Parte-hartzea, giza balioak ikasteko bidea

uriola.eus 2016ko api. 12a, 07:00

Argazkiak: Jolas eta Ekin

Ebaluaketa oso bateko Etika ikasgaiko orduak Deustuko elkarteekin batera proiektu bana gauzatzen eman dute Deustuko Ikastolako DBHko 4. mailako ikasleek. Parte-hartzearen bitartez giza balioak barneratzen. Garapenerako hezkuntza oinarri duen Jolas eta Ekin zentroaren ekimena da. 

Jone eta Mikelen taldeak, Deustuko Ikastolako DBHko 4.A taldeak, BENE elkarteko kideak ezagutu ditu. Gaixotasun neuromuskularra duten pertsonak, hain zuzen ere. Horietako batzuk zutik eta oinez egin ezin dutenez gurpildun aulkia erabiltzen dute. 4.A taldekoak ere gurpildun aulkian irten dira kalera FEKOOR federazioak utzitako aulkiekin. Ikastola inguruko kaleetan “elbarriek egunerokotasunean dituzten zailtasunetaz” jabetu dira. Gaixo horien larruazalean jarri dira euren errealitatea ezagutzeko. Horrela lortu dute Deustun dauden mugikortasun eta irisgarritasun oztopoak eta horien ondorioak identifikatzea. 

“Gurpildun aulkiekin bikoteka irten ginen”, gogoan du Jonek.“Euria ari zuen” eta koadernoa bustita boligrafoak ez zidan idazten”. Mikelek ere ez du euria ahaztu, ezta mugitzeko izan zituzten arazoak. “Ezin genuen leku askotara iritsi edota sartu”. 

Bildutako informazioarekin eskutitza bidali diote Bilboko Udalari “salaketa” eginez, aurkitutako arazoak azalduz. Ikasleek BENE elkartearekin partekatutako proiektuaren bidez eginiko “ekarpena” da. Horrela, aurrerantzean Udalak zerbait aldatzen badu “gugatik izan daiteke”, eta horrek “asko betetzen gaitu”, dio Mikelek. 

Proiektuaren ardura ikasleek izan dute, Etikako irakasle Mari Luz eta Janire Castresana Blanco hezitzailea laguntzaile baino ez dira izan, eta bigarren planoan mantendu dira. Lan egiteko moduarekin, Jone, Mikel eta gainerako gelakideak “oso inportante” sentitu dira proiektuak iraun duen ebaluaketa osoan: “Dena gure esku egon da, eta zer edo zer txarto ateraz gero gure errua izango zen, baina dena ondo atera da; guk lortu dugu”. 

Ikastolako ikasleei gustatu zaie proiektua gauzatzeko erabili duten Ikasketa Zerbitzua izeneko metodologia. Teoria-zaparradatik aldentzen delako. Giza balioak beste era batera lantzen dituelako. Janireren hitzetan, “bizitzarako abileziak ikasteko tokian tokiko elkarteekin parte-hartzea sustatzea du abiapuntu” metodologiak. Eta Deustun, bai, lortu du 4. mailakoen artean balioak ikasteko. Esaterako, gurpildun aulkian dabiltzan pertsonei beste era batera begiratzeko. “Sentimendu gehiagorekin”, Joneren esanetan. “Enpatiarekin”, Mikelen esanetan. “Pertsona batzuk ezin dute egin guk normal egin dezakeguna. Beste pertsona baten ikuspuntutik ikusi eta bizi izan dugu hori. Enpatia izaten”.

 

Besteei lagunduta oso ondo sentitu

Eider eta Iñigoren gelakoek are harreman estuagoa izan dute BENE elkarteko kideekin. Arazo fisikoak edota psikikoak izanagatik “ez direla desberdinak” ikasi dute. Besteak beste, “nolakoak diren eta nola pentsatzen duten”. Eta errealitate gordinarekin egin dute topo Eiderren arabera. “Nabaritzen da gaixotasun neuromuskularra dutenen mundua txarra dela; gizartetik at sentitzen direla”. Horregatik BENE elkarteko lagunak “asko alaitu eta poztu dira” Deustuko Ikastolako gazteek eurentzat espresuki prestatutako jarduerekin. Ikasleentzat ere berezia izan da proiektua. “Gogobeteta” atera dira.

Hainbat ekintza antolatu dituzte kiroldegian. Saskibaloian, uztaiekin, dardoekin, plastilinarekin, margoketan… finean, jolasten eta denbora elkarrekin partekatzen aritu dira, ia beti, gurpildun aulkian. Eta eskuetan distrofia izatea ez da oztopoa izan ekintza guzti horiek egiteko. Nor bere ahalmenaren arabera moldatu da.   

Hasiera hotza izan bada, laster berotu direla dio Iñigok. “Haiekin jolasten konplizitatea sortu da gure artean”, azpimarratu du. Horixe gustatu zaio gehien Iñigori, hasierako zalantzak usatuta, amaierako “alaitasuna”. Iritzi berekoa da bere gelakide Eider. Berak ere “sentsazio onarekin” amaitu du proiektua: “Besteei lagunduta oso ondo sentitzen zara. Gehiagotan egin behar dugu”. 

Kiroldegiko jarduera egunaren atzean prestaketa lan handia dago. Antolaketa, baimenen eskaria, komunikazioa eta publizitatearen lanketa… Uste baino zailagoa izan da, besteak beste, ikasleek izan dutelako ardura guztia bere gain. Arduraren presioa sentitzeraino. “Estu eta larri” sentitu dira jarduerekin hasi baino lehen “proiektua garrantzitsua zelako eta taldekide batzuk pasota zeudelako”. Egoera bideratzea lortu dute “denok lanean jarri garenean. Ezin da egon inor izkinan ezer egin gabe proiektua egiterakoan, denok elkarrekin lan egin behar dugula ikasi dugu”.

 

Desberdintasun gutxi

Maider, Beñat eta 4.C taldekoak, berriz, San Inazioko adinekoen etxean egon dira. “Euren istorioak ezagutzeko” helburuarekin jo dute Levante plazako egoitzara. “Oso interesgarria izan da zeren gerra bizi izan zuten”, nabarmendu du Beñatek. Euren bizitza ez ezik euren iritziak ezagutzeko jakin-mina izan dute ikastolako ikasleek. Adibidez, “gutaz, gazteotaz, zer pentsatzen duten jakiteko”, azaldu du Maiderrek. Jasotako iritzien artean denetik dago. Topiko batzuk, tartean. “Metroan jesartzen uzten ez duten gazteak daudela diote batzuk”. Gazteen artean “onak eta ganberroak” daudela diote beste askok. Eta badira “desberdintasun gutxi” ikusten dutenak ere. “Aldaketa batzuk egon badaudela uste dute, baina batez ere garaiari lotutakoak”. 

Gazteak gazte lehen eta gazte orain. Horixe da ondorioetako bat. Beñatek ez zuen horrelakorik espero. Horrek harritu du gehien. “Galdetu nion adineko bati zer egiten zuen gaztetan eta nik egiten dudana egiten zuen berak ere” bost edo sei aldiz nagusiagoa den arren. “Bai, apur bat aldatzen dira ohiturak, adibidez, nik telebista ikusten dudalako eta berak ez zuelako telebistarik. Baina, finean, gauzak ez dira hainbeste aldatu”. 

Gazteen arteko desberdintasunak adinekoen artean ere badira. Batzuk ikasteko aukera izan zutelako eta beste batzuk apenas. Batzuk futbola gustuko dutelako eta beste batzuk ez. Maiderrek ez zuen uste “adineko pertsonak hain desberdinak zirenik. Haiekin hitz egin eta kartetan jolastu ostean konturatu da horretaz. 

Behin baino gehiagotan harritu dira 4.Cko ikasleak San Inazioko adinekoekin. Teknologia berrietara egokitzeko ahalmenagatik, adibidez. “Adineko batek iPhonea zuen, eta kontrolatzen zuela zioen”. Maiderren ustez “meritu handia du”, egungo gazteek txikitatik izan dituztelako aparailu digitalak eskura, “baina eurek ez”. 

San Inazioko adinekoen etxean konpartitutako esperientziak bideoan grabatuta daude. Bai elkarrizketak bai jolasak, “eurei erakutsi ahal izateko”. Grabaketaz arduratu den Maiderrek aurreratu duenez, “elkarrizketa politak irten dira”. 

Amaierako balorazioa ezin baikorragoa da. Proiektu bat taldelanean prestatzen ikasi baitute gazteek. “Gure artean lanak eta ekintzak banatzen eta ondo ateratzeko erabakiak hartzen”, alegia. Gainera, “baliagarritzat” dute ikasitakoa. 

Gustuko izan dute auzoko elkarteen lana ezagutzea eta elkarte horietako batekin proiektu bat konpartitzea. “Batzutan ez dakizulako ondo zer egiten duten elkarteek edota aurreiritziak dituzulako”. Behin proiektua finkatuta, “adinekoengana joatea eta haiekin musean edo xakean jolastea” izan da unerik gogoangarriena Maider eta Beñatentzat. Batik bat, “ikastolatik kanpo beste mota bateko jendearekin egoteko aukera” eman dielako. 

Eta aurrera begira zer egin nahi duten galdetuta, ez dute, ez, erronka txikia hautatu. “Ospital batean gaixo dauden umeekin egotea oso polita litzateke”. Izan ere, horixe zen taldearen hasierako asmoa.