Bazen behin etxetxo bat...

Diego GrisaleƱa 2016ko uzt. 28a, 10:48

Diego Grisaleñak Arkitektura karrera amaierako proiektua bukatu du. Bere proiektuko protagonistak etxetxo bat eta Deustu dira, eta bi osagai horiekin ipuin bat idatzi du. Ipuinean proiektuko gorabeherak gogorarazi ditu eta etxetxoari beste amaiera alternatibo bat eman dio. Eta zergatik? “Gure bizitzan fantasia eta amets egiteko denbora eta lekua behar dugulako, eta gertu, gure inguruan, hemen eta orain”.

...nire auzoan bazen etxetxo bat behin. Orain ia 10 urte alde egin eta orain gutxi berriro itzuli naizen auzo bat. Iragan industriala (hurbilekoa) izan duen hiri bateko auzo bat, orain turismora eta zerbitzuetara erabat zuzendua. Nire auzoa, oso atzera joan gabe, landa herrixka bat zen, txakolin, baserri, ontziola eta lantegiz betea. Bazuen plaza bat, eta plaza ondoan udaletxea, frontoia, eliza eta nola ez, kioskoa. Erromeria egunetarako, jaietarako edota beste edozein aitzakiarekin erabiltzeko kioskoa. Taberna bat ere bazuen noski! Edo taberna batzuk hobe esan. Garai hartatik ez da askorik geratzen ordea. Hiri handiak auzoa bereganatzean udaletxea desagertu egin zen. Plaza bitan banatu zen eta kioskoa eraitsi egin zen etorbide zabal bat eraikitzeko. Frontoia ere eraitsi eta beste toki batean berreraiki zen. Eta tabernak, tabernek bizirik diraute, baina ez dira lehengoak. 

Guztiaren testigu etxetxo bat. Dena aldatzen zen bitartean bizirauten zuen etxetxo bat, 1908tik auzoaren historia kontatu duena. Etxebizitza, mojen bizilekua, unibertsitate ikasleen bizitoki eta hainbat ikastetxeren egoitza izan den etxetxoa. 1924. urtetik gaurdaino ehunka haurrek beren ikasketak hasi dituzten tokia, milaka lagunek unibertsitate, Hizkuntza Eskola, Deustuko zubira, etxera edota lanera bidean ikusi duten etxetxoa. Txikia izanagatik ez da oharkabean geratzen. 

Hala eta guztiz ere etxetxo honek ez zuen garrantziarik. Eta inportantziarik ez zuelako jabeek, udaletxearen oniritziarekin, eraistea erabaki zuten. Sei hilabeteko atzera kontaketa, eraitsi, ahaztu eta gure memoriaren beste zatitxo bat galtzeko. Gure auzo eta Bilbo hiriko hainbat eta hainbat eraikin eta espaziori gertatu zaien bezala desagertzeko. 

Igaro ziren 6 hilabete eta heldu zen momentua. Langileak etxetxoaren orubean sartu eta azken urteetan utzikeriagatik hazi ziren sastraka eta landaredia kentzen hasi ziren. Hau bukatu ostean burdin-hesia, leihoak, balkoiak eta barneko elementuen txanda izan zen. Bitartean, hondea makina atzeko plazan zegoan zain, garai bateko Deutsche Schuleren Kindergartenen alboan, etxetxoari hortz zorrotzekin heltzeko prest. 

Irailaren 7ko gau hartan dena prest zegoen goizean goiz eraispena hasteko. Lan erraza izango zen, etxetxoak ez baitzion erresistentzia handirik jarriko. Ez etorbide nagusiaren eraikuntzak, ezta industrializazioak, ezta Gerra Zibilak, ezta desarrollismoak, ezta etxebizitza boomak, ezta hutsik geratzeak ere ez zuten lortu etxetxoa eraisterik. Hari guztiari eutsi zion, baina destino krudela, hondea makina, interes ekonomikoak medio, ate alboan zuen zain. Gertu zuen amaiera. Eguzkia irten bezain pronto hasiko zen txikizioa. 

Baina ezusteko bat gertatu zen. Inork espero ez zuen ezusteko bat. Ipuin eta pelikuletan soilik gertatu ohi den zerbait. Etxetxoa desagertu egin zen. Arrastorik utzi gabe. Konturatzerako. Goizaldean, 108 urtez etxetxoa egon zen hiriko parentesia hutsik esnatu zen. Ulergaitz, hutsik. 

Benetako shock-a izan zen, batez ere etxetxoa eraistera joan ziren langileen artean. Berehala zabaldu zen berria auzoan. Nola zen posible? Zer gertatu zen? Baina...bsrskapsfmptz? Ezin zuten sinetsi, eta berehala hasi ziren sare sozialak iruzkin, argazki, bideo, gif edo dena delakoarekin betetzen. Notizia bolo-bolo zabaldu zen, auzoa gurutzatu zuen, hiri osoa eta Gaur Eguneko lehen notizia izan zen. Correoko azalak “gertaera harrigarria” izan zela zioen, eta alboan etxetxoaren argazki muntaia, globo batzuk tiraka zerura doala. Auzoko PREST! aldizkariak zenbaki berezia eskaini zion, zenbait auzotar eta kolektiboren iritziak jasoz, fokua Deustu eta beste auzoetakoa ondarearen desagerpenean jarriz. Gure identitatearen galeran, beste norbaitek inposatu nahi digun identitateari aurrez aurre. 

Baina bueno, betiko moduan, lehenengo harridura pasa eta gero, nobedadea igarota, urek bere bidea jarraitu zuten eta auzoa normaltasunera itzuli zen. Etxetxoaren desagerpenak notizia izateari utzi eta kondaira bilakatu zen. 

Haren lekuan beste eraikuntza bat egin behar zuen enpresa sustatzaileri ez zitzaion ustekabean pasa etxetxoaren desagerpena. Notizia ezagutu bezain pronto geldiarazi zituzten lanak, sorgindutako eremu hartan berreraikitzea kontu txarra zela argudiatuz. Ondoren bizitzak bere bidea jarraitu zuen, betiko moduan, etxetxoa inoiz existitu ez balitz moduan. Landarediak ez du ulertzen sorginkeriez, eta berriro hartu zuen orubea, lar, sasi, eta lorez bete zen. Urtaroak aurrera zihoazen heinean aldatu egiten zen bertatik Bilbora, unira edota Hizkuntza Eskolara zihoazenek jasotzen zuten lore usaina. 

Landarediak hazi eta hazi jarraitu zuen egoera jasangaitz bilakatu arte. Sasiek hiru solairuko altuera hartu zuten, dozenaka hegazti eta piztien bizileku ziren jada, atzeko eraikina, Estanislao Segurolak 30. hamarkadan eraikia, erabat estalirik geratu zen. Puntu honetan, ez jabeek ezta Udalak ere ezer egingo ez zuela ikusirik, inauteriak heltzear zirela, Deustuko jai batzordeak zerbait egin behar zela deliberatu zuen. Batetik auzotarrak arduratuta zeuden auzoaren erdian sortu zen baso hark sor zitzakeen arazoengatik, eta bestetik jai batzordearen parte diren Bihotz Alai, Mikeldi eta Ondalan dantza taldeek eta Barbaizu euskara elkarteak denbora zeramaten beren ekintzak burutzeko espazio baten bila. Hala bada, orubea garbitu eta erabilera berrietarako egokituko zen. 

Auzotarren artean sortu zen energia eta indarra probestuz auzolan egun bat antolatu zen inauteri igandean (Deustun gainerako munduan baino astebete lehenago) orubeko landaretza guztia garbitzeko. Goizeko 8etan hasita jendearen joan-etorria etengabekoa izan zen egun osoan zehar. Eguerdian bazkaltzeko geldialdia egin zuten, buruhandi eta erraldoiekin (eta patxaranarekin) dantza egin eta arratsaldean lanean jarraitu zuten. Parte hartu zuen jende guztiaren laguntzaz miraria zirudiena gertatu zen, eta iluntzerako guztia garbiturik zuten. Atzean, Kindergarten eraikina ageri zen. Etxetxoak utzitako hutsuneak inoiz baino handiagoa zirudien. 

Lana ez zen, noski, han bukatu. Ondorengo aste eta hilabeteetan plaza berria txukuntzen jarraitu zuten, berdeguneak eta baita baratzea ere egin zituzten. Garai bateko Kindergarten dantza, musika eta folklore zentro bilakatu zen. Ekainaren 29an, San Pedro egunez, Deustuko Plaza “berria” inauguratu zen erromeria batekin. Ez zen kasualitatez aukeratu egun hori, izan ere plaza berriak San Pedro plazaren izpiritua eta izaera berreskuratzea baitzuen asmoa, auzoaren erdigunean ospakizunerako eta elkargunerako tokia, oasi bat asfalto eta hormigoi artean. 

 

Ez zen guztia lan gogorra izango ordea. Plaza berriaren eraikuntzaren ondoren Deustuko Elizatea elkartea sortu zen, auzoan ari ziren talde, kolektibo eta elkarte guztiak (mirariz) bertan elkartzea lortu zuten. Deustu auzoa baino lehen elizatea izan zen, hortik izena. Elizateak modu naturalean sortu ohi ziren, harreman, lan, zaintza eta eremu berean bizi zirenen arteko kudeaketan oinarritutako sareetatik. Jauntxo eta eraketa kartarik gabe, modu kolektibo, autonomo eta natural batean. Eta halaxe, auzoan eta auzoarentzat lan egiten zuten talde, kolektibo eta pertsona ugari proiektu komun baterako bildu ziren: DEUSTU. Elkarte honek Udalarekin negoziatu zuen orubea erabiltzeko hitzarmen bat, txukun mantendu eta publikoa izan zedin ziurtatzearren. 

Eta bat-batean, joan zen bezalaxe, ITZULI EGIN ZEN. Irailaren 8ko goizaldean etxetxoa itzuli egin zen. Baina ez zen lehengo bera, eta auzoa ere ez zen lehengoa. Irailaren 8ko goizean etxetxoa lehengo tokian azaldu zen, baina zertxobait goraxeago. Airean zegoen, auzotarrek txukundu eta zaindu zuten plaza baino metro batzuk gorago. Itxura ere desberdina zuen. Leiho, ate, erlaitz eta apaingarriak desagertu egin zitzaizkion. Bere forma eta bolumena mantendu zituen baina harkaitz baten itxura hartu zuen, astunagoa, eta hala ere airean zegoen. Etxetxoaren desagerpenak harridura sortu bazuen berriro agertzea ez zen gutxiagorako izan. Berehalakoan auzoa fenomeno harrigarri hau beren begiekin ikustera zetozen kuriosoz bete zen. Hamaika teoria izan ziren etxetxo berriaren jatorriaz: asteroide batek ekarria zela, argi efektu bat besterik ez zela, edota globo handi bat... baino deustuarrok bagenekien ez zela horrelakorik izan. Auzotarron momentua zelako itzuli zela baizik. Horrela bada, lehen egunetako ezinegonaren ostean batzar ireki baterako deia egin zen etxetxoaren babespean. Aho batez erabaki genuen etxetxoa lurrera lotzea, berriro desagertzeko erabakia hartzen bazuen ere. Nork jakin. A zer nolako sorpresa lurrera lotzen ari ginela harkaitz handi haren barnealdea hutsik zegoela ikusi genuenean. Arkaitz handi bat hutsik, eta airean... arrunta oso. 

Arian-arian etxetxoa edukiz betetzen hasi zen, pertsonez eta ametsez. Alde batean hutsune bat ireki eta eskailerak egin, beste aldean leiho bat, eta harantzago beste bat aireztatu ahal izateko, beste batzuk zerua ikusi ahal izateko... Etxetxoa berriro bizirik zen eta deustuar guztien etxea bilakatu zen. Udaletxe antzeko bat, pentsatu, eztabaidatu, lan egin, amestu eta auzoa beste modu batera kudeatzeko toki bat. Gogoa lainoetan baina oinak lurrean. Horregatik etxetxoaren azken solairua batzar-areto bilakatu zen, teilatu azpiko espazio zabal bat bi leihorekin: bata zerura eta bestea auzora begira, balkoi eta guzti. Bertatik jaurti ziren dozenaka txupinazo, belaunaldi desberdinetako deustuarrak bertatik begira zirela. 

Igaro ziren egunak, hilabeteak eta urteak, eta etxetxoa ez zen desagertu. Auzoa aldatuz joan da, eta auzotarrak ere aldatu gara, iratzarri egin ginen eta ipuinak, gaur eta hemen, benetakoak direla konturatu, eta gu garela ipuin hauen protagonistak. Eta etxetxoa, txikia eta ezdeusa, guztiaren sinbolo bilakatu zen. Deustun, Agirre Lehendakariaren 1go zenbakian, bere parentesian, lurretik eta zerutik gertu. 

2015eko irailaren hasieran etxetxoa eraitsia izan zen. Desagertu egin zen...

... horregatik kontatzen dut bere istorioa, ipuin bilakatzen eta hegan eginarazi. Ipuinetan gauza hauek posible direlako eta nik amets egin nahi dut, eta hegan eginarazi. Horretara gonbidatzen zaitut zu ere, ipuinaren parte izan eta hegan egin. Ipuinak, historia bezalaxe, denon artean idazten baititugu, bere protagonistak gara eta amaiera aukeratzeko erantzukizuna dugu. 

Testua - irudiak

Diego Grisaleña

Itzulpena

Manex Izagirre 

@etxetxoa

facebook.com/deustukoetxetxobat