Luis Ortiz Alfau milizianoaren txanda

prestaldizkaria 2016ko ira. 26a, 09:06
Irailaren 16an Gernikako epaitegian egindako elkarretaratzea (argazkia: @Antifaxismoa)

Uztailean Deustuibarrako Jose Moreno gudaria izan zen lekukotza eman zuena Frankismoaren aurkako Argentinako kereilaren barruan. 97 urteko Morenok Servini epaile argentinarrak igorritako galderei erantzun zien Barakaldoko epaitegian. Gaur, hilak 26, San Inazioko Luis Ortiz Alfau milizianoari hartuko diote deklarazioa Bilbon. Ortiz Alfauk 100 urte beteko ditu urrian. 

Euskal Herrian, guztira, zazpi testigantza jaso dira Frankismoaren aurkako Argentinako kereilaren barruan. 2014an lau eta 2016an hiru. Azken horietako bat izan zen Deustuko Erriberan jaioa den Jose Moreno gudariarena. Zortzigarren lekukotza izango da gaur goizean Luis Ortiz Alfauk emango duena Bueno Aires kaleko auzitegian.

San Inazioko auzotarrak deklaratzen duen bitartean, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideek elkarretaratzea egingo dute epaitegien atarian, 11:30ean.

Arinago, beste ekitaldi bat egingo dute. 11:00etan Espainiako Armadak Bilbon duen komandantzian elkartuko dira, Udondo kargaontziko 42 marinelak omentzeko. Galizian zeudela atxilotu zituzten, eta fusilatu. Tartean zegoen Morga herriko Teofilo Zorroza Gezuraga. 

  

Luis Ortiz Alfau

Urrian ehun urte beteko ditu San Inazioko Luis Ortiz Alfau milizianoak. Izquierda Republicanaren Casero Kapitaina Batailoian eman zuen izena, estatu kolpea jo eta berehala. Legutio, Otxandio eta Intxortako fronteetan borrokatu zen, eta Bilbo erori zenean Kantabrian ibili zen. Gerora, Eskiatzaileen Batailoian eman zuen izena, eta Kataluniako Pirinioetan borrokatu zen, frankisten aurka. Gurseko (Frantzia) errefuxiatuen gunean egon zen, Bilbora itzultzea erabaki zuen arte. Baina Irunen (Gipuzkoa) atxilotu zuen Guardia Zibilak. Deustuko kontzentrazio esparruan egon zen; baita Miranda Ebrokoan ere (Gaztela eta Leon, Espainia). 1940ko udan, behartutako lanak egiteko izena ematera derrigortu zuten.

 

Hurrengo pausoa: Tasio Erkizia eta PCEko kide baten lekukotza

Plataformako kideek espero dute aurki Tasio Erkiziaren eta PCE Espainiako Alderdi Komunistako militante torturatu baten lekukotzak jaso ahal izango direla.

 

Iturria: berria.eus