Basurtu eta Gurutzetako ospitaletan artatu zituzten 25 eta 30 urte bitarteko hiru gazteak. Gazteetako bati sendagiria eman diote jada. Gainerako biak, lesioak izan arren, arriskutik kanpo daude.
Oinezkoentzat semaforoa gorri zegoela ekin zioten Agirre lehendakariaren etorbidea zeharkatzeari hiru gazteak larunbat goizaldean. Etorbidearen erdia gurutzatuta zuten, baina Udaltzaingoaren esanetan, ez ziren jabetu beste zentzuan auto bat zetorrenik. Harrapatu zituen autoko gidariak ezin izan zuen kolpea ekidin. "Uneoro kolaboratu du", argitu du Udaltzaingoak.
Ordu batzuk geroago, San Inazio auzoan, Orixe kalean, kotxe batek oinezko bat harrapatu zuen. Zaurituta eraman zuen anbulantziak Basurtuko ospitalera.
Autoa ihesean
Losada margolariaren kalean (Santutxun) atzo, hilak 10, 15:20 zirenean, talka egin zuten auto batek eta motor batek. Motorrean zihoan pertsona lurrera jausi zen kolpearen ondorioz. Autoak istripua gertatutako lekutik ihes egin zuen, motorzaleari laguntza eskaini gabe. Udaltzaingoa autoko gidaria eta kopilotoa identifikatu nahian ari da. Motorzale Basurtuko ospitalean artatu dute.