Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna gogoratzeko Bilboko Udalak egindako Bilboko Emakumeak, Nosotras contamos dokumentala emango da barrutietako udaltegietan. Lan horren bidez, herritarrek hiriko historia ezagutu ahal izango dute emakumezkoen ahotik. Emakume horiek Bilboko gizartean azken 50 urteotan izan diren aldaketen lekuko eta protagonista izan dira.
Ikus-entzuneko lan honetan hamaika emakumek gaur egungo Bilboren eraiketaren inguruan izan dituzten memoriak, balorazioak eta esperientziak jasotzen dira. Iazko azaroan eta abenduan egin diren elkarrizketak 40 minututan laburtu dira eta bertan azaltzen da Bilboko gizartearen aniztasun zabala, oso profil desberdineko emakumeak agertzen baitira: Carmen Urruela, feminista, irakasle erretiratua; Pili Gil, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartearen fundatzailea, erretiratua; Begoña Arnaiz, Erriberako Merkatuko saltoki baten jabea, erretiratua; Mª Angeles Villa, Julia tabernaren jabea, Laguna kaleko jatetxea (Gorte ingurua), erretiratua; Milagros Garcia Crespo, Ekonomiako katedradun erretiratua, Espainiako Kontu Auzitegiko presidente ohia; Adela Asua, Zuzenbideko katedraduna eta Auzitegi Konstituzionaleko kidea; Mertxe Martin, industriako langile erretiratua (Artiach); Benita Gonzalez Mitxelena, langilea, etxekoandrea, unibertsitateko ikasle heldua; Matilde Renobales, langilea, etxekoandrea; Carmen Mijangos, kimikaria eta ikerketako irakaslea Polimeroen Institutuan, CSICen; eta Mari Puri Herrero, pintorea eta Marijaiaren egilea.
Bilboko Emakumeak. Nosotras contamos dokumentalak hiru ardatz dauzka. Lehenik eta behin, Bilboren eraldaketa; bigarrenik, Bilboko gizartearen eraldaketa soziala, kulturala eta politikoa 50eko hamarkadatik gaur egun arte; eta, azkenik, emakumeak gizartean daukan zereginaren aldaketa.
Era berean, dokumentalak hiriaren mugimenduaren argazki bat izan nahi du. Izan ere, emakumezkoen ahotsen bitartez Bilbon izan diren aldaketa urbanistikoak, moralak, hezkuntzakoak, ohituretakoak, lanekoak, kontsumokoak eta aisialdikoak islatzen dira.