Eskorbuto, Mikel Goñi, sukalkia, marmitakoa eta abar luze bat igandera arte San Inazion

prestaldizkaria 2016ko uzt. 29a, 09:00

Argazkia: San Inazioko Jai Batzordea (facebook.com/saniko.jaiba)

Uztailaren 31ra arte hamaikatxo jarduera antolatu ditu Jai Batzordeak adin guztietako auzotarrentzat. Gaur, Eskizofrenia Rock Tourren baitan, Pako Eskorbuto eta Habemus Papam jo eta ke jardungo dira. 

Beroak izango dira urtero legez “Saniko gauak”. Jai Batzordeak ahalegin handia egin du aurten ere kontzertuen egitarau “potentea” osatzeko. “Eskorbuto etorriko da jotzera, eta hori egin dugun lan onaren adierazle da”, dio Jai Batzordeko Davidek. Eskizofrenia Rock Tourren baitan, gaur (uztailak 29–23:00) Pako Eskorbuto eta Habemus Papam entzuteko aukera paregabea izango da. 

Azken kontzertuak bereziak izango dira. Patxadaz eta Ziribulio Sound DJ Set hurbilduko dira San Inazioko oholtzara (uztailak 30–23:00) eta horizez gain, ‘El miedo va a cambiar de bando’, kolaborazioak eta sorpresak iragarri dituzte.  

 

Garagardotegi eta guzti

2016ko “eskaintza berria” San Inazioko jaietan “auzo garagardotegia” izango da Jai Batzordeko kideek aurreratu dutenez. “Bazkaltzeko eta afaltzeko txokoa”, hain zuzen ere. Levante enparantzan, barraken ondoan, paratuko dute, eta uztailaren 23tik 31ra egongo da zabalik. Larunbat, igande, astelehen eta asteartean 13:30–17:00 bitartean emango dituzte bazkariak eta astearte, asteazken eta ostegunetan 20:30–00:00 bitartean emango dituzte afariak (bazkaririk ez dute emango). 

San Inazioko Jai Batzordea eta Trikitxotx proiektuaren arteko elkarlanaren fruitua da auzo garagardotegia. Orain arte baino “kalitate gehiago” eskaintzeko ekarpen berria. “Familiak gustura sentiarazteko gunea” izan nahi du.

 

Gastronomikoak

Indaba eta paella txapelketaren ostean, sukalki (uztailak 30) eta marmitako (uztailak 31) onena nork prestatzen duen erabakiko dute San Inazion. 

 

Kirola

Futbito, saskibaloi, pala eta mus txapelketak jokatu ohi dira San Inazioko jaietan. Txapelketen artean, fregona jaurtiketa txapelketa da auzotarren arreta gehien erakartzen duena. Duela hiru urte hasi ziren antolatzen, “fregona jaurtitzeko ideia bururatu zitzaion auzotar bati esker”.

Bada auzoan arreta deituko duen beste jarduera bat aurtengoan, Mikel Goñi-Imanol Agirrek bikoteak Elezkano-Galarza VI.a bikotearen aurka jokatuko duen partidua, hain zuzen ere. Uztailaren 30ean izango da (19:00) eskupilota erakustaldia Levanteko frontoian. 

 

Umeak eta antzerkia

Ahalegin berezia egin du jai batzordeak egitarautik desgertuta zeuden kaleko antzerki emanaldiak berreskuratzeko. Aurten, hiru funtzio ikusteko aukera izango da: El primer tren que salga (uztailak 25–22:00); Tómbola 0.0. zero agresiones zero desigualdad (uztailak 29–21:00); eta Cancaneo (uztailak 31–20:30). 

Umeentzat ere inoiz baino ekintza gehiago antolatu dira: “Puzgarriak hiru egunetan, mago baten saioa, bitsaren jaia, tailerrak astegunetan goizez, diskofesta…”

 

Ekarpen gehiago

2016ko San Inazioko jaietako egitaraua jai batzordeari esker eta auzoko bizilagun eta merkatariei esker osatu dute. Aurtengoan merkatari gehiago izan dira ekarpena egin dutenak: “Jaiak gustuko dituztelako erabaki dute jaiak babestea. Beraiei esker antolatzen ditugu San Inazioko jaiak”. 

 

www.facebook.com/saniko.jaiba