Unai Tellitu: “Ezin da Glasgow ulertu bere jendea ezagutu barik”

prestaldizkaria 2016ko eka. 8a, 07:45

Glasgown (Eskozia) bizi den deustuarra da Unai. Erasmus bekarekin Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasten ari da bertako unibertsitatean. Beka bukatzean ez dauka oso argi zer egin.

Zer dela eta erabaki zenuen Glasgowra joatea?

Batik bat hizkuntzarengatik, ingelera hobetzeko leku bat aukeratu nahi nuen eta Erresuma Batuko hiririk erakargarriena Glasgow zen. Gainera, Eskozia ezagutzeko irrikitan nengoen txikitatik.

Noiz joan zinen?

Urtarrilean etorri eta bost hilabete daramatzat Glasgown. Ekainaren 12ra arte egon naiz bertan.

Zelan egokitu zara?

Lehenengo egunak zailak egiten dira, familia eta lagunak urrun dira eta. Hala ere, eskoziarrek harrera ona egin didate eta hemengo kulturara nahiko azkar egokitu naizela uste dut. Eskoziarrak, jende adeitsu, eskuzabal eta zintzoak dira, lehenengo egunetan adibidez, kalean galduta nengoen eta eskatu gabe, gazte bat etorri zitzaidan laguntza eskaintzen eta bizi nintzen lekura lagundu ninduen.

Zerk harritu zaitu gehien?

Orokorrean, bizitako esperientzia, ez nuen uste hain aberasgarria izango zenik. Horrez gain, Euskal Herrian paisaia desiragarriak ditugun arren, pertsona orori gomendatuko nioke auto bat alokatu eta egun batzuk Highlandsetako bizitza basatian galtzea.

Zelako antzekotasunak daude?

Herri edo kultura baten kidea izatearen sentimendua antzekoa da. Bestalde, eguraldia antzekoa da, hala ere, harrigarria badirudi ere, hemen euri gutxiago egiten du. Horrez gain, sozializatzeko orduan, euskaldunak eta eskoziarrak oso antzekoak gara, biok daukagu lagun eta familiarekin ondo pasatzeko eta edateko kultura eta, gainera, egiten dituzun lagunak betirako izaten dira.

Eta zelako desberdintasunak?

Ordutegia, hemen 18:30ean afaltzen dute, eta hasieran egokitzea zaila egiten da. Euskal Herrian dugun janaria, topikoa badirudi ere, faltan botatzen da.

Zelako hiria da Glasgow?

Glasgow hiri industriala da, hemen denetarik aurki dezakezu. Hiri itsusia eta arriskutsua izatearen ospea eduki arren, ez da horrela. Denetarik eskaintzen duen hiria da, ikasteko, lan egiteko edo oporretan datorren edonorrentzat. Glasgowk duen goiburuak dioenez, People make Glasgow, ezin da Glasgow ulertu bere jendea ezagutu barik.

Zelako bizi kalitatea dago bertan?

Orokorrean, hemengo jendeak bizi kalitate altua du, osasuna eta hezkuntza publikoa izanik. Unibertsitatea dohainik da eta gobernuak diru-laguntza kopuru altuak ematen dizkio ikasle eta herritarrei orokorrean. Horrez gain, prezioak nahiko altuak dira guretzat, hemengo soldatak ere altuak direla kontuan izanik. Izan ere, eskoziar ekonomia Europako garatuenetarikoa dela diote askok, petroliotik lortzen dituzten diru-sarrerak direla eta, batez ere. Ingurumenari dagokionez, Eskozia herrialde ‘berdetzat’ har genezake, birziklapena serio xamar hartzen baitute, eta eskoziarrek duten ondarea oso ondo zaindua dute (naturala, historikoa, eta abar).

Parranda asko egiten al duzu? Eramusi buruzko mitoa (parranda asko eta ikasi gutxi) egia al da?

Jai-giro itzela dauka atzerritik datozen ikasleentzat, beti dago zerbait egiteko eta beti dago planen bat nahiz eta ez bilatu. Horrek ez du esan nahi lanik egin behar ez denik, noski. Egia da, hala ere, ezagutzen duzun jendea, bizitako abenturak eta tokiko beste herritar bat zarela sentitzeak, Erasmusa esperientzia ahaztezina bihurtzen duela.

Zer duzu faltan?

Eguneroko bizitzako jendea, eta batik bat, dugun gastronomia.

Zer egingo duzu itzultzean

Oraindik ez daukat oso argi zer egin. Glasgown master bat egitea gustatuko litzaidake, edota atzerrian praktika batzuk egitea.