Filosofia "ezinbestekoa" dela deritzote Filosofiaren defentsan ari direnek. Gazteek izaera "autonomo, kritiko eta gogoetatsua" gara dezaten ezinbestekoa. Izan ere, "galderekiko maitasuna dogmatismo zein inertzia sozialaren aurkako antidotoa da" Filosofia.
Agora Filosofia Elkarteko kideek kezka horri aurre egitea erabaki dute. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari Filosofia ikasgaiarekiko "jarrera aldatzea" eskatzeaz gain, Filosofiarekiko "estimua" herritarrekin partekatzea erabaki dute. Horretarako Bilbo, Donostia eta Gasteizen hitzaldiak antolatu dituzte. Mahai inguru formatuko saio horietan arlo ezberdinetako pertsonak, fisikatik literaturara, parte hartuko dute.
Lehengo saioan, gaur, hilak 9, Deustuko Bidarte udaltegian 19:00etan, Pedro Miguel Etxenike (Fisikatik), Jose Arregi (Mistikatik), Teresa Maldonado (Gizartegintzatik) eta Pako Aristi (Poesiatik) arituko dira Filosofiaren defentsan.
Bilbo: irailak 9, 19:00etan, Bidarte Udaltegia, (Deustu). Pedro Miguel Etxenike (Fisikatik), Jose Arregi (Mistikatik), Teresa Maldonado (Gizartegintzatik) eta Pako Aristi (Poesiatik). Euskaraz.
Gasteiz: irailak 16, 20:00etan, Artium, Sergio Prego (Artetik), Daniel Innerarity (Filosofiatik), Enrique Zuazua (Matematikatik), Mari Carmen Gallastegui (Ekonomiatik). Gazteleraz.
Donostia: irailak 23, 19:00etan, Koldo Mitxelenan. Agustin Arrieta (Filosofiatik), Garbiñe Biurrun (Zuzenbidetik), Xabier Galardi (Erlijio Mitologiatik), Ahoztar Zelaieta (Kazetaritzatik). Euskaraz.