Gilkitxaro taldearen proposamena Luli Patatax eta Ander Bakon otorrinoen eskutik etorriko da. Entzumenaren inguruko predikua esatera doazela, ezusteko eder baten ondorioz ikusmenari buruzko komedio-sinposium-absurdua egiten bukatuko dute. Horrela, zortzi begiz baliatuta munduari begiratzeko modua eta bizitza ikusteko fundamentu berria aurkituko dute.
Erritmo biziko antzezlan honetan aktore bi taula gainean daude eta publikoarekiko harremana zuzena eta etengabea izango da. Obran zenbait eszena eta esketx eskainiko dituzte, umorearen eta irudikeriaren bidetik beti ere.
Antzerki laburraren ostean, Anarik kontzertu intimoa eskainiko du. Azkoitiarrak Zure aurrekari penalak (Bidehuts) izenburuko lan berria argitaratu zuen joan den urtean, Irla izan plazaratu eta bost urtera. Lan berri honetan azkoitiarraren fraseatzeko modua, kantuen tempoa baina, beste gauza guztien gainetik, teklatu eta pianoen presentzia gailentzen da, Nick Caveren eraginez-edo.
Anari bere gitarrarekin, kantari, Euskararen Etxean, datorren asteko ostegunean.
Iturria: www.nontzeberri.com