“Maitasunaren bidez zoriontasunera helduko garen ideia nagusi den jendarte batean bizi gara”

Bea Medrano 2016ko uzt. 28a, 09:00

Argazkiak: Iñigo Azkona

Irantzu Fernandez Rodriguez Ikasketa Feministetan doktorea da. Joan den ekainean nerabeen maitasun bizipenen inguruko tesia aurkeztu zuen. Soziologo eta antroplogo hau Pare talde feministako kidea da eta bere ikerketan, besteak beste, Deustualdeko institutu bateko gazteekin bi urteetan ibili da lan etnografiko egiten.

Zer dela eta erabaki zenuen nerabeen maitasun bizipenak ikertzea?

Aurretik hezkidetza kontuetan ibilia nintzen eta gaia interesatzen zaitzaidan. 2008an Ikerketa Feminista eta Generokoak masterrean egin beharreko amaierako lanean gaia hau jorratzea erabaki nuen.  

Orduan konturatu nintzen gazteak eta maitasuna aztertzen duten ikerketak bikote harremanetara mugatzen direla edo emakumeen kontrako indarkeriarekin lotuta daudela. Nire ustez maitasuna handik haratago dago, hainbat aspektu desberdin daude, baina oso ikuspegi ezkorra dagoela esango nuke maitasun eta nerabezaroaren inguruan. 

 

Hiru aldagai aztertu nahi dituzu, adina, generoa eta klase soziala, eta hiru ikastetxe aukeratu dituzu. Zergatik aukeraketa hau?

Ikerketari ikuspegi zabala eman nahi nion eta ez mugatu talde bakar batean. Horregatik, Bilboko hiru ikastetxe hautatu nituen, erdiguneko ikastetxe erlijioso bat, ikastola bat eta institutu publiko bat. Bertan, 12 eta 14 urte bitarteko nerabeekin egon naiz. 

Alde batetik, generoaren eragina ukaezina da, eta neskek gehiago hitz egiten eta hausnartzen dute gai horren inguruan. Bestalde, ikerketan aurrera egin ahala, klase sozialaren arabera maitasuna bizitzeko modua desberdina zela ikustea deigarriagoa egin zitzaidan. Familiarekiko maitasuna adibidez, maila altuko nerabeek ez dute modu zuzenean zaintzarekin lotzen, eta besteek bai. Maitasunerako espazioen erabilera ere desberdina da, ibilbide ezberdinak egiten dituzte hiritik eta, esate baterako, erdigunekoak haien ezaugarri berdinak dituzten beste nerabeekin elkartzen dira.

 

Maitasuna sexualitatearekin lotzen dute?

Mutilek batez ere egiten dute lotura hori. Bai musuekin edo laztantzearekin, baina oso gazteak dira eta harremanak horren iheskorrak izaten direnez, orokorrean, ez dira gehiagotara heltzen. Neskek bereziki beraien burua babesten dute, “oraindik ez nago prest” diskurtsoa errepikatzen da, oraindik gazteak direla uste baitute. 

Aztertu dudanagatik, oraindik ematen den sexu heziketan sexualitatea haurdunaldiekin eta gaixotasunekin lotzen da, eta horrek beldurra handia sortzen die neskei. Askok ez dituzte sexu harremanik izan nahi beldur direlako. Sexualitatea koitoarekin lotzen da eta adin horretan gehienek ez dute koitoa praktikatzen. Sexu-hezkuntza helduen ikuspegitik egiten dela esango nuke, eta horregatik, harreman sexu afektiboak beste modu batean landu beharko liratekeela uste dut. 

 

Zeintzuk izan dira zure ikerketaren ondorio nagusiak?

Alde batetik, nik ‘nerabe-maitasunaren paradoxa’ deitu dudana. Askotan emakumeak ahulagoak ikusten dira maitasun harremetan, menpekoagoak, gehiago inplikatzen direlako. Baina, beste aldetik, maitasunaren inguruan egiten duten trebakuntza oso garrantzitsua da harremanetarako. Jabekuntza alde hori aipatu behar da, gaitasun oso garrantsitzuak garatzen dituzte. Orokorrean neskek esaten dute maitasunaz badakitela eta mutilek ideiarik ere ez dutela. Beraien buruak helduagotzat dituzte. 

Beste aldetik, emozioetan gertatzen den helduzentrismoa aipatuko nuke. Maitasunaren kontzeptualizazioa helduen pertzepziotik eraikita dago, eta botere harreman zehatzak errepikatzen dira.

 

Zer esan nahi duzu horrekin?

Maitasuna helduen ikuspuntutik ulertzen dugu. Tokian tokiko lanera, nire maitasunaren ideiarekin joan nintzen eta konturatu nintzen harremanak beste batzuk zirela. Nerabeen maitasun harremanek beste abiadura bat dute, agertzen eta desagertzen dira denbora gutxian. Baina iheskortasun horrek ez du esan nahi garrantzitsuak ez direnik, beraientzat inportanteak dira oso. Nagusiok berriz, ez ditugu baloratzen, gutxiesten ditugu, umeen tontakeriak iruditzen zaizkigu. Horregatik maitasunaren ikuspegi helduzentrikoa landu dut. 

Nerabeek idealizatuta daukate nagusien maitasuna, betirako bikotea. Beraiek ere ikuspegi helduzentrikoa hartzen dute, ulerkera hori hegemonikoa delako. Beraiek ere esaten dute momentuz ez dituztela benetako harremanik. 

Gehienbat neskeen inguruan hitz egiten duzu, mutileei buruz zer?

Isiltasuna dago maitasunaren inguruan, ez dute hitz egiten. Amodio adierazpen gutxi egiten dituzte. Nor gustatzen zaien esatera mugatzen dira; ez dute sakontzen. Hala ere, klase altuko mutilek erraztasun handiago dute emozioei eta maitasunari buruz hitz egiteko. Talde eztabaidan, adibidez, oso gustura ibili ziren. Klase buxukoekin maitasunari buruz hitz egitea ezinezkoa izan zen, denbora guztian sexu harremanetara jotzen zuten. Izan ere, maitasuna feminitatearekin lotzen dute, eta beraien mutil rolarekin ez dute apurtu nahi. Banaka gehiago hitz egiten zuten, baina gutxiago neskekin konparatuta. Dena den, horrek ez du esan nahi garrantziarik ematen ez diotenik. Finean, maitasunaren bidez zoriontasunera helduko garen ideia nagusi den jendarte batean bizi gara.

 

Zer nolako prozesua izan da doktorego-tesia?

Patioetan eta aisialdi gune batzuetan behaketak egin nituen, baita taldeko eztabaidak zein bakarkako elkarrizketak  burutu ere. Landa lanarekin bi urte egon nintzen. Ondoren, marko teorikoa landu nuen, baina gogorrena ideia guztien antolaketa eta idazketa lana izan da. Guztira bost urte eta erdi egon naiz tesia idazteko, eta bidean artikuluak idatzi, kongresuetan parte hartu, Buenos Airesen hiru hilabeteko egonaldia... Emozionalki, oso gorabeheratsua eta gogorra izan da. Baina asko ikasi dut, nerabeei eta antropologiari buruz, baita neure buruaz ere.

 

Ikastetxeetan maitasunaren inguruan lan egiteko beharra sumatu duzu?

Bai, baina beste espazio batzuk sortu beharko lirateke, ez soilik irakasleekin. Nerabeek mugak dituzte gurasoekin gai horietaz hitz egiteko, eta adin horretan irakasleek antzeko rola betetzen dute. Kanpoko eragileak jarriko nituzke eta jende gaztea; beraiek identifikatu behar dira horiekin.