Zelako bizitokia da Deustu?
Oso gustura bizi naiz. Lau urte daramatzat bertan. Etxetik gertu ditut supermerkatua, metroa… Pozik nago.
Nolako harrera egin dizute deustuarrek?
Oso ona. Lagunak dauzkat. Gehienak ni baino nagusiagoak dira. Zailtasun gehiago daukat nire adinkideekin harremanak edukitzeko.
Zergatik erabaki zenuen Senegaletik irtetea?
Ameskeriagatik. Afrikan esaten digute Europan herritar guztiek etxea, lana eta autoa daukatela, dena zoragarria dela eta ez dagoela sufrimendurik. Ez digute Europako errealitatea erakusten. Amerkeriagatik alde egiten dugu gure herritik. Hona ailegatzean konturatzen zara errealitatea bestelakoa dela.
Lan kontuetan zortea izan duzu?
Gutxi gorabehera zorionekoa naiz. Tarteka lana izaten dut; azkenaldian lan kontratu nahiko laburrak izan ditut. Baina, beno, mugimendua behintzat badago. Erresidentzietan egiten dut lan erizain laguntzailea gisa. Ikusmen arazoak ditut, eta desgaitasun horrekin erraztasuna gehiago daukat zenbait enpresetan kontratatua izateko. Lantegi Batuak erakundeak, esaterako, nire curriculuma enpresetara bidaltzen laguntzen dit.
Senegali buruz asko galdetzen dizute?
Nahikotxo. Down sindromea duten pertsonekin lan egin baino lehen adinekoekin egiten nuen lan eta, bai, asko galdetzen zidaten. Jakin-mina zuten. Oihana eta lehoiak aipatzen zizkidaten Afrikari buruz hitz egitean, baina nik inoiz ez dut lehoirik ikusi. Oihana badago, baina Senegal hegaldean. Ni iparrelakoa naiz, Dakarrekoa, eta han hondartzak baino ez daude.
Zure etorkizuna Deustun dago?
Hona etorri baino lehen Alemanian bi urte eman nituen. Bertan bizi dira gaur egun nire aita eta neba-arrebak. Presio egiten didate Alemaniara buelta nadin. Zalantzan nago Bilborekin maiteminduta bainago. Bertara ohitu naiz, jende asko ezagutu dut hemen, eta aldaketak beldur apur bat ematen dit. Ez dut Bilbotik alde egin nahi.
Zer dela eta hasi zara euskara ikasten?
Neska-lagun euskalduna nuen. Euskaraz asko hitz egiten zidan eta jakin-mina piztu zaidan. Bere lagunekin elkartzean, batzutan, jokoz kanpo geratzen nintzen euskaraz hitz egiten zutelako. Orduan, erabaki nuen ikastea. Lanerako ere balio du. Bost hizkuntza dakizkit, eta bikaina da beste bat ikastea.
Erraza al da euskara ikastea?
Ez, oso zaila da, ez baitu erro komunik ezagutzen ditudan wolof (Senegaleko hizkuntza), frantsesa, alemaniera, ingelera eta gaztelerarekin. Euskara aparteko hizkuntza da, txineraren parekoa niretzat.
Ecuador Etxean jasotzen dituzu euskara klaseak.
Ondo pasatzen dugu klasean. Jatorrak dira ikaskideak eta Galder irakaslea. Zaila den arren, pentsatzen dut euskara ikasteko erraztasun gehiago eman behar zaiola jendeari. Euskaldunak euskaraz egitera eta irakastera anima daitezke ez dakitenei aukera eskainiz, kanpotarrei zien bertakoei, eta ez du doan izan behar. Ezta euskaltegietako prezioa ere. Euskara ikasteko matrikulak merkeagoa izan behar du.