Ezustekoa hartu dute gaur goizean Blas de Otero kaleko auzotar eta merkatariek Guardia Zibilaren bost furgona -bi zuri kolorekoak- kale erdian geratu eta hainbat agentek errepidea eta espaloia itxi dutenean Rafaela Ibarra eta Luis Power kaleen artean.
Blas de Otero kaleko 13. atariko etxebizitza batean sartu dira "kasko eta ezkutu eta guzti" lekukoek adierazi dutenez. Miaketa egin bitartean Guardia Zibileko hainbat agentek kalea moztu dute ibilgailuentzat. Hasieran espaloia ere itxi duten arren, atari pareetako espaloia zabaldu dute orduek aurrera egin ahala. Zenbaki inpareetako espaloia auzokideentzat eta inguruko merkatarientzat soilik dago erabilgarri.
Ia bost orduz luzatu den operazioa dela eta, hainbat zurrumurru zabaldu dira Deustuko auzotarren artean. Drogarekin edota jihadismoarekin lotutako operazioa aipatu dira, besteak beste. 11:00etan El Correo agerkariak zabaldu du "delikuentzia arrunt" kasua zela. 15:30etik aurrera, berriz, Guardia Zibilak berak eman du jakitera erabilpenik ez zuten armak atzerrian erosi, moldatu eta Espainian arma erabilgarri gisa saltzen duen sarearen aurkako operazioa dela. Bere baitan atxilotu dute Alejandro Cao de Benos, Espainian Ipar Koreako enbaxadore lanetan jardun den pertsona.