Hamar urte luzez egindako propaganda instituzional eta mediatikoak (egia esateko, ez dakit gaur egun bereizketa hori egitea merezi duen) arrasto sakona utzi du bere burua miresteko berezko joera duen hiri baten subkontziente kolektiboan. Dagoeneko inork ez du begiratu nahi erakusten diguten irudi horretatik harago, erakusten diguten guztia zoragarria baita, ezinago beautiful, guztiz wonderful... Etorkizun miragarri horretarantz goaz mugarriz mugarri, hau da, maketaz maketa, planoz plano, epeka (azpimarratu beharra dago orain arte ez dutela epe bat ere bete). Eta, horrela, gezurren eta erdizkako egien artean (marketinak eta paperak edozer onartzen dute), bi zubi izango dituen uharte batera iritsi gara. Zubitik zubira aurrera... edo atzera.
Hemen kontatuko dudan historia, ordea, oso bestelakoa da, eta ez duzu aurkituko propaganda liburuxketan edo udalak nahiz haren menpeko erakundeek egiten dituzten txostenetan, haien helburu nagusia kea salduz dirulaguntza oparoak jasotzea edota Europak banatzen dituen dirutza mardulak eskuratzea baita. Idilioak edo xarmak “Zorrotzaurre Creativo y la Isla del Conocimiento” du izena. Historia honen izenburua, aldiz, “ZorroFraude Kreatimo y la Isla del TodoCemento” da.
Baina, lehenik eta behin, koka gaitezen, horretarako ere diskurtso ofizialetik ihes egin beharra baitago. Izan ere, “memoria historikoa” eta horrelako hitz potoloak barra-barra erabiltzen dituen arren, diskurtso ofiziala memoriaren edo sustraien adierazle izan daitekeen edozein ezaugarri ezabatzen tematu da hasiera-hasieratik. Leku bat aukeratu dute etorkizuna (edozein etorkizun) bertan kokatzeko, eta egin duten lehenbiziko gauza leku horren izena aldatzea izan da.
Ondo prestatutako eta hobeto bideratutako azpikeria baten bitartez, nahaste izugarria sortu eta Erribera auzoak bere betiko izena galtzea lortu dute. Lehenik, Aste Nagusiko kontzertuez baliatu ziren horretarako (Aste Nagusia abagune bikaina baitzen amarrua hedatzeko): egun batetik bestera, ordura arte Botikazarreko zabalgunea izan zena Zorrotzaurreko zabalgunea izatera pasatu zen. Horren aurrean, gogorarazi beharra dago auzoaren izena Erribera dela (Deustuko Erribera, Deustuibarra). Orain dela 200 urte baino gehiago sortu zen eta 1925era arte Deustuko Elizateko auzoa izan zen (urte horretan Bilbok Elizatea anexionatu zuen deustuarren borondatearen kontra). XX. mendearen erdialdean, azkenean dartsena izango zen kanal bat ireki zuten, Erribera gainontzeko Deustutik bananduz. Gainera, Erriberako Euskalduna auzoa desagertu zen eta jende askok beste leku batera bizitzera joan behar izan zuen azkenean ezerezean edo erdizka gelditu zen obra baten ondorioz. 80ko urteen hasieran, berriz, ontzigintzaren sektorea desagertzearekin batera etakrisiaren aitzakiarekin, Erribera zehaztu gabeko etorkizun baten zain geratu zen, egunen batean bertan egingo omen zutenaren menpe, luzerako eta epe jakinik gabe denboran geldirik.
Garai hartan hasi ziren batzuk zonalde osorako Ekintza Plan Integral batez hitz egiten. Ordurako, asmo hori zerabilten buruan frankismoaren osteko lehen urteetako handi-mandiek eta politikari sasijakintsuek (desarrollismoaren ustezko modernotasuna haren existentzia bezain zaharra da). Agindutako etorkizun horren zain, Erriberan bizi garenok 30 urte baino gehiago daramatzagu bazter utzita, gure auzoa orain garatzeko aukera oro ukatzen zaigularik: auzoko azpiegituretan egin beharreko hobekuntza guztiak berehala abiaraziko omen zuten eta beti gerorako uzten zuten Ekintza Plan Integral horren menpe geratzen ziren.
Hala ere, gure aldetik dena ez da kexa eta arrangura izango... Ostrazismo horrek aukera eman zigun inguru paregabe batean bizitzeko, bertatik bertara geneukan hiriko abiadura zorotik at, lasai eta geure erritmoan. Aukera izan genuen komunitatea sortzeko eta hiri handi bati baino gehiago herri txiki bati dagokion tankeran (elkar)bizitzeko. Auzoak gabezia ugari zituen arren, gu eroso sentitzen ginen bertan, zeren eta, nolabait, lekua geurea zen gu berarenak ginen neurri berean. Kantak dioen bezala, <<Qué bonito ser de Deusto y vivir en la Ribera...>> (nahiz eta ordurako ez zen ez itsasontzirik ez gaileterarik geratzen).
Mende honen hasieran indarra hartu zuenetik, “Zorrotzaurre” marka hori guztia suntsitzera etorri da, auzoaren izena desagerraraztearekin batera. Gainera, suntsitze lan hori garai “berri” hauetan ohikoa den moduan egin da, hau da, marketinaren eta propagandaren bidez; salmentarako erabiltzen den diskurtsoaren eta eskaintzen den produktuaren artean kontraesan nabariak egon daitezkeenik onartzen ez duen planifikazio baten bidez. Ondo ikasi dute publizitatea ez dagoela errealitatearen mugen menpe eta, beraz, inolako disimulurik gabe erabiltzen dute haren hizkuntza, zeren eta, azken batean, hiria saldu eta erosi ahal den produktu bat besterik ez baita beraientzat. Eta, gainera, ze arraio... Bilbokoak gara, eta kito!
Orain, biziberritzearen arloko logika ororen kontra doan eta negozioaren logikarik gordinenari (business is business) erantzuten dion Urbanizazio Proiektu bat onartu dute, eta aho beteka aldarrikatuko dute beste mugarri bat dela egunen bukaerara arte luza daitekeen mugarri sorta amaigabe batean. Berriro esango digute proiektu bikaina dela, eta azken emaitza deitzen dioten horren hainbat fotomuntaketa jarriko dizkigute begien aurrean, baina ez dute esango etorkizuneko uhartearen erdialdeko zati handi bat (etxe batzuk eta biztanleak ere badauden lekua) dokumentu horretatik kanpo geratu dela eta, beraz, bertako lanak askoz gehiago atzeratuko direla, eremurik andeatuena eta esku-hartze baten premiarik handiena duen lekua izan arren. “Mugikortasun iraunkorraz” hitz egingo digute, behin eta berriro azpimarratuz uhartea iparraldetik hegoaldera zeharkatuko duen bide ardatz bakarra egongo dela eta tranbia jarriko dutela garraiobide publiko gisa, baina inork ez du esango ardatz hori egitea eta, beraz, tranbia ibiltzea ezinezkoa izango dela bukaeraren bukaerara arte, dokumentu horrekin abalatzen duten obra programazio burugabearen ondorioz. Bi zubiak etorkizuneko uhartearen mutur banatan diseinatu dituzte, ibilgailuen zirkulaziorako autonomia bermatzeko eta proiektua negozio bolumenaren lehentasunen arabera garatuko dela ziurtatzeko (bertan egingo dituzten eraikin berriez ari naiz).
Bide batez, berriro aipatuko dituzte <<auzoaren memoria industriala gordeko duten>> 20 pabiloiak, baina ez dute esango orain arte erabili den (eta oraindik ere erabiltzen den)
politika pabiloi horiek beren zoriaren menpe uztea izan dela. Horren ondorioz, haietako asko zeharo itxuragabeturik eta hondaturik daude, eta orain arte ez dute ezertxo ere egin hondamendi hori eragozteko. Gainera, kontuan izan behar da pabiloi gehienak urbanizazioaren azken faseetarako utzi diren lekuetan daudela... Ez dago ulertzerik nolatan ez dieten eman erabileraren bat, aldi baterako bada ere eta helburu bikoitz bat lortzeko gutxienez: pabiloiak kontserbatzea (baldin eta garai batean izan zirena gogoraraziko duen zerbait mantentzeko benetako asmorik badute) eta bizitza apur bat ematea auzoko lekurik abandonatuenei eta biztanleriarik urrienekoei. Nolanahi ere, badirudi lotsa ematen diela beraiek izateak pabiloi horiek eraisteko agindua emango dutenak. Nahiago dute denboraren joana eta ziur aski gertatuko diren lapurretak arduratzea horretaz.
Aitzitik, ez daukat inolako zalantzarik nabe industrialak eta erabilera berriak aipatuko dituztela, baina “Sormenezko Irla” delako horretaz hitz egiteko soilik. Izan ere, “Sormenezko Irla” esaten dioten hori proiektuaren elementu nagusietako bat da, itxaronaldi luze hau (“bien bitarteko aldia”) entretenigarriagoa egiteko eta etorkizuneko bezeroei begira prezioak igoarazteko diseinatua. Eredu eta diskurtso hori planetako mila lekutan klonatua izan da, eta, gure kasuan behintzat, gezurren eta erdizkako egien gainean eraiki da. Hala, besteak beste, bertan behera utzitako nabeak berrerabiltzen ari direla esaten digute, kasu gehienetan gezur biribila den arren. Horrekin batera, sormenaren aldeko apustua egiten ari direla aldarrikatzen dute, baina oso zaila da hori sinestea, ez baitute inolako aukerarik eman pikotxetik salbatuko ei diren pabiloietan sormena lantzeko, lehen aipatutako helburu bikoitza bete zezakeen arren. Horren ordez, “sormena” gaur egungo etxebizitzen inguruan inokulatu da, bertan bizi den komunitatearen erdigunean txertatu da. Eztarria urratu arte oihukatzen dute horrek bizitza dakarkiola auzoari, baina ezkutatu egiten dute ez dituela pittin bat ere biziberritzen bertan behera utzitako pabiloiak edo leku andeatuak (eta, zoritxarrez, horrelako leku asko daude gaur egungo penintsulan). Horren eragina lehendik bizitza zuen eremura mugatzen da, bertako espazioak okupatuz eta erritmoak aldaraziz. Agian, “sormena” horregatik da hain erakargarria hiria eraldatzeko plangintza diseinatu eta gauzatzen dutenentzat: interesgarria zaie gentrifikazio geldoa eta atsegina bultzatzen duelako, subliminala bezain eraginkorra.
Era nabariago batean, planifikatzaileen eta artea ekintzailetza gisa ulertzen duten guru berrien arteko lankidetza gaizki disimulatuak edo instituzioen, eraikuntza enpresa handien eta esperientzia estereotipatuen diseinatzaileen arteko co-working horrek oso helburu zehatza du: etorkizuneko uhartearen barnealdea amu erakargarria edo balio aktiboa izatea uhartetik kanpo (Deustuko eta San Inazioko beheko aldean) eraikiko diren lehen etxebizitzekiko interesa pizteko. Labur esanda, gaur egun sormenaren arloko ekimen horiek guztiak baliagarriak dira “Zorrotzaurre” markaren bozgorailu gisa. Etorkizunari begira, aldiz, baliagarriak izan daitezke proiektatu duten mini-hiri berrian ezinbestekoa izango den aisialdi eskaintza guztia “alde zaharrean”, etxabeetan eta gaur egungo etxebizitzen inguruan kokatzeko.
Nolanahi dela ere, hiri klonikoaren abangoardia horrek eta bata bestearen atzetik datozen mugarri horiek guztiek gauza bat gogorarazi nahi digute: nola edo hala, “etorkizuna hemen da jadanik”. Oso mezu irensgarria da lekua ezagutzen ez dutenentzat edo noizean behin soilik bertaratzen direnentzat, eta auzokideen artean ere harrera ona izateko behar bezain atsegina da. Errealitatea, ordea, egoskorra da. Egunotan, Bilboko Udalak behin-behinean onartu du Urbanizazio Proiektuaren lehen zatia (bere fase eta desfaseekin), eta aurkeztu diguten dokumentua orain arte esan duguna berrestera dator: Erriberako bizilagunontzat, eguneroko bizitza bertan egiten dugunontzat, etorkizunak etorkizun izaten jarraituko du, “inoiz iristen ez den eta iristea espero ez den” hori, hain zuzen ere.
Eneko Herran Lekunberri eta Jose Morales Belda, Deustuibarrako auzokideak