Ondoren, solasaldia izango da euskal presoen sakabanaketak euren seme-alabei alde fisikoan eta psikologikoan edota hezkuntza arloan nola eragiten dien ezagutzeko. Jose Morales Etxerateko kidearen arabera "jendeak, dispertsioaren kontra badago ere, ez daki zer suposatzen duen eguneroko bizitzan, zeintzuk diren benetako ondorioak". Gertuko kasuak ezagutzeak, “izen-abizenak eta aurpegia jartzeak” gizartea sentsibilizatzen laguntzen du. "Horrela konturatuko da jendea dispertsioa bizi dutenak pertsona normalak direla: umeak, gurasoak, langileak, gutako edonor izan daitekeela".
Sakabanaketaren aurpegi ezberdinak
‘Dispertsio hegiak’ lelopean ari da Etxerat elkartea herriz herriz dispertsioaren aurpegi ezberdinak gizarteratzen. Haurrekin hasi du egitasmoa. Aurrerago azalduko ditu adineko pertsonen eta gaixo dauden seniden kasuak; nola bizi duten asteburuetako kilometrotako joan-etorria.
Etxerat elkartearen mezua
Badira 27 urte dispertsio gisa ezagutzen den egungo kartzela politika euskal presoen aurka era sistematikoan aplikatzen dela eta, oinarri dituen urruntzera eta neurri berezietara mugatzetik urruti, presoen senide eta lagunengana ere bete-betean iristen den bonba hedakor bat da: bidaia izugarri luzeak egin behar izaten dituzte senide eta lagun presoak ikusteko, eta horrek fisikoki, psikologikoki eta ekonomikoki baldintzatzen ditu haien bizitzak.
Dispertsio politikak edo hiltzen gaitu edo eraso egiten digu, bi ahoko arma baita. Kaltea ziurtatuta dago sakabanatze politikarekin. Dispertsioak euskal gizartearen gehiengo zabal bati eragiten dio, gehiengo zabal horretan adin, sexu, klase edota ideologia ezberdineko pertsonak sartzen direlarik. Dena den, ezberdintasun horiek munta gutxikoak dira, urratzen ari direna pertsona bezala dagozkigun eta ukatzen ari zaizkigun giza eskubideak baitira. Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarte gisa, alor honetan egiten du lan Etxeratek atsedenik hartu gabe.
Gaur egun 387 euskal preso daude Espainiako eta Frantziako estatuetako 74 espetxetan sakabanatuta eta, haiekin batera, beraien senideak eta lagunak ere sakabanatze hori bizitzera beharturik daude. dispertsioaren ondorioak zuzenean eta gordintasun osoz pairatzen dituztenen artean badago bereziki zaurgarria den kolektibo bat: haurrak eta adingabeak.
Haurrak eta dispertsioa. Amildegi batek banandu beharko lituzkeen hitzak dira, baina zoritxarrez, ez da hala. Kilometro asko dituen amildegi handi batek banantzen ditu espetxeratutako guraso edo senideengandik. Haurrak errealitate gordina dira euskal presoen senideen artean. 27 urte hauetan hainbat belaunaldi markatu dituen dispertsio politikak haurrak ere kolpatzen ditu. Ukaezina da dispertsioak eragin nabaria duela familiarekiko edo lagunekiko harremanetan eta, horri dagokionez, haurrak ez dira salbuespena. Haurrek pairatzen duten egoerak argi eta garbi frogatzen du dispertsioak oso era larrian urratzen duela familia bizitzarako eskubidea.
Kasu horietako bat Deustun bertan aurki dezakegu. Hilean behin, zazpi urteko neska batek 1.520 kilometro egin behar ditu aita ikusi ahal izateko. Aitak ezin du alaba nahi beste aldiz ikusi, baina haurrari ere ezinezkoa zaio aita nahi beste aldiz eta adin horretan beharrezkoa den maiztasunarekin ikustea.
Horrelako bidaiak oso nekagarriak dira zazpi urteko neska batentzat. Gainera, asteburuetan bidaia luzeak egin behar izateak neke fisiko eta psikologikoa areagotzen dio, atsedenerako eskubidea kentzen zaiolako.
Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da, eta ez bakarrik gaixotasun eza (Munduko Osasun Erakundearen Konstituzioa, 1946). Beraz, osasunerako eskubideak lotura estua du oinarrizko beste giza eskubide batzuekin eta, gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da beste eskubide horiek ere gauzatzea. Horri dagokionez, haurrak bereziki ahulak dira eta, beraz, oso era larrian pairatu ahal dituzte dispertsioaren ondorioak.
Beste haur askori bezala, Deustuko neska horri ere ikasketak eta garapen psikologikoa baldintzatzen ari zaizkio. Izan ere, aita dispertsatuta daukaten kartzelarainoko bidaia luzeei Ikastolako ikasketa orduak gehitu behar zaizkie, bisita bukatu bezain larter bidaiari ekin behar dio berriz ere, eta batzuetan eskola orduak galdu behar izaten ditu garraioa eta bisita orduak bateraezinak direlako. Gainera, bisiten ondoren nekeak jota itzultzen da Ikastolara, bidaiak eragindako neke fisiko eta emozionala gainditzeko aukerarik gabe. Horrek guztiak bere heziketa zailtzen du eta traba handia da bere nortasunaren garapenerako.
Hezkuntzarako eskubideak giza nortasunaren erabateko garapena eta giza eskubideekiko nahiz oinarrizko askatasunekiko errespetuaren indartzea aldarrikatzen du, eta dispertsio politikak bete-betean jotzen du horren kontra. Nolatan irakatsi eta eskatu ahal zaie beraiei ukatzen zaien errespetua? Hain da paradoxikoa…
Osasunerako eskubideak dioenez, adingabeen babes soziala bermatu behar da, eta haurrei hain bidaia luzeak eginaraztea amarekin edo aitarekin normalizatua ere ez den harreman bat izan ahal izateko horren kontra doa erabat. Edonondik begiratuta ere, haurrak eta adingabeak beste edonor baino babesgabeago aurkitzen dira sakabanatze politikaren aurrean. Familia bizitzarako eskubidea urratzen die eta eragin zuzena du ikasketa errendimenduan –hezkuntzarako eskubidea urratuz-, garapen fisiko eta psikologikoan –osasunerako eskubidea urratuz- eta adingabeen babes eskubidean, milaka kilometro eta ordu asko egin behar baituzte ama edo aita ikasteko, bidai horietako arriskuei aurre eginez. Ezin dugu ahaztu hainbat haurrek aita eta ama izan dituztela espetxean, biak aldi berean eta espetxe ezberdinetan sakabanatuta, elkarrengandik urruti, haurrarengandik urruti eta familiaren batasuna erabat hautsiz.
Hori guztia dela eta, apirilaren 19an arratsaldeko 19:00etan Bidarteko areto nagusian emango den hitzaldirako gonbidapena luzatu nahi dizuegu Etxerat elkartetik. Besteak beste, haurtzaroa dispertsioaren uztarripean bizi izan duten zenbait gazteren lekukotasunak entzungo ditugu. Garrantzia handikotzat jotzen ditugu zuen asistentzia eta interesa. Hitzaldian espero zaituztegu!