Zergatik joan zinen Australiara?
Neurri batean australiarra sentitzen naizelako, nire aita Perthen jaiotakoa da, hemen Australian senideak dauzkat eta beti hona etortzeko gogoa izan dut, baina ez nuen une aproposa aurkitzen. Ikasketak bukatu ondoren, aukera paregabea zela pentsatu nuen. Gainera, Lehen Hezkuntzako irakaslea izanda, nire ingeleserako ere oso positiboa izan zitekeela uste nuen.
Lana topatu duzu han?
Bai, eskola batean egiten dut lan. Bizi naizen tokitik (Beaumaris Bay) pixka bat urrun dago eta trenez joaten naiz lanera zein futbolean entrenatzera. Pare bat ordu egiten ditut joateko eta beste pare bat etxera bueltatzeko. Gogoratzen dut lehen Gasteiz edo Durango Deustutik oso ‘urrun’ zeudela iruditzen zitzaidala.
Zelako esperientzia bizi izan duzu orain arte?
Oso aberasgarria, pilo bat ikasteko balio izan dit. Azken finean, gurasoekin bizi zarenean, askotan eurei laguntza eskatzen diezu eta eurek laguntzen zaituzte, baina kanpora zoazenean, zure gauzak zuk bakarrik egiten hasteko konpromisoa hartzen duzu.
Familia izateak lagundu dizu?
Bai, hasiera batetik argi nuen hona nentorrenean, familiaren laguntza behar nuela. Nire osabak batez ere, asko lagundu dit eta seguru aski nire bizitzan bizi dudan esperientziarik politena bizitzeko aukera eman dit. Hala ere, nahiz eta gauzak argi izan, Australian neraman laugarren egunerako jada Adelaiden nengoen bakarrik bizitzen.
Australia ezagutu duzu?
Hasiera batean Australia osoa ikusteko asmoa banuen ere, azkenean, lana dela eta, nahi nuena baino gutxiago ikusteko aukera izan dut, hala ere, ez naiz kexatzen. Adelaiden pare bat hilabete bizi izan nintzen, gainontzeko denbora Melbournen eman dut eta oporrak izan ditudanean, Tasmania, Sydney, Gold Coast eta Brisbane ikusteko aukera izan dut.
Australian bizi-kalitate maila altua dagoela esaten dute.
Bai, edozein lekutan bizi kalitate oso altua dago, orokorrean soldatak oso altuak baitira. Baliteke deustuar batentzat, lekurik aproposena edo errazena bizitzeko Adelaide edo Brisbane izatea, hiri txikiak baitira eta astean zehar lagunekin elkar zaitezke erraz.
Aurkitu dituzun gauzarik interesgarrienak?
Bereziki, edozein lekutako pertsonak ezagutzen dituzula, eta gazteleraz hitz egiten duten pertsonekin egiten duzun harremana. Italiarrek edo Chile, Argentinako lagunek euren senidea izango bazina bezala tratatzen zaituzte.
Eta zailenak edo gogorrenak?
Hemengo kulturara ohitzea, dena oso desberdina delako. Baita pertsona batzuek kanpotarrei egiten dieten bazterketa ere.
Zer duzu faltan?
Batez ere, familia, lagunak eta janaria. Baita euskaraz hitz egitea ere.
Laster bueltan izango zara, zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Masterren bat ikastea eta laugarren hizkuntza bat ikasten hastea pentsatu dut, frantsesera edo italiera, Euskal Herrian oso merkea baita Australiarekin alderatuz. Eta lanari dagokionez, lan baldintzak eta soldatak kontuan izanda, ez dut uste han lan egitea merezi duenik. Ez dakit nire adineko gazteok etorkizun oparo bat izateko aukera izango dugun etxean, seguraski askok beste herrialde batera joan beharko dugu. Australian, adibidez, 18 urtetako hainbat gaztek, ikasketa askorik gabe, soldata oso altuak irabazten dituztenez, gurasoen etxetik joaten dira.