Arantxa Kintana: “Zorrotzaurre Planak iraganaren eta etorkizunaren arteko sinbiosia lortuko du”

uriola.eus 2016ko api. 1a, 09:07

Argazkiak: Iñigo Azkona

Arkitektoa da Arantxa Kintana. De la Ribera de Deusto a Zorrotzaurre. Un siglo de planeamiento urbanístico en la Vega de Deusto (EHU 2015) izeneko doktorego tesia egin eta defendatu du. Tesia zabaltzea da bere egungo erronka. 

‘De la Ribera de Deusto a Zorrotzaurre. Un siglo de planeamiento urbanístico en la Vega de Deusto’ da zure tesiaren izenburua. Zergatik gai hori?

Arkitektura estudio bat dut kide batekin, eta ondare historiko eta industrialarekin lotutako hainbat lan egin ditugu. Ibaiaren inguruko ondare industriala ikertzen hasi nintzen eta jabetu nintzen Deustuko ibarra kokaleku pribilegiatua izan dela Bilbo bere metropolia eta eskualdearekin lotzeko. Azken ehun urteetan saiakera asko egon dira bertan proiektuak aurrera eramateko, baina bertan behera gelditu dira guztiak. Zorrotzaurre Plana azken aukera da.

Zergatik gelditu ziren bertan behera?

Faktore asko egon dira. Lehenengo plana Ricardo Bastida arkitektoak idatzi zuen 1923. urtean. Bilbo eta inguruko herrien arteko lotura lortzea zuen helburu, eta ordutik proposamen ezberdinak egon dira.

Orduan Deustu oraindik independentea zen.

Bai, 1924 urtera arte ez da anexioa lortzen baina ordurako Deustu bazen Bilboko hazkunderako helburua, Erandio eta Begoña aldearekin batera. 1926an Bilboko Portuko juntak kanalaren irekierarako txosten bat proposatu zuen.

Lotura al du gaurko planak orduko planteamenduekin?

Bai, zalantzarik gabe. Proposamen horiek gabe gaur egungo plana ez zen den modukoa izango.

Zortzi kapitulutan banatu duzu tesia. Zein izan da tesian gusturago idatzi duzun atala? Kanalarena. Argitaratu gabeko dokumentazio asko irakurri dut, eta harrituta geratu naiz hainbat informazioarekin. 1950ean kanala irekitzen hasi ziren eta 1968ra arte iraun zuen lana bertan behera geratu zen. 400 metro baino ez zitzaienean falta amaitzeko, lanak eten zituzten baliabiderik ez zutela argudiatuta. Harrigarria benetan.

Zeintzuk izan ziren lana gelditzeko arrazoi nagusiak zure ustez?

Kanala ordurako ez zen erabilgarria. Ontzigintzaren ezaugarriak bestelakoak ziren, eta 1968an portua Bilbotik kanpo ateratzea erabaki zuten. Txalupen ezaugarriak bestelakoak ziren, krisialdi industriala pizten hasi zen eta kanala garai horretarako azpiegitura zaharkitua bilakatu zen.

Zenbat urte eman dituzu tesia egiten?

Duela zortzi bat urte hasi nintzen, Euskal Herriko Unibertsitatean eskolak ematen nituela. Gorabehera batzuk eta gero, azken hiru urteetan buru-belarri sartu naiz lan horretan. Goizetan nire arkitektura estudioan egiten nuen lan eta arratsaldetan ikerkuntzan.

Ikerkuntza lanetan aritu zarenean sorpresarik aurkitu duzu?

Lan egiteko era. Arautegirik gabe eta hiru plano zituztela egiten zuten lan. Agian horregatik proposamen askok porrot egin zuten.

Eta oztoporik?

Oztopoak baino, nahiago dut zailtasunei buruz hitz egitea. Gaur egungo proiektua aurrera eramaten ari den kudeaketa batzordea ez da oso eskuzabala izan. Informazioa eskatu diedanean web gunera jotzeko esan didate. Alde batetik, ulergarria da proiektua irekita dagoelako oraindik eta interes pribatu eta publikoak daudelako.

Zeintzuk izan dira zure informazio iturri nagusiak?

Bilboko Portuko artxibotik informazio asko atera dut eta instituzio publikoen aldetik oso jarrera ona izan dut; laguntzeko prest agertu dira beti.

Ez duzu auzo elkarteekin hitz egin?

Ez, eta nahita egin dut. Hirigintza azterketa objektiboa egiten saiatu naiz. Badakit gaia oso sentibera dela, eta iritzi kontrajarriak dituela. Horiek guztiek beste tesi baterako ematen dute. Baina nik ez dut inplikatu nahi izan, nire azterketa mugatuko zuelako. Hala ere, tesian planari egindako kritikak ere bildu ditut, baikorrak direla uste dudalako.

“De la Ribera de Deusto a Zorrozaurre” esaten duzunean, zer adierazi nahi duzu? Erriberako auzokideak behin baino gehiagotan salatu dute auzoaren izena desagerraraztearekin auzoaren izana ere ezabatu nahi dutela.

Tituluaren asmoa nondik gatozen eta nora goazen laburbiltzea izan da. Ez dut sentsibilitaterik mindu nahi izan. Bidaia metaforikoa da espazioan zein denboran. Plan berriak nire ustez, egon zenaren eta egongo denaren arteko sinbiosi bat lortuko du. Zentzu horretan, auzo elkarteek oso paper garrantzitsua jokatu dute hori lortzeko. Planaren alde on bat bertako auzoan zeuden ondare industrial eta etxebizitzak mantentzea izan da, eta auzokideek bataila hori irabazi dute. Beste kontu bat da geometria eta planaren formalismo guztia gustuko izatea.

Zuk gustuko duzu?

Bai, gauza on asko ditu. Interes publiko eta pribatuak biltzeko gai izan da, auzo zaharra mantendu du. Zaha Hadid arkitekoak planteatzen dituen H-ak oso konplexuak direla uste dut eta master plana eta behin betiko planaren arteko egokitzapena oso ona izan arren, asko galdu dela uste dut, batez ere komunikazioan. Hasieran eraiki behar ziren hamar zubitik, hiru baino ez dira egingo. Hala ere, ulertzen dut hainbat faktorek horrelako erabakietan eragina izatea.

Zelan eragingo du planak auzoko nortasunean?

Nik uste dut tokiko identitatea hori ezin dela galdu; auzokideen esku dago. Harro egon behar dira horrelako toki estrategiko batean bizitzeaz. Oso lur eremu garrantzitsua da.  

Bilborekin maiteminduta zauden donostiarra zara.

Bai, Bilbok liluratzen nau. Hemen dut orain nire lana eta nire familia.

Hiru seme-alaba izanda, ez zen erraza izango tesirako denbora ateratzea.

Malabareak egin behar izan ditut, baina ondo antolatu naiz. Honetan ere, seguruenik gizonezkoek abantailak dituzte. Baina nire lana nire zaletasuna da.

Epaimahaiak bikaintzat jo du zure tesia. Harro zaude?

Bai, baina ez soilik amaitu nuelako baizik eta interesa duen gai bat dela uste dudalako. Kaxoian gordeta geratzen den tesi bat zentzurik ez duela uste dut. Zabaltzea da garrantzitsua.

Eta non lor daiteke tesia?

Arkitektura Eskolan, Deustuko Unibertsitatean, Foru Aldundian edota Bidebarrietako liburutegietan aurki daiteke.

Etorkizunerako erronkarik?

Nire estudioan lanean jarraitzea. Zorte handia dut gustuko dudan horretan egin dezakedalako lan nire kabuz. Tesia ere zabaltzea nahi dut, Deustuko historiaren pasarte hori kontatu gabe egon da orain arte, eta interes handikoa dela uste dut.