Giro ezinhobea Deustuko Gazte Egunean

prestaldizkaria 2016ko eka. 14a, 09:47

Goizean goiz, gazte goiztiarrenak bazeuden prest Deustuko Gazte Egunari hasiera emateko. Bizikletarekin gerturatu ziren lehenengoak ibilbide zaratatsuan abiatu ziren Deustuko kaleetan barrena oraindik lotan zeuden auzokideak esnatu eta Gazte Egunera gerturatzeko dei eginez.

10:30ean aldera, Inazio eta Amaia bertsolariak ahotsa argitu eta bertsotan hasi ziren, Deustuko gazteek, bertsolarien hitzei arreta eskainiz, gosaltzen zuten bitartean. Eguzkia disdiratsu irten zen larunbatean eta pilak kargatuta, urte osoko lanketaren isla gisa gazte egunak aurrera egin zuen musikaren laguntzaz.

Bertsoen ostean, Gazte Lokaleko kide bat Txoridendako barrara igo eta pregoia bota zuen aho batez, ozen "Deustuko gazteria indartzera goaz" oihukatu zuen, amaieran xanpain botila irekiz. Lehenengo gazte ausartak kafea alboratu eta garagardoa eskatzen zuten bitartean, triki-poteorako deia luzatu zitzaien Txoridenda betetzen zuten gazteei. 11:30ean Luzarra kaleko Baionara heldu zen musika, gazte animatuek dantzan egiten zuten bitartean.

Sukalde lan-taldea osatzen zutenek bazkarirako azken ukituak egin eta paellak prestatzen hasi ziren. Kalean bertan jarri zituzten sei suek lehenengo barazkiak frijitzen zituzten bitartean, garbantsuzko krema (hummusa) bazegoen prest. Entsaladei azken ukituak eman eta zainzuriak bota zizkioten horrekin bukatzeko asmoz. Bazkaria egina zegoen.

Deustuko Gazte Egunera animatutako jendea aldiz, tabernaz taberna kantan zihoazen. Baten batzuk euskal dantzei ekin zioten eta besteek lotsaturik akaso, traguei eusten zieten irribarrea galdu barik. Armonia ez zen falta, kuadrila edota bakarka gerturatutako gazteen artean.

Egindako lehengo paellak frontoiaren goi-aldera heltzen ziren bitartean, goseak jotako batzuek euren lekuak hartzen hasi ziren mahai gainean zeuden sagardo botilak irekitzen zituztela. 15:30ak aldera Gazte Eguneko bonoa eskuratu zuten 180 pertsonak bazeukaten janaria mahai gainean eta eragile ezberdinek jarritako pankarten koloreek inguratzen zituzten gazteen elkarrizketa eta oihuek, eguzkiak euren aurpegiak koloreztatzen zituela.

Bazkaria luzez iraun ostean, guztien artean jaso zituzten mahaiak eta bazkarian erabilitako lapiko zein tresneria garbitzeko unea izan zen gazte batzuentzako. Beste batzuk aldiz euren lekua hartuz zihoazen frontoian, pala txapelketako finalerako zain. 18:00etan lau partaideek palak hartu eta jokatzera ekin zioten. Giroz betetako frontoian ikusleen buruek pilota jarraitzen zuten, eta azkenean, ordubeteko partiduaren ostean Eder eta Karlos Deustuko gazteek irabazi zuten txapelketa.

Egunarekin bukatzeko, eguzkia ezkutatzen ari zela, gazteek bokatak prestatu zituzten Txoridendan eta kontzertuen lehen notak Gazte Lokalean entzuten hasi ziren. Arrasatetik etorritako Hans, Willii eta Txakur izan ziren lehenengoak, ostean, Mortimer Tanganaren txanda izan zen, 1ak arte iraun zuen Jarel Babel DJekin bukatuz.

Argazkiak: Garazi Calvo

Bideoa: Ane Labiano