“Kristoren erronka da” Koldo Olabarri aktore gaztearentzat Chichinabo cabaret-ean parte hartzea. Jon Casamayor aktorea ordezkatuko du aurrerantzean. “Nik ez dut entsegu arruntik izan gainerako aktoreek bezala”. Gainera, obra “zaila” da, “oso koreografikoa eta korala” baita. Hori dela eta, erronka.
Felipe Loza obraren testu egile eta zuzendariaren “konfidantza” lortu du Koldok. Kabareteko pertsonaia bat ordezkatzeko aktore bila zebiltzala, beren-beregi Koldorengana jo zuen Felipek, lan zaila zela jakitun, eta harro sentiarazten du horrek.
Pabellon 6era hurbiltzen diren lagunak hipnosi saio baten lekuko izango dira. Izan ere, Chichinabo doktoreak gazte baten buruko neuronak aztertzen ditu. Gaztea ‘nini’ bat da. Ikasten ez duena eta lanik egiten ez duena. Buruan dituen neurona guztien artean, zoroena Xoxy izenekoa da. Koldok antzeztua. Beste pertsonaia bi ere gorpuzten ditu Koldok, baina nahiago du azalpen gehiago ez ematea publikoari “sorpresa” ez zapuzteko.
Hamaika dantza eta kantu taularatuko dituzte Sestaoko Alejandro protagonistak, Doraemonzale amorratua, bere neuronek eta tarteka agertzen diren hainbat pertsonaje bitxik.
Gidoiak egungo gaztediaren zati bat islatzen du. Kabaretak berea duen kritika sozial dosi eta guzti. “Si te quitan libertad mueve tu culito, si te quitan las pensiones mueve tu culito kantatzen dugu amaieran. Azkenean zuzenean aipatzen dugu obran zeharka esandakoa. Cabaret Chihuahua-k bazuen ikutu politikoa eta honek ere badauka. Hori da antzerkiaren ezaugarri interesgarrienetakoa”, Koldoren iritziz. “Protesta eta kritika egiteko eskaintzen duen zeharkako modua, konturatu gabe publikoari iristen zaiona”.
Aste Nagusiarekin batera bosgarren urteurrena bete du Pabellon 6ek eta era berean seigarren denboraldia hasi du. Bertako gazte konpainiako kide izan da sei hilabetez Koldo. Aktore gazteei lan aukera bat ematea du xede konpainiak. “Orain baino lehen ez zegoen horrelakorik. Ramon Bareak Bilboko Udalaren eta Lanbideren laguntzak lortu zituen arte aktore gazteek lan kontratua eta soldata izan genezan urte erdiz. Gazteok amateur izan behar dugula dirudi, baina gu ere profesinal izan gaitezke. Barearen arabera, gazteei daukaten garrantzia eman behar zaie”.
Konpainiaren sei hileko lanaren emaitza Romeo y Julieta antzezlana izan zen. Urtarrilaren amaieran estreinatu zuten. Hilabete eta erdi luzatu ziren funtzioak. “Oso obra polita da. Gainera, Barearen zuzendaritzapean primeran joan da dena. Pabiloia ia gauero beteta zegoen, eta hori jende askorentzat sopresa izan da”.
Ez da ohikoa lan kontratua eta soldata aktore gazteen egunerokoan. Lan baldintza duinak izatetik urruti daude. Konpainia askok ez dituzte entseguak ordaintzen. “Doan hilabete eta erdi lanean egon ostean ‘boloak’ ordaintzen dituzte”. Koldoren azken esperientzietako bat horrelakoa izan da. “Ikasten lan handia egin dut egun bateko ordezkapenerako”. Dirutan, lau hilabate beranduago, antzezpenagatik baino ez du kobratu. “Ramonek –Barea– guzti hori aldatu nahi zuen. Garrantzia eman nahi dio gazteen lanari. Konpainiari jarraipena ematea lortu du”. Epe laburrean jarriko da martxan gazte konpainiaren bigarren belaunaldia hamar bat gazterekin.
Izan du esperientzia onik ere. Esaterako, Demetrio Elorz zuzentzen ari den Jokoaren arauak laburraren errodajean. Besteak beste, oraingo honetan Segurantza Sozialean alta emanda dagoela nabarmentzen du. Eskamak kentzen (ETB-1) telesailean egin zuen lanari esker lortu du Eneko Sagardoy aktorearekin partekatuko duen protagonista papera. “Oso pozik” dago, “flipatzen”, lana kateatzeagatik eta “euskal aktore gazte onena” kontsideratzen duen Sagardoyrekin lan egiteagatik. Laburrari buruz gauza handirik ezin esan dezakeen arren, kamera aurrean tenisean jokatzeko entrenatzen ari dela aurreratu digu.
Koldo Olabarri Madrilen Arte Eszenikoak ikasten ari zen Itziar Lazkanok deitu zionean Patxo Telleriak idatzitako Planteamiento, nudo y desenlace obrako pieza antzezteko. Ondoren etorri dira Romeo y Julieta eta Chichinabo cabaret. Gustura dago deustuarra etxean “proiektuak” dauzkala eta. “Ahal badut nahiago dut hemen lan egin”, dio. Eta eskatzen hasita, jarri dezala “zorte oneko boladak”.