Horrelakoetan ez da beti gustura egon, barruan dauzkan pertsonaia ugariren artean, bat behintzat, lotsatia baita. Mundu zabalean ibili eta musikarekin bizi nahi duenez, une egokia ez bada ere, zaleekin argazkiak atera behar dituela ondotxo daki. Intimitatea eta ezagutza nahi ditu, biak, eta horrek zalantza sortzen dio. Zalantza argitu bitartean erabaki du betaurrekoekin babestea eguneroko Lore Mad Muasel dansall musikariarengandik.
Leku askotan sartuta duzu muturra. Zerk definitzen zaitu?
Egiten dudanak. Musika egiten dut. Zer naizen, orduan? Musika naiz. Musika klasikoa eta garaikidea egiten ditut. Une honetan Pedagogia Musikala ikasten nabil Musikenen. Liriko eran kantatzen irakasten didate teknika ona izateko. Kantu irakasleak nahi du nire ahotsa zorrotzagoa izatea eta nik baxuagoa izatea, gustuko dudan dansall estiloan kantatzeko. Beraz, bai musika klasikoa bai garaikidea naiz.
Musika bizitzeko modu gisa aldarrikatzen duzu. Zergatik?
Kuban egon nintzen eta han behin eta berriro errepikatzen zuten “hija, las penas se bailan”. Eta hori egia da. Arazoren bat daukadanean edo lo egin ezinda nagoenean musikarekin lasaitzen naiz. Batzutan erritmo baten gainean idazten dut, eta horrek hobeto sentiarazten nau. Musika nire terapia da, nire psikologoa.
Irakasle moduan eskarmentua daukazu.
Magisteritza Musikalean graduatu nintzen, eta 18 urte nituenetik musika irakasle lanean ibili naiz musika eskoletan. Musika irakastea eta aldi berean Mad Muasel proiektuarekin musika egitea dira nire bizitzako eginkizunak. Munduan zehar kontzertuak ematea nahi dut nire musikarekin biziz.
Nor da Mad Muasel?
Barruan daukadan lehoia. Nire alter ego-a.
Dansall musika estiloa egiten duzu. Zelakoa da zehazki?
Dance (dantza) eta hall (kontzertu-areto) hitzen elkarketa da dansall. Jamaikan sortu zen eta handik mundu osora zabaldu da. Abestiek dantzatzeko erritmoa dute eta hitzetan eguneroko bizimodua azaltzen dute. Kantariek euren bizitzaz hitz egiten dute. Jamaikako mezuak ez du nirearekin zerikusirik, han bizimodua bestelakoa delako. Jamaikarrek batez ere titi, ipurdi eta larrua jotzeari buruz abesten dute.
Eta zure abestiek zeri buruz hitz egiten dute?
Nahi dudanari buruz. Gaur, adibidez, abesti bat egin dut bikotekidea ez izateari buruz. Ez du axola bikotekiderik ez baduzu. Nire lagun asko, emakumeak batik bat, triste egon ohi dira bikotekide gabe. Ez da ezer ere gertatzen bakarrik egonez gero eta, gainera, sekula ez gaude bakarrik, hortxe dugu gure burua. Beste abesti batean womanpowah gaia aipatzen dut.
Zer da womanpowah?
Mikrofonoa hartzean emakumeek daukaten magia. Mutilak izaten dira ia beti mikrofonoa esku artean dutenak. Horregatik emakume batek mikroa izateak publikoaren arreta deitzen du. Desberdintasunak arreta deitzeko gaitasuna duelako. Geroz eta emakume gehiago gara.
Geroz eta gehiago hobe?
Gauza ona da geroz eta emakume musikari gehiago izatea. Mugimenduak parekidea izan behar du gizon eta emakumeentzat. Estatu mailan mikroa hartzen duten emakumeen kontaktu bila hasi nintzen Interneten. Pentsatzen jarrita lauzpabost baino ez zitzaizkidan bururatzen, eta 45 helbide elektroniko aurkitu nituen. Harrigarria da. Arreta jarriz gero, emakumeen mugimendu handia dagoela ohartzen zara, baina aparte dago.
Bat egin duzu #SinMujeresNoVoy egitasmoarekin. Zer da?
Musika jaialdietako kartelak aztertzen dituen egitasmoa. Festibal gehienetan ez dago emakume musikaririk edota bakarra dago. Horrelakoetara ez joan. Egoera hori da orekatu behar dena.
Aste Nagusian Las Tea Partyk lagun giroan emandako kontzertua da emakumeen mugimenduaren adibide?
Hasi nintzenetik ibili naiz emakume DJ baten bila. Gau hartan, Europa Parkeko eszenatokian, inflexio-puntua ezarri genuen. Atzerantz begiratzean, bi emakume DJ zeuden. Emakumearen eguna izan zen. ‘Hau errepikatu behar dugu’ esan nien, eta errepikatuko dugu.
Womanpowah proiektua da errepikatzeko duzuen hori?
Bai, elkarlanean hasi dugu womanpowah proiektua. Lorea Argarate eta biok erritmo bat sortu dugu eta estatuko panorama osora zabaldu dugu. Madriletik deitu digute azaroaren 12an kontzertu bat emateko. Womanpowah bezala joango gara Las Tea Party, Bitter Sweet eta Mad Muasel. Ea zelan funtzionatzen duen.
Kaixo konpartsaren eszenatokian ere abestu duzu aurtengo Aste Nagusian.
Jendea adi zegoen, dantzatzen, nire mezuei erantzuten. Oso sentipen polita da. Eta ez naiz profeta nire herrian.
Non zara profeta?
Mexikon. Arianna Puellori koroak egiteko lagundu nion Mexikora, eta han nengoela konturatu nintzen jendeak nire musika ezagutzen zuela. Facebooken, esaterako, ia nire lagun gehienak mexikarrak edota Latinoameriketakoak dira. Han fanatikoagoak dira.
Abesti asko egin dituzu zure hirugarren lan luzerako (‘Oh La La’, 2010 - ‘Bomba ácida’, 2012). Noizko lan berria?
Urdulizko T4 estudioan ibili naiz. Novatok erritmo asko egiten ditu, eta gustuko ditudan erritmoak hautatu eta testuak idatzi ditut. Une honetan ekoizle frantses batekin ari naiz lanean. Oso soinu freskoa du, musika bizia da, saxoa, tronpeta… Bi album kaleratzeko beste abesti grabatuta ditut, baina nahasketa falta dute. Nahasketaz arduratuko den ekoizlearen zain nago. Ez dakit lan berria noiz kaleratuko dudan, ez baitago nire esku. Ez dut presarik. Orain, formakuntza unean nago.
Ezagun izan nahi duzu, baina ez duzu osperik nahi. Dilema latza.
Mexikotik etorri nintzen ospea gustuko ez dudala pentsatuz. Musikatik bizi nahi dut, baina metroan liburu bat irakurri nahi dut inork ezer esan gabe. Baina ezinezkoa da. Ezin duzu beti gogotsu egon zaleekin argazkiak egiteko. Egin behar duzu, zure lana delako. Horregatik daramatzat betaurrekoak kontzertuetan. Maskara bat eramatea pentsatu nuen, baina ezin dut maskararekin arnasa ondo hartu. Ikasi behar dut bat-batean norbaitek ‘Mad Muasel argazki bat mesedez’ esaten didanean txipa aldatzen.
Eszenatokian lehoia, eta eszenatokitik kanpo lotsatia zara.
Unearen arabera lotsatia naiz. Pertsonaia asko ditut nire barruan. Horietako bat da Mad Muasel. Gainerako asko ez ditut ezagutzen oraindik.
Zelako eszenatokiak dituzu gustuko?
Leku handiak eta publikoarengandik hurbil dauden eszenatokiak. Eszentokitik jaitsi nahi badut jaitsi ahal izatea gustatzen zait. Entzuleak hurbil izatea eta aldi berean espazioa izatea. Leku txikietan xehetasun guztietaz ohartzen naiz, eta arreta galtzen dut.
Zelan dago musikaren panorama?
Dansall musika geroz eta gehiago entzuten da. Irratian ere entzun daiteke, baina irratian tropical house deitzen diote.
Zerk sutzen zaitu?
Musikarekiko aurreiritziek. Jende askok esaten du “el reggaetón es lo peor” hainbat letra oso matxista direlako. Orokortzeak sutan jartzen nau. Musika mota guztiak onak dira. Norberak hautatu behar du gustuko duen lirika. Jendearen pentsamendua aldatu behar da. Nire emanaldietarako bi reggaetón erritmo aukeratu ditut, eta badakit askok zer esango didaten. Gustuko ez badute ez dezatela entzun eta kito.
Zer aholkatuko zenieke musikazale gazteei?
Musika egin nahi badute egin dezatela. Hasieran zaila da hastea, ez baitakizu zelan egin. Mugituz gero, kontzertuetan adibidez, zu bezalako jendea ezagutuko duzu, elkarlanean gauzak errazagoak dira. Jarrai ditzatela euren ametsak.