Ikasleen artean, giza-harremanak/pertsonak dira euskara ikasteko arrazoi nagusiak: lagunekin euskaraz komunikatzeko, seme-alabekin euskaraz bizitzeko, bilobekin euskaraz egiteko... ingurukoekin harremanetan jartzeko, hain zuzen. Haien eguneroko bizitza euskalduntzeko asmoa duten horiek AEKn euskara irakasteko "modu afektiboa" aurkituko dute. "Bost hamarkada daramatzagu pertsonekin aritzen, bizipenen eta harremanen munduan murgilduta, eta, beraz, erabileran oinarritutako metodologia aintzat hartuta, bizi-esperientzia aparta biziko dute, eta lortuko dute etxeko eta inguruko harremanak euskaraz izatea", adierazi du Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak.
Gainera, euskara ikasteko "modu efektiboa" ere aurkituko dute herritarrek, laneko egoera eta kurrikuluma hobetzeko maila egiaztatu nahi dutenak, hain zuzen. Inguruko harremanen garrantzia aparte utzita, horixe baita gaur egun euskara ikasteko bigarren arrazoi nagusia.
Beraz, matrikulazio aroan murgilduko dira herritarrak hurrengo egunetan: informazioa ematea, eskaerak artatzea, matrikulak bideratzea, taldeak eratzea... "Prozesu hotz eta mekanikoa dirudi; bai, matrikulazioaren arlo hori hola ere izan bada: fitxak gora eta behera, matrikulak kudeatzea, agiriak... Hala eta guztiz ere, AEKrentzat gizarte eraldatzen jarraitzeko une garrantzitsuenetako bat da".
Hitzordu ugari
Merte Mujikak zenbait kontu azpimarratu nahi izan ditu gaurko agerraldian. Batetik, erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunitateek..) diru-laguntzak ematen dituztela; horien artean, zuzenki aipatu ditu "urrats berriak eman dituzten" Bizkaiko Aldundia (deskontu bonuak ezarrita), Arabako Aldundia bera, edota Iruñeko Udala. Beste aldetik, HABEren maila gainditu duten ikasleek "Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza eska dezaketela".
Diru-laguntzen informazio hori, ikastaroena, hizkuntza-agiriena eta bestelakoa AEKren webgunean www.aek.eus aurki daiteke. Bestalde, hurrengo egun eta hilabeteetako hainbat hitzordu aurreratu ditu Mujikak, besteak beste, hilaren 8an, HABEren ikasturte hasierako ekitaldia, hilaren 21ean, Iruñean izango den euskara ikasleen besta, eta, irailaren 22an, Durangon, Abarrak Euskaltegiaren inaugurazioa. Eta, "adi" erantsi du. Azaroan 20. Korrikaren aurkezpena egingo du AEK-k.
Eskaintza
Euskara ikasi eta hobetu nahi duen jendearentzat tresna eta baliabide ugari eskaintzen du AEK-k.
• 100 euskaltegik baino gehiagok osaturiko sarea, Euskal Herri osoan. Hiriburuetako euskaltegi sarea indartu du AEK-k
• Urte osoko barnetegia Foruan
• 400 irakasle
• Euskalduntze ikastaroak, maila eta ordutegi guztietan
• Titulu homologatuak eskuratzeko ikastaroak
• Ikastaro trinkoak
• Autoikaskuntza
• On-line eskaintza
• Ikaskuntza konbinatuan (aurrez aurrekoak+norberak bere kasa egitekoak) urrats berriak emango ditu AEK-k hainbat euskaltegitan sistema hori ezarrita.
• Xede bereziko taldeak eta egitasmoak
• Mintzapraktika egiteko jarduerak
• Euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko zerbitzua
• AIZU! aldizkaria
• Itzulpen eta zuzenketa zerbitzua