Errespetuzko jokabideen aldeko eta eraso sexisten aurkako kanpaina Deustuko jaietan

uriola.eus 2016ko mar. 14a, 11:51

Deustu Bizirik merkataritza-elkartearen laguntzarekin batera, Bilboko Udalak errespetuzko jokabideen aldeko eta sexu erasoen aurkako kanpaina eraman du Deustuko jaietara. Deustuko Jai Batzordeak ere, euren hiru protokoloak martxan jarri zituen jaien hasierarekin batera.

 

Inplikatutako eragileek eta herritarrek, jai-giroa bermatu ahal izateko, errespetua eta askatasuna oinarrizkoak direla izan dute helburu laugarren urtez antolatutako kanpainarekin. Modu aktiboan inplikatu nahi izan ditu eragileak, pertsona guztien arteko jai-giro ona bermatzeko asmoz. 

Kanpaina honek gogora ekarri nahi izan du emakumeen aurkako indarkeria urteko 365 egunetan salatu behar dela, eta egun horietako bakoitzean herritarrek konpromiso aktiboa eta inplikazioa eduki behar dutela gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritutako eta indarkeriarik gabeko harremanen alde.

Deustun, sentsibilizatzeko jarraibideak zabaltzeaz gain, kanpainaren leloa duten ezpainzapiak eta informatzeko txartelak banatu dira, 'Bai beti da bai. Ez beti da ez. Ekina jazarpena da. Jazarpena, erasoa' lelopean. Horietan, eraso sexistei aurre egiteko telefonoak (092/112) eta informazioa agertu dira.

Jai Batzordearen hiru protokoloak

Jendetza bildu ohi da Deustuko jaietan eta istiluren bat edo beste ere izaten da. Horiek ekiditea du helburu Jai Batzordeak. Horretarako hiru protokolo ditu abian: erasoen kontrakoa, borroken kontrakoa eta lapurreten kontrakoa. Nahi duen orok informazio ugari izango du eskura Botikazarreko txosnagunean. Informazioarekin batera gomendioa ere luzatu dute batzordekideek: "Ez dugu errespetuzkoa ez den jokaerarik onartuko". Eta eraso, borroka edota lapurretaren bat jasan edo ikusiz gero salatzeko deia egin dute.