2010ean Bizkaiko Probintzia Entzutegiak hiru sexu-abusu delitugatik zigortu zuen Paul Abasolo, 2006 eta 2007 urteetan hiru neska gazteri ukituak egitea leporatuta. Hiru eraso horiengatik guztira hiru urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zioten. Deustuko mugimendu feministaren arabera, "hiru hauek ez dira bere historialean sexu eraso bakarrak. Guztira bost sexu-delitugatik izan da salatua, beste bietan bera izan zela frogatu ezin izan bada ere".
Abasolo futbolari ezaguna den arren, eraso eta epaiketek "oso oihartzun gutxi" izan dute komunikabideetan feministen esanetan. "Seguruenik bere familiaren diruak zeresana izan du horretan". Abasoloren familia Durangaldeko harrobi baten jabe da. Horregatik "ez zen kasualitatea izan" 2011n Espainiako Gobernuak indultatua izatea". Abasolori zigorra murriztu zioten. Aske geratu zen 30.000 euroko bermea ordainduta.
Ordutik futbol taldez talde ibili da jokatzen eta tokian tokiko mugimendu feministen salaketa jasotzen. Erasotutako nesken eskubideak aldarrikatzea eta diruaren truke lortutako barkamena kaleratzea izan da feministen xedea. "Diotenez, bergizarteratuta dago, eta ez dugu bere aurrekari penalengatik diskriminatzeko eskubiderik. Baina non geratu dira berak erasotutako nesken eskubideak, dirutruke barkatu badute?".
2015ean Durangoko mugimendu feministako kide bat irain egiteagatik salatu zuen Abasolok. Absolbitua izan zen. "Biktima bezala" azaltzeko estrategiatzat jo zuten gertakaria feministek. Ez daude Abasolo "barkatzeko eta ahazteko prest", ezta Abasoloren inguruko lagunen jarrera ere: "Ez dugu onartzen erasotzaile bat futboleko ikur bilakatzea, ez dugu onartzen jendarteari transmititzen zaion mezua emakumeok erasotzea hainbesterako ez dela izatea. Erasotzaileak babesten dituena konplizea da".
Elkarretaratzea
Deustuko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du larunbatean, irailak 3, 16:30 eta 17:15 bitartean Etxezuri futbol zelaiko goiko atearen parean, "ez diogu herriz herri besterik gabe jokatzen joan dadin utziko! Erasorik ez erantzunik gabe" lelopean.