Torre Madariagatik Washingtonera

prestaldizkaria 2016ko eka. 29a, 10:27

Urtero milioi bat pertsonaren bisita jasotzen duen Smithsonian Folklife Festival jaialdian (Washington, AEB), aurtengoan Deustun sortutako zeramika piezak ikusgai eta salgai izango dira Euskal Herriko beste hainbat erakusgairen artean.

Loitz artisautza tailerreko Alex eta Angelak eposta bidez jaso zuten Smithsonian Folklife Festivaleko koordinatzaileetako baten mezua. Jackie Flanagan Pangelinanek Torre Madariagan kokatuta dagoen tailerra bisitatzeko interesa agertu zien. Loitz izenpean Alex eta Angelak egiten dituzten keramikazko piezak ezagutzera bertaratu zen beren-beregi Deustura Jackie Flanagan Pangelinan. Azkue fundazioko Iurdana Acasusok egin zituen bisitaldian itzultzaile lanak. 

Tailerrean ikusitako materiala “asko” gustatu zitzaiola azaldu dio PREST! aldizkariari Loitz etxeko Alex Gonzalezek. Pieza “piloa” enkargatu dizkie, 400 bat guztira, gaurtik uztailaren 10era Washingtonen (AEB) Smithsonian Institutionek urtero antolatu ohi duen folklore jaialdian erakusteko. Izan ere, aurtengoan Euskal Herria da, Kaliforniarekin batera, jaialdian parte hartzera gonbidatu duten herrialdea. Musika, dantza, literatura, sukaldaritza eta, besteak beste, eskulangintzako 60 profesionalek baino gehiagok osatuko dute euskal ordezkaritza Smithsonian Folklife Festivalen. Alex Gozalez eta Angela Azkona Washingtonera joango ez diren arren, Loitz etxeko zeramika bertan izango da. 

Enkargu handiak lan handia eskatzen du, eta horretaz jabetu dira Loitzeko tailerrean, normalean materiala “pixkanaka” egitera ohitura dauden Alex eta Angela. Pitxarrak, kaikuak, bolak (apaindutakoak eta zuriak), gatzontziak, edalontziak… egin eta bidali dituzte jada Washingtonera. “Ondo heldu dira”, diote. 

Erakusketa “oso ederra” izango dela hitz eman dio Jackie koordinatzaileak Alexi. “Argazkietan ikusi dugu zer eta zelan erakusten duten, eta izugarria da”, Alexen arabera. Izan ere, aurrekontu handia du Smithsonian Folklife Festivalek. Baita bisitari eta erosle ugari ere. Urtero milioi bat pertsonaren bisita jasotzen du, eta horietako askok erakusgaiak erosten dituzte. Loitzen izenean bidalitako 400 piezak salduko direla “ziur” dago Alex. “Den-dena salduko dute eta gehiago eskatuko dute. Washingtonen paratutako erakusketetatik bezero eta eskari asko irteten direla esan ohi da”. Umoretsu dio, “ezingo dugu oporrik hartu”.

 

Artisauak hondoa jota gorantz

Beste behargin batzuk bezalatxu, une latza pasa dute eskulangileek ere. Lanbidez artisauak direnek “norberaren ahaleginari esker lortu dute bizirautea; bestela, ezinezkoa da”. Aurrera elkarlanean egin eta ekarpenak egiteko sortu zuten besteak beste Arbaso elkartea ere. “Sektorearen alde borrokatzeko”. 

Azken urteak “gorbeheratsuak” izan dira. Zeramikaren arloan, esaterako, 2004an hasi ziren “beherakada narbarmena” igartzen, krisi hitza “aipatzen ez zenean”. Gabonetako kanpainetan “urtero %20 jaitsi ziren salmentak”. Azoketan “galerak” izaten zituztela gogoan du Alexek. “Azokako gastuak ordaintzera ere ez ginen heltzen”. Bustingintzak hain behera eginik, ezinezkoa zen bustingintzarekin bakarrik aurrera egitea. Zorionez, Loitzen bustinaz gain, bidrioa eta brontzea ere lantzen dute. Deborarekin, garaikurrak eta enpresentzako opariak geroz eta gehiago eskatzen hasi zaizkie. Egun, garaikur eta oparien eskariak ohiko kopuruak gainditzera iritsi dira. Artisau batzuk jubilatu eta horien bezeroak jasotzeak zerikusia izan du berreskurapen horretan.

 

Hurrengo proiektua: terra sigillata

Erromatarrek (K.o. I eta II. mendeetan) ekoitzi zuten luxuzko zeramikari terra sigilata izena eman zioten. Bustinaren partikula finenak erabiliz geruza iragaitza ematen zieten ontziei. Bada, Euskararen Jatorria lantaldeak terra sigilatazko ontziak berregiteko eskatu die Alex eta Angelari Iruña-Veleian aurkitutako grafitoen irudiarekin apainduz. 

Erromatarren luxu maila lortzeko ikerketa lanean ari dira bustinaren partikula txikienak erauziz. Izan ere, terra sigilata ekoizteko prozesuaren berri ematen duten idatzizko agiririk ez zuten utzi erromatarrek. Analisi kimikoen bitartez ezagutu da lur mota desberdinak erabiltzen zituztela. Hori ziurtatu du Alexek ere, “lur mota bakar batekin ez delako emaitza bera lortzen”. Horregatik ari da buztin gorriarekin, buztin zuriarekin eta Zamora eta Euskal Herriko lurrekin frogak egiten. “Denbora asko” eskatzen duen lana da, batik bat partikula txikienak sedimentatzeak. Horregatik dute tailerra pote eta ontziz beteta. Horregatik ari dira, pazientzia handiz, espero baino denbora gehiago kentzen dien proiektuan lanean.

 

www.festival.si.edu

www.loitz.es

Loitz zeramika

 Jon Arrospide 8 atzea

Deustu - 94 476 01 47