Asier Garcia, Bidaideak Bilbao BSR: “2012tik taldeak ez dio hazteari utzi”

prestaldizkaria 2016ko eka. 2a, 14:00

Argazkiak: Iñigo Azkona/FEDDF

Bilbon ez ezik Bartzelonan, Toledon eta Getafen izan da saskibaloi jokalari gurpil-aulkian Asier Garcia. Aurtengo denboraldia amaitu ostean Bidaideak Bilbao BSR bere taldearekin (hirugarren Ohorezko Mailan, bigarren Challenge Cupen), ez du atsedenik. Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan jokatzeko prestaketan ari da buru-belarri. Bere bigarren esperientzia olinpikoa izango da, eta irrikitan dago.

Hirugarren postuan amaitu du Bidaideak Bilbao BSR taldeak Espainiako Ohorezko Mailan. Kapitain gisa, zelako balorazioa egin duzu?

Kalitate handia dago Ohorezko Mailan. Gure taldeak lau urte daramatza maila honetan. Aurretik taldea gora eta behera ibili da, egonkortasun gabe. Beraz, lau urtez mailari eustea eta, gainera, hirugarren postua lortzea ligan, gure aurrekontu eta jokalariekin, emaitza ona da. Aurreko denboraldian bosgarren geratu ginen. Gure emaitzarik onena duela hiru urte lortu genuen, ligako txapeldunordeak izan ginen, baina zorte kontua izan zen zeren berdinketa hirukoitza izan zen urte hartan.

 

Ligako hirugarren postuak berriro ere Europan lehiatzeko ateak zabalduko dizkizue hurrengo denboraldian.

Iazkoa izan zen gure lehen esperientzia Europan. Aurtengoa izan da bigarrena, eta finalera iritsi gara. Albaceteko taldearen aurka jokatu dugu Challenge Cupeko finala. Albaceteri ez zegokion finala jokatzea iazko Challenge Cupeko irabazlea izan baitzen. Ez zioten Europako kategoria horretan jokatzen utzi behar, goragoko mailan baizik. Baina tira! Albacetek hamabi jokalari ditu, hamar atzerritarrak, eta gurea bikoizten duen aurrekontua. Finala galdu egin genuen. Hurrengo urtean, bai, guk Europako bigarren txapelketan jokatuko dugu, Euroligue 2ko sailkapen fasean.

 

Itxaropen handia zegoen zuengan jarrita? Zer eman dio Europak klubari?

Klubaren helburuetako bat gure burua eta gure lana ezagutzera ematea da eta, komunikabideek jarraipen handia egin zigutenez, oso pozik gaude zentzu horretan. Baina finala galtzeak asko izorratu gaitu, irabazi nahi baikenuen. Burumakur itzuli ginen. Galtzaileetan lehena da bigarren geratzen dena.

 

Zelako taldea da Bidaideak Bilbao BSR? Zein bereizgarri du?

Espainiako ligako lehen sei taldeen artean etxeko jokalari gehien duen taldea da gurea. Hamabi jokalari gara, zazpi bilbotarrak eta denak harrobitik irtendakoak. Bi atzerritar ditugu eta bi Estatuko jokalari. Azken hauek lau urte daramate gurekin eta klubak euren jarraipenaren aldeko apustua egin du, gustura egon daitezen.

 

Noiz egin du eztanda klubak?

Gurpil-aulkiko saskibaloian Bilboko taldea historikoa da. 25 urte ditu klubak. Ez da inoiz talde garrantzitsua izatera iritsi. Ez zen profesionala, eta ez zuen fitxatzen. Ni bertan hasi nintzenean, duela 13 urte, denak bertakoak ginen. Lehiatzen eta ondo pasatzen ahalegintzen ginen. Gero alde egin nuen eta Bartzelonan, Toledon eta Getafen jokatu nuen. 2012ko Joko Olinpikoen ostean itzuli nintzen taldea profesional egiteko apustua bazegoelako eta Bidaideak elkartea eta Saiatu fundazioa laguntzen hasi zirelako. Horri esker jokalari batzuk fitxatu ziren, eta Ohorezko Mailari eutsi zitzaion. 2012tik taldeak ez dio hazteari utzi.

 

Erakunde publiko eta pribatuen babesa eta publikoarena iritsi zaizue?

Estatuko talde gehienak diru-laguntza publikoetatik bizi dira. Guk ere badugu erakunde publikoen laguntza, bai Bilboko Udalarena bai Bizkaiko Foru Aldundiarena, Bidaideak dugu sponsor nagusi bezala, eta enpresen laguntza ere badugu. Ura ematen digute batzuk denboraldi osorako, logela bat hotel batean beste batzuk. Horri esker, urteko gastua murrizten dugu. Laguntza pribatu gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea. Etxeko zazpi-zortzi jokalari izatea oso filosofia polita da, baina benetan elitean egon nahi baduzu dirua eta aurrekontua behar duzu etxeko gabeziak estaltzen laguntzeko.

 

Diru gehiago behar duzue?

Diru publiko gehiago ezin dugu eskatu, nahikoa dugu, gu geu gai izan behar gara baliabideak lortzeko enpresa pribatuetatik. Guzti hori lortzeko taldea ikusgarri egin behar dugu, eta hori lortu dugu. Duela hilabete, etxeko azken partiduan, Final Fourrean sailkatzeko egunean, Txurdinagako kiroldegia jendez beteta zegoen. Publiko fidela dugu. Peña bat dugu partidu guztietara jarraitzen diguna. Astero komunikabideetan aipatzen gaituzte; horri esker ikusgarriak gara Bilboko gizartearentzat, eta enpresa pribatuek gure alde egiten dute. Zentzu horretan taldea ondo bideratuta dago.

 

Zein da klubaren erronka nagusia?

Taldea Bilboko jokalariekin indartzeko ildoari jarraipena ematea. Gure etorkizuna eskolaren bitartez izango da bideragarria. Lehen taldeaz gain kirol eskola bat du klubak. Bi funtzio ditu eskolak. Batetik, gizarte funtzioa. Larunbat goizero desgaitasunen bat duten gazteen elkargunea da bai kirola egiteko bai ondo pasatzeko. Funtzio hori oso ondo betetzen dugu. Bestetik, harrobi funtzioa du eskolak. Eta gaur egun ez dago nahiko gazte eskolan etorkizunean goi mailan jokatzeko gaitasuna duena. Izan ere, desgaitasunen bat duen oro ez da gai saskibaloiko jokalari izateko. Bi urtero bat edo bi irteten dira. Orain, adibidez, Larrabetzuko Patxi daukagu, 17 urtekoa, etorkizun oparoarekin. Baina kluba urtero eskolako jokalari batekin gutxienez elikatu behar da, bestela bederatzi urte barru ez da bertako jokalaririk izango. Niretzat ez du zentzurik hamar urte barru dirua izateak baina klubean lau amerikar, bi kolonbiar, ingles eta aleman bat eta Mungiako gazte bat izateak. Ohorezko Mailari eutsi behar dio gure klubak eta, era berean, eskola indartu behar du eta etorkizuneko jokalariak bereganatu behar ditu.

 

Zelakoa izan da zure ibilbide pertsonala?

Bost urte neramatzan Zuharrak taldean (CD Zuharrak taldeak Bilbao BSR izena hartu zuen) eta, taldea aurrera egin ezinda ikusi nuenean, 2006an Futbol Club Barcelonara alde egin nuen. Hiru urte eman nituen Bartzelonan, bi Toledoko taldean eta bat Getafekoan. 2012ko Joko Olinpikoen ostean erabaki nuen itzultzea.

 

Rioko Joko Olinpikoetarako entrenatzen ari zara.

Denboraldia amaituta, lehen hautaketan Espainiako selekziorako aukeratu gaituztenak lau hilabete ditugu entrenatzeko, kontzentratzeko, bidaiatzeko eta probatzeko. Behin betiko jokalarien zerrenda uztaileko lehen astean ezagutzera emango dute beranduenez; bertan egotea espero dut.

 

Lesioekin zortea izan duzu?

Egia esan, bai. Lesio larri bakarra iaz Europako txapelketan izan nuen. Baina ez zen larria izan. Sorbalda minduta izan nuen eta azken partiduan apurtu nuen. Irailean ebakuntza egin zidaten, eta ondo berreskuratu naiz. Abenduan hasi nintzen taldearekin jokatzen.

 

Ilusioa duzu bigarrenez parte hartzeko Joko Olinpikoetan?

1996tik Joko Olinpikoetan sailkatu gabe zegoen Espainia 2011n lortu zuen arte. Ikaragarria izan zen saikapena lortzea eta 2012an Londresen egotea. Ordezkatzen duzunagatik baino, norbere esfortzuagatik Joko Olinpikoetan parte hartzea kirol mailan dagoen lorpenik handiena da. Saria. Behin joatea itzela izan zen, bigarrenez joatea ametsa da.  

Deustun egoitza duen Bidaideak elkarteak 25 urte bete ditu. Zelako lana egiten du?

Boluntarioen elkarte bezala sortu zen ez Bilbon ez Bizkaian existitzen ez zen zerbitzu sozial bati irtenbidea emateko. Zoro batzuk ekin zioten desgaitasuna zuten pertsonen garraioari euren auto eta furgonetekin. Etxera edota eguneko zentroetara eramateko. Lau laguneko hasierako taldeak egun 3.000 erabiltzaile ditu, 200 langile Bizkaia osoan. 

 

Orduñako emakume batek salatu du trenean ezin duela igo bere aulkiarekin, eta bai geltokia bai trena egoitzeko eskatu du. Zer deritzozu?

2014an Aste Nagusian pregoia botatzea egokitu zitzaidanean esan nuen gauza bera erantzungo dizut. Hobetzeko gauzak badauden arren, oro har Bilbo nahiko hiri irisgarria da; zailtasunak ezagututa diot, zeren goi auzoetan, esaterako, irisgarritasun osoa izatea konplexua da. Garraio kontuetan, adibidez, metrorik onena du Bilbok, irisgarriena alde handiarekin. Bilboko autobus gehienak arrapadunak dira. Beti dago egiteko asko, ziur. Baina, egia da, Bilbok azken 15-20 urtetan irisgarritasun osorantz aurrepauso handiak eman ditu. Lan ona egiten ari dira. 

 

Zer falta da egiteko?

Aldatu beharrekoa jendearen pentsamoldea da. Inklusiboa ez dena gizartea bera da. Aulkian mugitzen den jendeari koitadu gisa begiratzen jarraitzen dugu, ‘zer gertatuko ote zaio’ edota ‘laguntza beharko du’ pentsatzen dugu. Laguntzarik eskatzen ez badu ez eskaini laguntzarik zu bezain gai izan baitaiteke espailora igotzeko. Batzutan intentzio txarrik gabe eskaintzen da laguntza, baina beste batzutan iraingarria da behar ez duzunean laguntza eskaintzea norbaitek. Gizartean zabalduta dagoen pentsamolde hori aldatzeri ekin behar diogu. Japonian, Korean edota Bretainia Handian oso bestelakoa da, inork ez du begirada desberdinik aulkian doan pertsona batentzat, eta hemen bai, egunero ikusten dut. Eta hori ere bada Bilbo eta Bizkaia irisgarri egitea. 

 

bilbaobsr.com