Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Oihane Agirregoitiak, Deporte Sin Barreras fundazioko ordezkariekin, Ohorezko Patroi Javier Conde eta Juan Jose Rodriguezekin eta Iker Sastre kirolariarekin batera bisita egin dute gaur goizean San Ignazioko Udal Kiroldegira. Bertan, Fundazioarekin adostutako hitzarmenaren bitartez, Bilbao Kirolak erakundeak erosi duen makina ikusi dute; desgaitasun fisikoa edo mugikortasun urria daukaten pertsonentzat egokitua dagoena.
Euskak Autonomi Erkidego osoko erabilera askoko eta biomekanikoki egokitutako lehen makina da, desgaitasun fisikoa edo mugikortasun urria daukaten pertsonek gorputzaren goiko aldearekin ariketak egin ahal izan ditzaten, aulkitik bertatik. Erabiltzeko erraza da eta makina horrek kirolariaren independentzia errazten du, hura modu errazean jartzen baita jarrera egokian aulkian; horrela, erabiltzaileak 100 ariketatik gora egin ditzake. Gainera, goiko aldeko talde muskular guztiak lantzeko eta errehabilitazioko ariketak egiteko behar diren osagarriak dauzka. Ariketak egiteko funtzio anitzeko makina hau ez da desgaitasun fisikoren bat daukaten pertsonentzat soilik, goiko aldeko muskuluak landu nahi dituenak ere erabil dezake.
Hitzarmena Deporte Sin Barreras fundazioarekin
Fundazioa buru den egokitutako makina honen proiektuak helburu soziala du erabat, eta horregatik, beka bat sortu da; desgaitasunen bat duen kirolari bati eskainiko zaio beka, kasu honetan Iker Sastrerentzako. Bi entitateek sinatutako hitzarmenaren helburua desgaitasunen bat duten pertsonei udal kiroldegitan kirola praktikatzeko orduan autonomia eskaintzea da eta bide batez, burujabetasun, sentsibilizazio eta irisgarritasunaren esparruan motibazioa bezalako balioak sustatzea, erabateko normalizazio bat lortze aldera.
Horrela, bada, Bilboko Udalak beste urrats bat eman du kirol egokituaren sustapenean, mugikortasun urriko pertsonentzat eskuragarri izan dadin, Bilbao Kirolak erakundearen eta, hortaz, Udalaren ildo estrategiko nagusietako bati erantzunez.
Kiroldegi irisgarriak
Konpromiso berri hori Bilbao Kirolak erakundeak aurtengo urtarrilean egindako erosketan ere islatzen da: aulki egokitu bat jarri zen Deustuko kiroldegiko helduen igerilekuan eta, horrela, hiriko udal igerileku guztiak irisgarriak egiteko helburua bete zen.
Ildo horretatik, Bilbao Kirolak erakundearen instalazioak egokitu egin dira denentzako irisgarriak izan daitezen. Beste moldaketa bat Txurdinagako udal kiroldegian egin da, kirol egokitua egiteko leku hobezina. Izan ere, Bidaideak Bilbao BSR gurpil-aulkiko saskibaloi kluba, Bilbao Kirolaken diru-laguntza izendun bat jasotzen duena, Txurdinagako kirol instalazioetan entrenatzen da.
Udala, Bilboko kirola sustatzeko diru-laguntzen barruan, kirol egokiturako lerro bat dauka, 20.000 eurokoa, mugikortasun urriko edo desgaitasun fisiko edo intelektuala daukaten pertsonengan ere kirol-praktika errazteko eta sustatzeko.