Komikia zein thriller psikologikoa

prestaldizkaria 2016ko eka. 30a, 08:20

Mobilak izeneko komikia (Ediciones Beta III Milenio, 2016) kaleratu du Arantza Ibarrak Kaiet Bengoetxea ilustratzailearekin batera. Aldi berean, La ama thrillerrari azken ikutuak ematen ari da.

Areatzan, Bilboko Liburu Azokan aurkeztu dute Arantza Ibarrak eta Kaiet Bengoetxeak Mobilak komikia. Ekainaren 11n Ediciones Beta III Milenio argitaletxearen standera hurbildu zirenek bai Arantzaren bai Kaieten sinadura eskuratu zuten. “Nahikotxo” komiki sinatu zituzten, besteak beste, “ondo” saldu zelako.

Hurrengo geralekua Ondarrun izango dute. Izan ere, biak jatorriz ondarrutarrak dira. Hortaz, uztaileko azken astean Ondarruko azokan aurkeztuko dute Mobilak.

Kritika onak jaso ditu komikiak. “Lan ederra eta hainbestekoa egin dugula esan digute”, dio Arantzak. Ez ditu alperrik 70 orrialde liburuak. “Oso entretenigarria” dela ere esan diete. Eta ez gazteek bakarrik. “Helduei ere gustatu zaie. Dibertigarria iruditu zaie”.

 

Mobilak

Bere kuadrillan telefono mugikorra izan zuen lehe na izan zen Arantza. Ikasle zela gurasoekin hitz egiteko erabiltzen zuen. “Katxarro” hura jendaurrean ateratzeak “lotsa” ematen ziola gogoan du. Eta zelan aldatu diren gauzak. Mobilekin ez ezik teknologiarekin lan egitera iritsi da Arantza. Gustuko du teknologia mundua. Baina era berean teknologia munduan “barruraino” sartuta gaudela konturatu da. Horregatik nahi izan du komikian kontsumismoari kritika ere egin. Adibidez, pertsonaia gaiztoaren bitartez. “Telefono zaharrak txikitu eta salgai jartzeko berriak egiten ditu”.

Pertsonaia ugari agertzen da 70 orrialdetan zehar. Arantzaren gogokoenak saguzar bi dira. Jendea beldurtzeko ikasketak egiten dituzten saguzarrak, hain zuzen ere. Agerikoa denez, ez du fantasia ikuturik falta istorioak. Horixe da egilearen marka. “Beti” gustatu izan zaion “fantasia puntua”.

Marrazki bizidunetatik komikira

Mobilak komikiaren istorioa idatzi zuenean marrazki bizidunetan pentsatzen egin zuen Arantzak. Gidoia Madrilen aurkeztu zuen, “txapelketa batean”, eta 20 gidoirik onenen artean hautatu zuten. Sari gisa Cordoban aurkeztu zuen hainbat ekoizleren artean. Ekoizle batek interes handia erakutsi zuen aurrean, azkenean “merkeago” baten alde egin zuen. Orduan erabaki zuen Arantzak “hau atera behar dut”, eta story board-a egiteari ekin zion komiki formatura egokitzeko. Arantzaren zirriborroak Kaiet Bengoetxeak baliatu ditu behin betiko ilustrazioak egiteko.

 

La ama

Sortzaile kementsua da Arantza Ibarra. Une honetan La ama filmaren ekoizpen osteko lanetan ari da, irailean Jaenen izango duten estreinaldiari begira. Arantzarenak ditu La ama-k gidoia eta zuzendaritza. Eta ekoizle gabeko film luzea denez, crowdfunding bidez finantziatuta, azaldu ez dituen beste hamaikatxo lan ere hartu ditu bere gain.

Nekazal giroan kokatutako thriller psikologikoa da La ama. “Ez du zerikusirik nire lehen filmarekin”, dio. Zigortzaileak (Alokatu, 2011) gaztetxoei zuzendutako abentura eta fantasia filma da. “Hau berriz helduentzako pelikula da”.

Jaeneko cortijo batean errodatu zuten 2014an. “Cortijoko buru den familiako andrea sadomasokista da”, eta bere jira-birako mundua ageri da filmeko azpitraman. Aholkulari izan dute sadomasokismoan aritzen den pertsona bat. “Berak ekarri dizkigu benetako latigo, larruzko jantzi edota takoidun zapatak”. 

Trailerra Interneten ikusgai dago. Pelikula osoa irailean ikusi ahalko da Jaenen lehenik eta Esteponako jaialdian gero. Arantza zabalpenarekin eszeptikoa da. Jakin badaki ekoizle gabe “oso gogorra” dela film baten banaketa egitea. “Ez da areto komertzialetara helduko. Beste era batera zabaldu beharko dugu, areto independente eta jaialdietan. Bai ala bai aterako dugu”, dio. 2017 urte hasieran “espero” du Bilbora ekartzea.