'Off Bilbao' Deustualdean dago

uriola.eus 2016ko mai. 9a, 10:00
Argazkiak: Pabellon 6 / La Fundicion / hAceria

Bilboko aberastasun kulturalaren berri, batik bat atzerrian, eman nahian ekin zion Marina Ruizek 'Off Bilbao' aztertzeari lehenik eta zabaltzeari gero.

Marina Ruiz Cano ikerlariak 1979tik 2004ra aztertu du euskal antzerkia. Horixe da “batez ere” bere azterlanaren eremua. Salbuespena egin du Pabellon 6ekin, 2011. urtean jaio baitzen. Marina Frantziara bizitzera joan zenetik, bere “sustraiak sendotzen” saiatu da. Bilbon bizi zenean zituen ohituretan interes handia du. “Nire identitatea osatzen duten esparruek erakartzen naute”, dio eta prozesu horretan Off Bilbao-ko aretoak “funtsezkoak” dira. Ez du uste erabaki arrazionala denik, “premia pertsonala” baizik: “Off Bilbaon dagoen aberastasun kulturala partekatu behar nuen, batez ere atzerrian”. Horrez gain, Bilbo hiriko esparru alternatiboen “konpromiso ideologikoak eta estetikoak” ezagutzera eman nahi zituen: Off Bilbaoren filosofia eta filosofia hori adierazteko publikoari eskaintzen dizkion lan motak, besteak beste. Finean, Off Bilbaoren baitan kokatu dituen guneen filosofiak bazkide pribatuak eta erakunde publikoak biltzea lortu du, eta “uste dut lankidetza hori oinarrizkoa dela arte eszenikoak sustatzeko eta finkatzeko”.

Ez da Marina Ruiz Off Bilbao kontzeptua erabiltzen lehenengoa. Beste pertsona batzuk berak baino lehen aipatu dute. Adibidez, Ramon Bareak eta Felipe Lozak, “errealitate teatral zehatz bat” izendatzeko. Barea eta Lozaren aburuz, “aspalditik Bilboko eszenak leku eta proposamen berriak behar zituela antzoki ofizialetik at, hau da Arriagatik, eta Bilboko erdigunetik, aparte”. Frantziako Avignongo Off jaialdia bezala, hiriko antzerki alternatiboaren sorrera “eszena ofizialari erronka egitea zen, erdigunetik urrun”. Hala ere, helburua ez da horrelako erakundeak “ahultzea”, lan “ezberdinak eta bereziagoak” eskaintzea baizik. Hori egiteko, konpainiek “edozein lekutan” antzezten dute: enparantzetan, lantegietan, frontoietan... sarritan ia baliabide barik. Eta hain zuzen ere, Pabellon 6, hAceria edota La Fundicion –eta bertan parte hartzen duten kide gehienak, behintzat– horrela hasi ziren. “Kasualitatez, edo agian ez hain kasualitatez”, hirurak Deustualdean daude. Deustuko Erriberan bi, eta “hirigintza-proiektuarekin batera, espazio kulturala garatzen ari dira”, Marinaren iritziz. “Eta ez dugu ahaztu behar ZAWP proiektuak egun daukan garrantzia”, azpimarratu du.

 

Publiko “berria” eta “nahiko gaztea”

ZAWP bezala, “oso garrantzitsutzat” jotzen du ikerlariak Pabellon 6ek egiten duen lana. Ez dute alperrik saritu oraintsu. Antzerki eremuko lanik onenaren Ercilla saria jaso berri du pabiloiak. Publiko “berria”, eta “nahiko gaztea,” erakartzen du; “agian, Arriagara joaten ez dena”. Bere progamazioak batez ere euskal artisten lanak eskaintzen ditu, baina beste leku batzutako taldeak ere gonbidatzen ditu. “Arte eszenikoen erakustoki dinamikoa da, euskal produkzioei lehentasuna ematen diena, eta arte erakusketak ere antolatzen dituena”. Horrez gain, Euskal Herriko lehen gazte antzerki konpainia profesionalaren jaiotokia da. Baditu bestelako ezaugarri azpimarragarriak ere, esate baterako, publikoarekin hurbiltasuna, elkarlana edota belaunaldien arteko elkarbizitza.

 

Beteranoa

1986. urtean sortu zen Ramon Cajal kalean La Fundicion aretoa, eta hamar urte geroago Francesc Macia kalera aldatu zen, Euskalduna Jauregitik gertu. Beraz, Off Bilbaoko areto “beteranoa” da. Sortu zenean, Bilboko eszena “ez zen gaur egun bezain aberatsa”. Marinak nabarmendu duenez, La Fundicion gune “berezia” da. “Konpainia alternatiboek, Bilbora etorri nahi bazuten, areto honetan bakarrik lan egin zezaketelako”. Mundu osoko ehunka talde –dantzariak eta aktoreak gehien bat– pasa dira bertatik. Ikuskizunak eskaintzeaz gain, La Fundicionen ikastaroak ere antolatzen dira. 

Zalantzarik gabe, dantzan espezialitatutako esparrua da. Udan, adibidez, Lekuz-Leku egitasmoa antolatzen du aretoko lantaldeak, hau da, “hirian zehar dantza egiten da, kalean bertan, ibiltariak dantzara hurbiltzeko asmoz”. La Fundicionen beste ekitaldi bereizgarri bat Dantzaldia da. Estatu mailako eta batez ere nazioarteko konpainiak biltzen dituen ekimena. Gainera, 2009tik Bilbao Antzerki Dantza (BAD) jaialdiaren ikuskizun batzuk La Fundicionen programatzen dira. Antzerki arloan, Red de Teatros Alternativos zirkuituan parte hartzen du eta, Pabellon 6 bezala, bitarteko kultura eskaintzen du “oinarrizko lanen eta produkzio garestien erdian”. 

 

Sortzaileentzako  espazioa

ZAWP proiektuaren hasieran kokatzen da hAceria aretoa; 1997. urtean sortua, Deustuko erriberan. Sortzaileentzako espazioa izan nahi du, arlo ezberdinetan (antzerkia, jazz, flamenkoa, soula...). Ekinez eta Trans Europe Halles dira hAceriaren beste proiektu batzuk. Azken horrek, adibidez, “nazioarteko aretoen arteko harremanak ezartzen ditu”.

Deustualdeko hiru esparru hauek amankomuneko ezaugarriak dauzkate. “Eskaintza alternatiboa proposatzen dute, autogestioaren bidez kudeatuta. Diziplinartekotasuna eta sormena bultzatzen dute eta sortzaile gazteen lana sustatzen dute egoitzen bidez. Publikoarekiko harreman estua daukate, eta horregatik kohesio berezia sortzen da aretoen eta erabiltzaileen artean. Hizkuntza-ugaritasunak eta irudimenak bereizten ditu Pabellon 6, La Fundicion eta hAceriako ikuskizunak”. 

 

Falta zaion “ikusgarritasuna” ematea

Marina Ruiz Canoren ikerketak bere doktorego-tesiarekin lotura dauka. Batik bat, Frantzian garatzen ari da ikerketa, “han oso gutxi dakitelako hemengo antzerkiari buruz”. Gainera, argitaratu diren gaur egungo hispaniar antzerkiaren historiak arretaz erreparatuz, ohartu da euskal antzerkia “oso gutxi agertzen dela edota sarritan ez dela agertzen”. Antzerki katalanak, valentziarrak eta galiziarrak bere esparrua dutenean. Beraz, “badago interes zientifikoa hutsunea betetzeko”. Euskal antzerkiari falta zaion “ikusgarritasuna” eman nahi dio Marinak, “hemendik kanpo ere Bilbon eta Euskadin idazten eta antzezten dena ezagut dezaten”.

 

Estrasburgon aurkezpena 

Joan den martxoan Estrasburgon aurkeztu du bere ikerlana XXI. Antzerkiaren Elkartearen bigarren bilkuran. Oro har, “harrera ona” izan duela aitortu du egileak. Elkarrizketa “aberasgarriak” sortzeraino. Gogoan du Marinak bilkurako partaide batzuk galiziarrak zirela, edo han egiten den antzerkia aztertzen zutela, eta “Off Bilbao asko gustatzen zitzaiela”. Batzuek udan Pabellon 6 bisitatzeko asmoa dutela aurreratu diote

Kontaktu berriak egiteko ez ezik aurkikuntzak egiteko baliagarriak dira Europa mailako bilkurak. Esaterako, Alejandro Ricaño dramaturgo mexikarrak Más pequeños que el Guggenheim testuan Bilboko eszenari buruzko erreferentziak egiten dizkiola. Eta, noski, harritzeko ere tartea izaten da bilkuretan. “Ikertzaile bat harrituta zegoen, Off Bilbao gisa La Fundicion bakarrik existitzen zela uste zuelako”. Marinaren iritziz, “horrek frogatzen du akademikoek ez dakitela Bilbon zer gertatzen den. Ziur aski errua gurea da, gaur egungo euskal antzerkia ez dugulako aztertzen, ikertzaile gazte batzuk salbu –Nerea Aburtok eta Jaime Valverdek adibidez–, eta Frantzian euskal eszena ia-ia ez da existitzen”. 

Uneotan, Marinaren helburu nagusia doktorego-tesia amaitzea da, “euskal antzerkiari buruz dagoen hutsunea betetzeko”. Epe laburrean, ETAren presentzia eszenatokietan aztertuko du. “Badaramat hilabete pare bat gaia aztertzen”, eta urrian lagin bat aurkeztuko du Dijonen: Camusen Los Justos lanaren moldaketa, Javier Hernandez-Simon eta Jose Antonio Perez bilbotarrek sortua.