Hogei artistaren artelanak batzen ditu Ertibil sariketak eta lan sarituen erakusketa ibiltariak –uztailaren 3ra arte Rekalde aretoan ikusgai–. Bizkaitarrak diren edo bertan lan egiten duten artista gazteen lanak ezagutzera emateko antolatzen du urtero Ertibil programa Bizkaiko Foru Aldundiak.
Aurtengo deialdira 109 artisten lanak aurkeztu dira, eta Daniel Castillejo, Zuhar Iruretagoiena, Abigail Lazcoz eta Ane Rodriguezek osatutako epaimahaiak Irantzu Yaldebere deustuarrari eman dio bigarren saria. Bera da hogeien artean gazteena. Sariak ezustean harrapatu du Irantzu. “Ez nuen espero”, dio. Izan ere, Arte Ederretako karrera amaitu gabe du, gainerako sarituak Masterrean dauden bitartean, “edota Masterra amaituta beste batzuk”. Lehen sarituak, adibidez, Amaia Gracia Azquetak, “nik baino 12 urte gehiago ditu eta artista ibilbidea eginda dauka”.
Lehen hiru sarituek bat egin zutenean –Helena Goñi da hirugarrena–, hirurak emakumeak zirela konturatu ziren. “Hara, zein ondo” pentsatu zuten. “Bitxia” da, oraindik orain artista gazteen artean ere, Ertibil bezalako lehiaketa batean saritu nagusiak emakumeak izatea.
Hogei lanekin erakusketa ikusgai dago Rekalde aretoan. “Bilboko areto inportanteenean”, Irantzuren arabera. Pozik dago Rekalde bezalako espazio batean bere lan bat “lehen aldiz” paratzeagatik.
Baina Ertibilek “izena” ez ezik ordainsaria ere ematen du. “Ona”, gainera, “hurrengo proiektuetan lanean hasteko asko laguntzen duena”, zergetan zati bat galtzen den arren.
Gora Arriba horizontalean 2016
Bi argazkiz osatutako artelana da Irantzuaren Gora Arriba horizontalean, 2016 izenekoa. “Proiektu handiago baten zati bat”; ariketa “sinple bat”. Ariketarako “gatazka politikoetan agertzen diren izaera politikoa duten identitate keinuak” aukeratu ditu. Kontutan harturik, identitateak “espazio sozial publikoean eraikitzen direla”, ohartu da kontestutik ateratzean eta indibidualizatzean, keinuaren “egitura estetikoa bakarrik” geratzen dela. Hortaz, kanpotik begiratuta ikusten den keinua hartu eta horizontalean jarri du, keinua nola desaktibatzen den ikusteko. “Zama politiko eta ideologioko guztiak galduta”.
Epe laburrean, karrera eta Gradu amaierako lana amaitzea du helburutzat Irantzuk, arestian aipatutako proiektu handiagoa du hori. Eta horrekin batera, datorren urtera begira, Gasteizen bizitzen dagoela eta, Errekaleorren sormen espazio bat sortzea. PREST! aldizkariari aurreratu dionez, “Gasteizeko Udalak laguntza bat eman digu horretarako”, eta ezin pozago dago.