Deustualdeko ikastetxeak arnasgune bihurtzeko bidean

uriola.eus 2016ko api. 14a, 08:00

Argazkia: www.euskonews.com/Mikel Asurmendi

Berbaizu euskara elkarteak ekin dio ikastetxeak arnasgune bihurtzeko proiektua garatzeari. Ikasleek "euskaraz asko eta askotan egitea" eta eleaniztasunarekiko "jarrera abegikorra izatea" du helburu proiektuak.

Horretarako, hainbat tailer, ikastaro eta berbaldi eskainiko ditu Berbaizu elkarteak. Beste beste, gaur, osteguna, hilak 14, Paula Kasares soziolinguista eta antropologoak bi berbaldi eskainiko ditu.

Euskara, entra un idioma en casa du izena lehen berbaldiak eta guraso erdaldunei zuzenduta dago. Arangoiti LHko ikastetxean emango du hitzaldia Casaresek 17:15ean. Bigarren berbaldia, Zuek duzue giltza izenekoa, 19:00etan eskainiko du Deustuko Bidarte auzo etxean. Ume txikiak dituzten guraso euskaldunei zuzenduta dago. Hizkuntza-ohituretan eragiteko aholku eta ideiak plazaratuko ditu bertan "umeak euskara aberatsa izan eta hizkuntzekiko jarrera positiboak gara ditzan".

Paula Kasares soziolinguista eta antropologoa ez ezik Baztango euskara teknikaria eta UPNAko irakaslea da egun.

Berbaldietan parte hartzeko izena eman behar da. Arangoitira joateko araneko1@gmail.com helbidera idatzi edo 637 00 90 62 telefonora deitu (Pedro) eta Bidartera joateko berbaizu@euskalnet.net helbidera idatzi edo 94 447 10 42 (Jon) telefonora deitu. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da bietan.

Berbaldi hauek Bilboko Udalarekin Berbaizu euskara elkarteak hitzartutako Deustualdeko ikastetxeak arnasgune bihurtzeko bidean proiektuaren barnean kokatuta daude.

 

Euskara, hizkuntza berri bat etxean

Familia askotan euskara seme-alabei esker sartu da etxean, eta guraso batzuek "ez dakite zelan lagundu". Zalantza honi aurre egiteko hainbat aholku eta ideia emango ditu Paula Kasaresek Euskara, entra un idioma en casa berbaldian. Kasaresen aburuz gurasoen inplikazioa "berebizikoa da". Gurasoek "motibatuta egon behar dute seme-alabei laguntzeko, izan ere, "euskara hezkuntzan oinarrizko faktore bat baino gehiago da, hezkuntza arlotik haratago doana". Saio honen antolaketan Arangoitiko LHIko guraso elkarteak ere parte hartu du.

 

Gurasoak, umeak euskalduntzeko giltza

Umeak txikitan barneratzen ditu hizkuntza-ohiturak, eta lehengo urteak "oso aberatsak dira". Paula Kasaresek bi faktoreak hartzen ditu Zuek duzue giltza berbaldiaren abiaburutzat, eta ideiak eta aholkuak ematen dizkie guraso euskaldunei umeei euskara aberatsa eskaini eta eleaniztasunarekiko jarrera abegikorra sustatze aldera. Era berean, familia mistoetan eta erdaldunak daudenetan nola jokatu eta euskañola-rekin zer egin aholkatuko du Kasaresek. Berbaldi honen prestaketan Deustuko Hezkuntza Sareak eta Deustuko Ikastolako guraso elkarteak ere parte hartu dute.