Aske utzi dute atzo Deustun atxilotu zuten gizona

uriola.eus 2016ko eka. 15a, 09:50

Dokumentazio ugari eraman du Guardia Zibilak Blas de Otero kaleko 13. atariko etxebizitza batetik atzo goizean ia bost orduz miaketa egin eta gero. Bertan bizi den gizona aske geratu da. Estatuan, guztira, hamar lagun atxilotu zituzten arma trafiko egotzita. Operazioak zabalik jarraitzen du. 

Ezustekoa hartu zuten atzo goizean Blas de Otero kaleko auzotar eta merkatariek Guardia Zibilaren bost furgona -bi zuri kolorekoak- kale erdian geratu eta hainbat agentek errepidea eta espaloia itxi zutenean Rafaela Ibarra eta Luis Power kaleen artean.

Blas de Otero kaleko 13. atariko etxebizitza batean sartu ziren "kasko eta ezkutu eta guzti" lekukoek adierazi zutenez. Miaketa egin bitartean Guardia Zibileko hainbat agentek kalea moztu zuten ibilgailuentzat. Hasieran espaloia ere itxi zuten arren, atari pareetako espaloia zabaldu zuten orduek aurrera egin ahala. Zenbaki inpareetako espaloia auzokideentzat eta inguruko merkatarientzat soilik egon zen erabilgarri 14:30ean alde agin zuten arte.   

Ia bost orduz luzatu zen Deustun operazioa eta hori dela eta, hainbat zurrumurru zabaldu ziren Deustuko auzotarren artean. Drogarekin edota jihadismoarekin lotutako operazioa aipatu ziren, besteak beste. 11:00etan El Correo agerkariak zabaldu zuen "delikuentzia arrunt" kasua zela. 15:30etik aurrera, berriz, Guardia Zibilak berak eman zuen jakitera erabilpenik ez zuten armak atzerrian erosi, moldatu eta Espainian arma erabilgarri gisa saltzen duen sarearen aurkako operazioa zela. Bere baitan atxilotu zuten Alejandro Cao de Benos, Espainian Ipar Koreako enbaxadore lanetan jardun den pertsona.

 

[2016-06-14] Arma trafikoa egotzita pertsona bat atxilotu du Guardia Zibilak Deustuko etxebizitza batean