Eskolako frontoia estaltzeko beharra dute Arangoitin

uriola.eus 2016ko api. 13a, 08:00

Euria egiten duenean Arangoitiko eskolako umeek txandaka irten behar dute jolastorduan aterpera, teilatupera, txikia delako. Egoera horri buruz hausnartzen hasi ziren zenbait guraso joan den urrian. 

Jolastorduari ez ezik eskola orduz kanpoko ekintzei eragiten die Arangoitiko eskolan leku estali egoki bat ez izateak. Denentzat lekurik ez dagoenez gimnasioan, teilatupean entrenatzearekin konformatu behar du kirol talderen batek. Hortaz, astelehen eta ostiral arratsaldetan, euria ari badu, “kirol talderen bat beti bustitzen da”, dio Santi Sarrionandia-Ibarra Arangoitiko eskolako gurasoak. 

Aterpe faltagatik kezkatuta, Arangoitiko gurasoak, Bilboaldeko ikastetxe publikoen azpiegiturak aztertzeari ekin diote. Elexabarri eskolako frontoian erreparatu dute. Arangotikoa ez bezala, Elexabarrikoa estalita dagoelako. Ikasle gutxi baditu ere, 80 bat, Santiren arabera, “oso ondo” estalitako frontoia du. “Zabal eginda dago, eta denetarako erabil daiteke”. Juan del Mas ikastetxean ere frontoia estalita dago. 

Hori dela eta, animatu zen guraso talde bat joan den abenduan Bilboko Udalari Arangoitiko eskolako frontoia estaltzeko proposamena egitera. “Ikasleak jolastorduan kanpora ateratzeko, kirol entremenduak egiteko, eskolako ekitaldi bereziak egiteko -Olentzero, inauteri…- eta auzoari zerbitzuak emateko”. Izan ere, Arangoitiko Eskola “beti zabalik dago auzoan ekipamendurik ez dagoelako”. Alegia, Arangotiko eskolak auzoko “kiroldegi eta plaza” funtzioak betetzen. 

Erregistroan aurkeztutako proposamenari Udalak ez dio erantzun. Otsailean, 1.barrutiko batzorde teknikoan, Fran Viñez Obra eta Zerbitzuetako zuzendaria behartu zuten arte. Viñezek adierazi zuen “erabakia ez zegoela Udalaren esku”, eskumena Jaurlaritzarena delako, Arangoitikoa ikastetxe publikoa izateagatik. 

Baina bada salbuespen bat. Abusuko Ibaizabal ere ikastetxe publikoa da eta Udalak, 2015-2019 Auzokide Planaren baitan, DBHko futbito zelaia estaliko du. Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak “esan zigun Abusuko zelaia beti zabalik dagoela, eta horregatik sartuko dela Auzokide Planean; eta ez dela hori Arangoitiko kasua”. Santi eta gainerako gurasoak ez daude ados azalpen horrekin. 

Kontsolatzeko, edo, Udalak jakinarazi die 2017an egingo duen Estalkien Plan Zuzendariaren barnean sartuko duela Arangoitiko eskolako frontoia. Auzoz auzo zer estali erabakitzeko egingo duen azterketa txostenean, hain zuzen ere. 

Eusko Jaurlaritzara ere jo dute. Eskariari erantzutea “ezinezkoa” dela esan diete Jaurlaritzan. Gainera, San Adrian, Iruarteta eta beste ikastetxe batzuk obrak egiterako orduan “lehentasuna” dutela argitu diete. 

Presioa egiten jarraitzeko prest

Erakundeengandik baztertuta sentitzen dira. “Eskola publikoak Bilbon baztertuta daude pribatuekin alderatuta”, salatzen du Santik. “Herrietan gehiago zaintzen dute sare publikoa. Bilbon, ez Udalak ez Eusko Jaurlaritzak ez daukate inolako plangintzarik”. 

Aukera murritzen aurrean ez dute etsiko. “Presioa” egiten jarraituko dute. Besteak beste, protesta gisa eskolako kideek argazki bat egingo dute, “euria ari duenean eta jolastorduan umeak eskola barruan geratzen direnean, zarata nuertzeko” eskatuko diote Udalari eta Eskola Kontseiluari, eskola bezala, bai Bilboko Udalari bai Eusko Jaurlaritzari frontoia estaltzeko eskatuko diote.