amarena edo aitarena edukitzea nahi duzun hautatzeko. Nire aita Mesa da abizenez, eta amak ez zuen nahi. Horregatik daukat amaren Fretez lehen abizen moduan.
Zergatik erabaki zenuen Paraguai utzi eta hona etortzea?
Ikasten eta lanean ari nintzen. Lanean, batik bat, ikasi ahal izateko aurrezten, Paraguain ikasketak garestiak baitira. Une gogorra pasa nuen, delinkuentziak gora egin zuenean, kalean erasotu eta lapurreta egin zidatenean. Nire osaba-izekoak hemen bizi ziren orduan, eta gertatua ahazteko etortzeko esan zidaten. Oporretan etorri nintzen duela hamaika urte. Horietatik bederatzi daramatzat Deustun bizitzen. Ia Deustu osoak ezagutzen nauela esango nuke.
Zein izan zen zure lehen iritzia?
Azaroa zen eta hotz egiten zuen. Eguraldia ez zitzaidan gustatu. Ni berotik nentorren 40-45 gradura ohituta nengoen. Hemen jakea, bufanda eta botak beharrezkoak dira. Paraguain inoiz ez dut horrelakorik jantzi. Argentinan bai, baina Paraguain ez.
Zergatik erabaki zenuen bertan geratzea?
Lanagatik eta ezagutu dudan jendeagatik. Nire osabak gabonetako saskien enpresa batean egiten zuen lan, eta bertan eman zidaten lana. Aurrerago beste enpresa batean ere egin nuen lan. Nire tituluak homologatu nituen, baina atzerritarra nintzen, etorkina, eta esperientzia gabea. Curriculuma nuen alde. Horregatik eskutitzak banatzen hasi nintzen, Bilbon, ezagutzen ez nuen hirian. Jendeari galdetuz konpondu nintzen. Jendeak asko lagundu zidan, nahita ere ez nintzela Bilbon galduko konturatu nintzen. Jendea laguntzeko oso prest dago, eta hori oso gustuko dut. Banaketak egitetik nahiko azkar idazkari lanera pasa nintzen.
Une honetan langabe zaude?
Bai. Enpresako nagusia hil egin zen zoritxarrez. Kargua ilobak hartu zuen, eta enpresa desegin du. Ez dut bertan geratzeko gogorik izan, horregatik langabe nago egun. Zalantzan nago, lan berriren bat bilatu edo ikasi eta birziklatu. Erizaintza edo geriatria ikastea pentsatu dut. Baikorra naiz. Ahal badut egingo dut, hori sinetsita nago. Ez dut inoiz etsi, nire buruari jarritako erronkak beti lortu ditut.
Euskara ikasten ari zara. Zergatik?
Hizkuntza Eskolan ingelesa ikasten nuen bitartean, nire bost urteko semeak etxean euskaraz hitz egiten zidan, eta orduan erabaki nuen ingelesa utzi eta euskara ikastea. Estrategia aldatzea erabaki nuen. Hizkuntza Eskolan ez nuen lekurik lortu, ezinezkoa izan zen. Ecuador Etxean eskaintzen zituzten euskara klaseen berri aurkitu nuen Interneten, eta bertan ari naiz. Ea egunen baten euskaraz ondo hitz egitea lortzen dudan.
Guarani hizkuntza Bilbon ikasi duzu. Zer dela eta?
Etxean nire amamak bakarrik hitz egiten zuen guarania, auzokideren batek ere bai. Bilbon herrikideek guarania hitz egiten dute. Astiro-astiro hasi nintzen ni ere. Hasieran, gaztelaniarekin nahastuz. Paraguaira lehen aldiz itzuli nintzenean hiztegi bi ekarri nituen bueltan nire kabuz guarania ikasteko.