Jazz musikatik rockera, klasikoa edo herrikoia… Denek izango dute bere lekua ekainaren 9an, 15ean, 17an, 23an eta 30ean egingo diren kontzertuetan.
Hasteko Txuma Murugarren
Ekainak 9 / 19:30 / Deustuko Udaltegia
Urte batzuetan Sasoi Ilunak rock bandako liderra, musikagilea eta kantaria izan ondoren, bakarkako lanari ekin zion 2000. urtean 'Nere leihoak' diskoarekin. Harrezkero beste sei atera ditu zenbait bide erakutsiz: rock soinuak, pop intimista, soul soinuak eta abar. Hainbat proiektutan eta hainbat artistarekin jardun du aldizka: Rafa Rueda eta Petti musikariekin, Julen Gabiria idazlearekin etab. Udagoienean plazaratuko du bakarkako zazpigarren lana.
San Inazio Abesbatza + Deustoarrak Abesbatza
Ekainak 15 / 19:30 / Deustuko Udaltegia
San Inazio Abesbatza: 1978an sortua. Gaur egun 43 ahots misto ditu eta Gorka Beriain da zuzendaria.
Deustoarrak Abesbatza: 1957an sortua. 1964an hartu zuen Deustoarrak Abesbatza izena. Gaur egun, ahots baxuko 24 kide ditu eta Roberto Bienzobas da zuzendaria. Bi LP argitaratuta 1972an, CD bat 2003an eta beste bat 2007an, bere 50. urteurrenean.
Ana Bejarano & Euskonnection
Ekainak 17 / 22:00 / La Haceria
Bateriak, kontrabaxuak, pianoak, saxofoiak eta ahotsak osatutako boskotea. Bere errepertorioan euskal musikaren sustraiak eta jazza uztartzen ditu. Jazza afroamerikar kulturaren adierazpide izanik, beti egon da zabalik beste musika-tradizio batzuen eraginera. Kasu honetan, uztartze hori euskal musikariek egina da, Euskadiko mugak zeharkatu eta beste kultura batzuetara iristeko ere.
Iban Urizar eta 'Amorantea'
Ekainak 23 / 19:30 / Deustuko Udaltegia
Bi hamarkadatik gora daramatza Iban Urizarrek (Elgoibar, 1975) musikaren munduan murgilduta. 'Amorante' da bere azken sorkuntza eta iturri ugaritatik edaten du, izen artistikotik bertatik hasita. Rodrigo Amarante musikari brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantari izandakoaren abizenak nahasi ditu, haiei dien miresmenenaren seinale. Bakarka dator, arriskatzera. Aldean dakartza gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta bestelako perkusio tramankuluak; bere berea du ahots tarratatua. Eta looper bat darabil, horiek guztiak behar bezala nahasteko, ordenatzeko, eraikitzeko, apurtzeko.
Aire Ahizpak
Ekainak 30 / 19:30 / Deustuko Udaltegia
Xalbador bertsolariaren ilobak dira Miren, Amaia eta Paxkalin ahizpak; kantu artean haziak eta esperientzia handidunak plazan, batez ere Iparraldean. Euren errepertorioan antzinako kantak, klasikoak eta gaur eguneko bertsioak daude. A capela da gustukoen duten formatua, nahiz eta eskainiko dizkiguten kanta gehienetan Sebastien Desgrans soinu-jotzailearen laguntza izango duten. Iparraldean zeharo ezagunak badira ere, ez dira larregi ibiltzen mugaz honantz.