69 erraldoi buelta-bueltaka, Bizkaian inoiz izan den erraldoi bilkurarik handiena

uriola.eus 2016ko eka. 3a, 08:20

Ondalan erraldoien konpartsak 20 urte bete ditu eta, bi hamarkadako ibilbidea ospatzeko, bihar, ekainak 4, Bizkaian inoiz izan den erraldoi bilkurarik handiena antolatu du Deustualdean.

Guztira, Euskal Herriko 69 erraldoi elkartuko dira Deustun lehenik eta San Inazion gero ekainaren 4an. Bizkaian inoiz izan den erraldoi topaketa handiena antolatu du Ondalan konpartsak bere 20. urteurrena ospatzeko. Hainbeste erraldoi izaki, bi zutabetan banatzea erabaki dute.

Goiztiarrenak 10:30ean irtengo dira kalejiran Ondalan konpartsak Blas de Otero kaleko atzealdean duen egoitzatik. Arrasate, Irrintzi (Donostia), Kanbo, Txantrea eta Sanduzelaiko erraldoi taldeak izango dira ibilbide luzeena egingo dutenak. Deustun zehar hamaikatxo buelta emango dute. Iruña kalea, Madariaga, Heliodoro de la Torre, Blas de Otero, Iruña eta Agirre lehendakariaren etorbidetik pasa eta gero Pedro Astigarraga plazara iritsiko dira. Bertan elkartuko dira beste zutabearekin.

Ibarrekolandatik irtengo da bigarren zutabea 11:00etan. Ibilbide laburragoa egingo dute eta horregatik parte hartuko dute bertan ume eta gazteek dantzatuko dituzten erraldoi txikiek eta Santurtzi, Areatza, Bermeo, Getxo eta Basurtuko taldeek.

Pedro Astigarraga plazan banan-banan balsa dantzatuko dute eta ostean 69 erraldoiak elkarrekin Levante plazara joango dira kalejiran. Bertan multzoka dantzatuko dute. Berezia izango da amaiera. Balsa eta Polonesa-rekin, “apoteosikoa”, Jabi Ortega Ondalaneko kidearen esanetan.

Lanak bukatuta 550 lagunek Elorrietan bazkalduko dute paratuko duten karpa batean. Indarrak berreskuratu eta gero ekingo diote dantzari Aiko taldearekin, baina erraldoi gabe. “Ordurako gordeta egongo dira”. Levante plazan erromeriaz gain, erraldoi txikiak dantzatzeko tailerra eskainiko diote ikasi nahi duen orori, eta Ondalanen hainbat material ere salgai jarriko dute. Kamisetak, zapiak edota Ondalan markarekin merkaturatu duten garagardoa, esaterako. 21:30ak arte luzatuko dute ospakizunean parte hartzera “Euskal Herri osoa” gonbidatu du Ondalan konpartsak. Tartean egongo dira 150 bat konpartsakide: kide ohiak, gaur egunekoak, lagunak eta senideak. Baita hainbeste lekutan 20 urtetan egin dituzten lagun piloa ere”.

Egoera irauli

Irunberritik datorkio Deustuko erraldoien taldeari Ondalan izena, eta iraultzearekin lotura du. “Lurrari buelta emateko erabiltzen dute Irunberrin ‘ondalan’ hitza”, dio Jabik, “eta guk konpartsa sortzean orduko egoera irauli nahi genuen”. Horretarako lan handia egin du Ondalanek, “jende askoren esfortzuarekin”. Bai koreografiak irakasten bai talde berriak babesten. Bizkaia izan da taldearen “lan eremua” eta “urtero” jaietan huts egin ez dutelako Gorliz, Mungia eta Zornotzan bertakotzat dituzte. Duela 20 urteko erraldoien egoerak Bizkaian “ez dauka zerikusirik” egungoarekin. Azken bi hamarkadetan “irauli egin da”, Jabi Ortegaren arabera. Onerako irauli ere, inoiz baino talde gehiago eta jarduera gehiago baitago.

@ondalanKonparts 

www.ondalan.eus